Albert Bruce Sabin
Albert Bruce Sabin (Bialystok, Polonia, 1906ko abuztuaren 26a - Washington Hiria, AEB, 1993ko martxoaren 3a) jatorri poloniarreko estatubatuar sendagilea eta mikrobiologoa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921. urteaz geroztik Estatu Batuetan bizi izan zen. New Yorken egin zituen ikasketak eta doktoregoa 1931. urtean lortu zuen. Han egin zituen gizakiaren poliomielitisari buruzko lehenengo lanak. Ondoren New Yorkeko Bellevue Hospitalean lan egin zuen eta Londresko Medikuntzako Lister Institutuan ere bai. 1935ean New Yorkeko Rockefeller Institutuan sartu zen, handik bi urtera pediatria-eskolak ematen hasi zen Cincinnatiko Unibertsitatean eta 1974an Charlestonen (Hego Carolina) egon zen.
Poliomielitisaren birusaren hazkundea gizakiaren nerbio-ehunean in vitro frogatzen lehena izan zen, eta baita birus horren jatorrien kontrako ahoko txerto bat lantzen eta lortzen lehena ere (bazen beste bat Jonas Salkek garatua intramuskularra, baina ahozkoa emateko errazagoa zen eta bizitza osorako babesa ematen zuen[1], biek ala biek ez zuten haien txertoa patentatu mundu guztiarengan irits zedin[2]). Sabinek frogatu zuen, orobat, infekzioa digestio-aparatuaren bidez zabaltzen zela, eta ez arnasbideetatik. Poliomielitisaren kontrako txertoa Estatu Batuetan erabili zen gizakietan eritasun hori eragiten duen birusaren kontra. Beste eritasun biriko batzuen kontrako txertoak era aztertu zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ López Tricas, José Manuel. (2015-09-05). La Vacuna Oral Contra la Polio: Albert Sabin. In Info-Farmacia.com. .
- ↑ Bernardo, Ángela. (2013-08-12). Por qué Jonas Salk no quiso patentar vacuna contra la polio. In Hipertextual. .