Edukira joan

Topiaria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arnaga etxeko lorategia (Kanbo).
Puppy (Jeff Koons artistarena), Guggenheim Bilbao Museoa.

Topiaria edo arte topiarioa (latinez Ars topiaria) landareei, inausketaren eta beste tekniken bidez, forma artifizialak eta artistikoak emateko artea da[1]. Landare bizietan egindako eskulturaren antzekoa da arte hau. Inausketa laguntzeko, batzuetan lorezainak elementu metalikoak erabiltzen ditu landareen hazkuntza gidatzeko, eta inauskaiei laguntzeko sokaz, plomuz eta txantiloiz baliatu daiteke.

Landareei askotariko itxura eman dakieke: forma geometrikoak (piramidea, konoa, zilindroa, paralelepipedoa, etab.), arkitektonikoak (arkuak, zutabeak, hormak, etab.) edo fantasiazkoak (animaliak, pertsonaia errealak edo alegiazkoak, etab.). Heskaia topiaria forma sinple bat da, batez ere mugak, hormak edo pantailak sortzeko erabilia.

Hitza latinetik dator, apaindurako lorezain paisajistatik (topiarius), hau da, "toki" edo topia sortzailea (grezierazko τόπος, topos, "tokia"), fikziozko barne-paisaiak freskoan egiten zituztenentzat ere erabilia.

Europako arte topiarioa Antzinako Erromaren garaian agertu zen. Virgiliok bere Georgikak lanean deskribatzen du eta Plinio Gazteak bere Gutun batean aipatzen[2].

Erdi Aroan, topiaria desagertu egiten da, lorategiak beste forma batzuk hartzen baititu. Ezpelak edo zuhaitz inausi bakan batzuek bakarrik mugatzen dituzte monasterioetako lorategi itxiak. Ondoren, italiar Pizkundeak, arte hau berpiztu zuen, Antzinateko beste hainbat elementu bezala. Mantuan 1485 inguruan zirrimarratua, Aita Santuek bere gain hartu zuten arte hau garatzeko hautua. Inflexio puntua 1503an izan zen, Bramantek Vatikanoko Belvedere lorategietarako hiru terraza handiak diseinatu zituenean. Italiar arkitektoak ez ditu soilik landare-eskulturak eta parterre geometrikoak erabiltzen, baizik-eta lorategi bat (opus topiarium) bururatzen, zeinak poesiak eta paisaia-margolanek deskribatutako leku bat irudikatzen duen. Gerora, aristokratek lorategi honen planoa egokitu zuten Erromako eta inguruetako landetxeetara[3].

Philibert Delormek italiar estiloa teorizatu eta praktikan jarri zuen Frantzian XVI. mendearen erdialdean. Jacques Boyceauk, Luxenburgoko lorategia sortu zuenak 1615ean, eta gero bere oinordekoek, Claude Molletek eta André Le Nôtrek, arte hau garatu zuten hainbat elementu ezarriz: parterre konpartimentudunak, broderiazko parterreak, arkuak, kolomadiak, sehaskak eta labirintoak. Frantses lorategietako urrezko aroa, topiaria barne, XVII. mendean izan zen.

XVIII. mendetik aurrera, ingeles lorategien hedapenarekin, itxuraz naturalagoak eta geometria organikoetan oinarrituak, arte topiarioa ahaztarazi zuen. Hala ere, erregezko lorategi askok kontzeptu mistoa gorde zuten: bizitegitik hurbil erregularra (frantsesa) eta hurrunago naturala (ingelesa). Oraindik ere mantentzen dira lorategi mota horietan arte topiarioarekin landutako landareak. Gaur egun lorategi mota guztietako osagai izatera heldu dira[4].

Ekialde Urrunean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaixkak eta zuhaitzak zehaztasun berarekin moztu eta eratu izan dira Txinan eta Japonian, baina beste arrazoiengatik. Helburua izan da pinu zaharren itxura "naturala" modu artistikoan lortzea, haizeak eta eguraldiak eratua bezala. Egintza honen erakusgarri dira txinatar penjin eta japoniar bonsai arte senidetuak.

Japoniako hodei-inausketa Europako artetik gertuen dagoena da: hodei itxurarekin inausitako hazkuntza formak, diseinatuak daude batez ere elurtearen ondoren hobeto ederrestuak izateko. Zen lorategi japoniarretan (karesansui, harri lehorren lorategiak) askotan erabiltzen dira Karikomi (zuhaixkak eta zuhaitzak forma kurbo handietan inausiak) eta Hako-zukuri (kutxa itxuran eta lerro zuzenetan inausiak).

Lorategi topiarioa landare ugarik osatzen duten lorategi mota bat da, batez ere hosto iraunkorreko landare zurkarak, hosto txikiekin eta eite trinkoarekin.

Ezaugarri horiekin gehien erabiltzen direnak dira hagina (Ilex espezieak) (eta ezpela (Buxus sempervirens), baina baita ereinotza (Laurus nobilis), altzifrea (Cupressus espezieak) eta huntzak (Hedera espezieak) err. Tuia (Thuya espezieak), mirtoa (Eugenia edo Myrtus espezieak), arbustua (Ligustrum espezieak) eta gartxua (Phillyrea espezieak) ere erabili izan dira[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lorezaintza hiztegia. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia 2019 ISBN 978-84-457-3481-0. (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
  2. (Ingelesez) Michael Weishan. (1999). The new traditional garden. Ballantine Publishing Group..
  3. (Frantsesez) Georges J. Aillaud. (1999). Le jardin: entre science et représentation. Éditions du CTHS..
  4. (Frantsesez) Anne-Marie Eyssartel, Bernard Rochette, Jean Baudrillard. (1992). Des mondes inventés. Editions de la Villette..
  5. Rapport d'activité 2008 - Château de Versailles, 102 or.
  6. (Ingelesez) Miles Hadfield, Topiary and Ornamental Hedges (Londres) 1971.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]