Edukira joan

Zerga arrosa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emakume bat arrosa koloreko depilatzeko xafla erabiltzen hanketako ileak mozteko: gizonentzako depilatzeko xaflen berdin-berdina da, salbu eta koloreagatik eta, seguruenik, prezioagatik.

Zerga arrosa, frantsesez taxe rose eta gaztelaniaz impuesto rosa, esaten zaio emakumeen eta gizonen produktu eta zerbitzuen prezioen aldeari, eta gehienetan emakumeen kalterako izaten da. Emakumeentzako produktuek maiz arrosa koloreko bilgarriak dituztelako deitzen da horrela; izan ere, kolorea bera izan daiteke gizonentzako produktuekiko ezberdintasun bakarra.

Horrekin loturik dago, halaber, tanpoien zergaren inguruko eztabaida (informazio gehiago aurrerago): tanpoiak eta konpresak behar-beharrezko produktutzat hartu behar ditugu? Emakumeen higienerako ezinbestekotzat joz gero, oinarrizko produktuei aplikatzen zaizkien salbuespen fiskal berberak aplikatu beharko litzaizkieke zerga orokorretan.

«Zerga arrosa» kontzeptua 1990eko hamarkadan agertu zen lehen aldiz Kalifornian, woman tax izenarekin. 1996an, AEBko gobernuak praktika hori debekatu zuen. Baina, 2012an, Forbes aldizkariko galdetegi bati esker honako hau egiaztatu ahal izan zen: Estatu Batuetako emakumeek urtean batez beste 1.400 dolar gehiago ordaintzen dute produktu berdinengatik gizonek baino, eta hori generoaren marketinean oinarritzen den prezio-politikagatik da.[1] Ez da produktuekin bakarrik gertatzen, baita zerbitzuekin ere: 2013an, ile-apaintzaile daniar bat diskriminazioagatik zigortu zuten, izan ere, emakumeei gehiago kobratzen zien gizonei baino, nahiz eta egin beharreko lana berbera izan kasu bietan. Europan, Georgette Sand kolektibo frantziarrak salatu du praktika hori, eta Frantziako gobernua presionatu zuen arazoaren aurrean zerbait egiteko.[2]

Zenbait herrialdetako erakundeek aztertu izan dute fenomeno hau; besteak beste, Condusef (Mexiko), SERNAC (Txile), la Defensoría del Pueblo de la Provincia de Buenos Aires (Argentina) edo FACUA (Espainia) erakundeek. Haien gomendioa da erosketa egitean mota horietako produktuak erosi beharrean, neutroak erostea.

2015ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan landu zen gaia, Ahal Dugu alderdi politikoak aurkeztutako mozio baten harira.[3]

Tanpoien zerga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tanpoien zergak hilekoan beharrezkoak diren produktuek izan ohi dituzten zergari egiten dio erreferentzia. Hainbaten ustez tanpoiak, konpresak eta antzerako produktuak behar-beharrezkoak dira hilekoa dutenentzat, eta beraz, era horretako produktuek BEZ murriztua izan beharko lukete, ez gaur egun duten BEZ altua.

Adibide bat jartzearren, kondoiak ez bezala, tanpoiak behar-beharrezkoak dira. Alabaina, eskoletan, unibertsitateetan, medikuen kontsultetan edo erietxeetan kondoiak doan izan ohi dituzte, ordea, ez da gauza bera gertatzen produktu menstrualekin. Horrek gainera, eragin handia du pobrezian edo ia pobrezian dauden emakume eta neskengan, askotan ez baitute dirua haiek erosteko.

Bestalde, Frantzian, 2015. urtean, Georgette Sand kolektiboak tanpoi eta konpresen BEZa %20tik %5,5era jaisteko eskatu zuen, eta, kostata bada ere, urte hartako abenduan legez onartu zen.

Espainian ere saiatu dira horri aurre egiten: Carmen Olmedok, Malagako PSOEko diputatuak, murrizketaren aldeko proposamena egin zuen, eta beharrezko produktuen zergara, hau da % 4ra, jaisteko eskatu zuen. PPk ordea, uko egin zion proposamenari, eta ondorioz, ez da aurrerapausorik eman.[4]

Zerga arrosaren eragina produktuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Generoaren araberako prezio bereizketa horrek askotariko produktu eta zerbitzuri eragiten die, adibidez: depilatzeko xaflei, desodoranteei, hortzetako pastei, boligrafoei… Ile-apaintzaileek eta arropa garbitegiek, adibidez, orokorrean emakumeei gehiago kobratzen diete, nahiz eta ilea edo arropa gizonenaren antzekoa izan. Prezioen desberdintasuna hain izan daiteke handia, ezen gizonek halako bi ordaindu dezakete emakumeek.[5]

Bestalde, prezioen arteko alde hau ez da helduentzako produktuetara mugatzen, eta higienerako eta gorputzaren zainketarako produktuetatik harago mota guztietako produktuei eragiten die: hala nola, jostailuei, eskolarako tresnei eta jantziei.

Marketineko adituen iritzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerga arrosari buruz galdetu zaienean, marketineko adituek esan izan dute praktika horren helburua emakumeei «aparteko» bezeroak direla sentiaraztea dela, eta merkatuaren segmentazioa normala dela.[6] 2015ean, kazetaritzako agentzia batek «zerga arrosa» kontzeptua zalantzan jarri zuen, egon badaudelako emakumeentzako produktuak baino garestiagoak diren gizonentzako produktuak ere. Monoprix marka frantsesak esaterako, emakumeen produktuak ekoiztea gizonenak ekoiztea baino garestiagoa dela esan zuen, halako bereizketak egiteagatik salatu zutenean.[7]

Euskal Herrian ere baditugu adibideak: Carrefour supermerkatuetan hortzetako eskuila arrosa beltza baino 12 euro garestiagoa da, adibidez.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) LearnVest. «The 'Woman Tax': How Gendered Pricing Costs Women Almost $1,400 A Year» Forbes (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  2. (Frantsesez) Taxe rose. 2020-05-02 (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  3. Legorburu, Eskeine. «Emakumeenak garestiagoak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  4. (Gaztelaniaz) CONSUMER (https://www.consumer.es/),+EROSKI.+El IVA de compresas y tampones aporta a las arcas del Estado 42 millones de euros. (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  5. (Frantsesez) «Taxe Rose : ces produits mixtes qui sont plus chers quand on est une femme» Marie Claire (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  6. (Frantsesez) «La "taxe rose" sur les femmes: vrai scandale ou simple loi du marché?» LExpansion.com 2014-11-03 (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  7. (Frantsesez) «Journée internationale des droits des femmes: La «taxe rose», vrai scandale ou fausse alerte?» www.20minutes.fr (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  8. (Gaztelaniaz) CONSUMER (https://www.consumer.es/),+EROSKI.+Tasa rosa: un impuesto escurridizo. (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]