Zabu Erraldoia
Zabu Erraldoia | |
---|---|
เสาชิงช้า | |
Kokapena | |
Herrialdea | Thailandia |
Hiria | Bangkok |
District of Bangkok | Phra Nakhon District |
Khwaeng | Sao Chingcha |
Koordenatuak | 13°45′07″N 100°30′05″E / 13.751828°N 100.501272°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1784 |
Ondarea | |
Webgune ofiziala | |
Zabu Erraldoia (thailandieraz: เสาชิงช้า, Sao Chingcha, sǎw t͡ɕʰīŋ.t͡ɕʰáː ahoskatua) izaera erlijiosoa duen monumentu bat da Phra Nakhon barrutian (Bangkok) dagoena, Wat Suthat tenpluaren aurrean. Brahma jainkoaren omenezko zeremonia batean erabili izan zuten zabuka arituz zenbait fededun bertan. Bangkokeko atrakzio turistikoetako bat da.
Zabuaren zeremonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zabuaren zeremonia Ilargi Urte Berriarekin batera egiten zen, Indiatik eraman zutelarik ohitura Thailandiara hinduistek. Zabuak toki batean baino gehiagotan jartzen ziren, baina Bangkokeko erraldoia da handiena, eta zeremonia ezagunena zuena.
Erreferentzia egiten zion erritoak Brahma jainkoak mundua sortu zuen uneari. Itsasoa eta bi mendi zabal sortu zituelarik, haien sendotasuna frogatzeko Shiva jainkoari deitu zion Brahmak, eta honek oin bana mendi tontor bakoitzean jarri zuen. Froga osatzeko naga suge sakratuen erregeari deitu zioten, honek mendiak astindu zitzan. Naga erregeak mendietara sokekin lotuta, mendiak astindu zituen, hiru astindualditan esaten denez. Shivak lurrikarei oinekin tinko eutsi zien orekan, baita oin bakarraren gainean ere, munduko lurrak ondo eta sendo eginak zirelako froga emanez.[1]
Alegia horren berregiketa izaten zen Triyampawai esaten zioten zeremonia. Lau gizon, naliwan deituak, naga sugeen sinbolo diren kapelekin, taula batean jartzen zituzten zabuka, eta banbuzko makila batean gertu zartzen zieten amu batetik zilarrezko txanponak hartu behar zituzten hortzekin. Hiru taula desberdinetan 12 naliwan aritzen ziren zeremonia bakoitzean.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zabu Erraldoia 1784an eraiki zen Rama I.a erregearen aginduz, Devasathan tenpluaren aurrean, eta hasieratik erabili zen zeremonia batzuetan zabuka aritzeko fededunak. Rama II.aren erregealdian, zeremonia eten egin zen, tximista batek zabuaren egitura kaltetu zuelako. 1920an berritu egin zuten, eta gaur egungo kokalekura eraman, gas lantegi baterako lekua egiteko. Zeremonia 1935. urtera arte egin zen toki berrian. Istripu hilgarri zenbait gertatu ondoren hartu zen erabakia.
21. mendeko zabua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste berrikuntza bat 1959an egin zen, eta 45 urtez elementuen eraginpean egon ondoren, egurrezko zutabeak kaltetuta zeudela ikusi zuten, berrikuntza osoa eskatzen zutenak. Jatorrizko zabuko enborrak Bangkokeko Museo Nazionalean gorde zituzten eta teka zuhaitzaren enbor berriekin egin zen berrikuntza 2005 eta 2006 artean.
Teka zuhaitzen sei enbor erabili zituzten. Zabuaren bi zutoin nagusikoak, 3,5 m baino gehiago dira zirkunferentzian eta 30 m baino gehiago altueran. Beste lau enbor euskarrirako erabiltzen dira, eta 2,30 metroko zirkunferentzia eta 20 metroko altuera dute. 2006ko abenduan amaitu zen lana eta zabua Bhumibol Adulyadej erregea buru zela inauguratu eta sagaratu zen ofizialki 2007ko irailean.
2005ean, Zabu Erraldoia eta Wat Suthat tenplua UNESCOren Gizateriaren Ondarerako hautagaitza gisa proposatu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) Chieh, Yow Hong. (2024-10-30). «This Giant Swing in Bangkok Is Dedicated to the Hindu God Shiva» Medium (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, Ingelesezko Wikipediako «Giant Swing» artikulutik itzuli da; zehazki, 2024-10-24ko bertsio honetatik. Izan ere, artikulu horretan aritu diren wikilariek GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentziekin argitaratu dute beren lana.