Tlaxkalteka
Tlaxkalteka (gaztelaniaz: Tlaxcalteca) Amerikako nahua taldeko nahuatl azpitaldeko herria. Egun desagerturik da tlaxkalteka baina Kolonen aurreko garaietan Mexikoko ordokian kokaturik zegoen. Lau jaurerri konfederatuetan (Tepetikpak, Okotelulko, Tizatlan, Quiahiztlan) eraturik zeuden, zeinek bere gobernua zuela eta guztiekiko arazoetan erabakiak elkar aditurik hartzen zituztela. Ez ziren inoiz azteken mende erori, nahiz eta bi herriok urte luzez elkarren aurka gudukatu ziren xōchiyaoyōtl deituriko gerra loratuetan: bi armadek borrokari ekiten zioten aurrez erabakitako egunetan eta lekuetan, bietako batek etsi arte. Kolonizatzaile espainiarrak iristean, haiei aurre egitea erabaki zuten bertako jaunek. Hernán Cortések Cholulan garaitu zituen tlaxkaltekak, baina, hala eta guztiz ere, haiek izan ziren espainiarren aliaturik leialenak; azteken aurkako kanpainan, espainiarrekin batera esku hartu eta lehengo etsaiez mendekua hartu zuten, eta geroztikako kolonizazioan ere parte hartu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.