Paul Greengard
Paul Greengard (New York, 1925eko abenduaren 11 - ibidem, 2019ko apirilaren 13a) estatubatuar neurozientzialaria izan zen. 2000ko Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen Arvid Carlssonekin eta Eric Kandelekin batera neuronetan memoria gordetzeko oinarri biologikoa ikertzeagatik.
Gurasoak juduak zituen, baina amaordea episkopaliarra zen eta Paul tradizio kristauan hezia izan zen. Bigarren Mundu Gerran Massachusetts Institute of Technologyn lan egin zuen Japoniako kamikazeen aurkako alerta sistemetan. Gerra ostean matematika eta fisika ikasi zituen Hamilton Collegen. John Hopkins Unibertsitatean graduatu zen eta neuronen funtzio molekularrak eta zelularrak ikertzen hasi zen. 1967an farmakologiako irakasle izendatu zuten Yaleko Unibertsitatean. Alzheimerren gaixotasunari buruzko ikerketetan ere parte hartu zuen.