Paul-Henri Spaak
Paul-Henri Spaak (Schaerbeek, Belgika, 1899ko urtarrilaren 25a - Brusela, Belgika, 1972ko uztailaren 31) belgikar politikaria izan zen. Belgikako Alderdi Sozialistako buruetako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1935ean, Garraioetako ministro izan zen, eta 1936-1938 urteetan Kanpo Arazoetakoa. 1938ko maiatzetik 1939ko otsaila arte, gobernuburu izan zen, eta 1939ko irailean, Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuten berriro; kargu horretan iraun zuen Bigarren Mundu Gerran (1940-1944), gobernua Londresen erbesteraturik egon zenean.
Gerra ostean, lehen ministro izendatu zuten birritan (1946 eta 1947-1949). Nazio Batuen Erakundeko lehen Biltzarreko lehendakaria izan zen; Alderdi Sozialista jarrera erreformistetara eraman zuen, eta bere ahaleginei esker, Belgika NATOn sartu zen. 1950ean, OECEko eta Europako Kontseiluko lehendakari hautatu zuten. 1954-1957 urte-bitartean, berriro Kanpo Arazoetako ministro izan zen, eta NATOko idazkari nagusia (1957-1961). 1962-1966an berriz ere Kanpo Arazoetako ministro izan ondoren, politikatik erretiratu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.