Myanmarko estatu kolpea (2021)
Myanmarko estatu kolpea | |
---|---|
Mota | Estatu-kolpe |
Data | 2021eko otsailaren 1a |
2021–2023 Myanmar protests (en) → | |
Herrialdea | Myanmar |
Parte-hartzaileak | |
Myanmarko estatu kolpea 2021eko otsailaren 1an Myanmarreko armadak (Tatmadaw) eman zuen herrialdearen Parlamentuan 2020ko hauteskundetan ateratako diputatuek karguari zin egin behar zioten bezperan. Horren arabera Demokraziarako Liga Nazioanala alderdiak boterea hartu behar zuen. Armadak, kolpearen bidez, prozesu hori moztu zuen, boterea armadari emanez. Halaber, Win Myint presidentea, Aung San Suu Kyi estatu aholkularia eta Bakearen Nobel Sariduna, ministroak eta diputatuak atxilotuak izan ziren. Armadak boterea Min Aung Hlaing estatu kolpearen aldeko komandanteari eman zion, urte beterako larrialdi-egoera ezartzen zuen aldi berean.[1]
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2020ko azaroaren 8an egindako hauteskundeetan Aung Sanen NLD alderdiak garaipen argia erdietsi zuen, 440 eserlekutik 258 eskuratu baitzituen. Militarrek babestutako USDP-k 33 eserleku soilik lortu zituen; azken hauek ustezko irregulartasunak salatu zituen hauteskunde prozesuan. Hauteskundeetan "iruzurra" egin zutela argudiaturik, armadak estatu kolpea eman zuen 2021eko otsailaren 1ean, eta herrialdearen kontrola hartu.[2]
Demokrazia ibilbide laburra izan du herrialdeak. 1962tik 2011ra militarrek gobernatu dute herrialdea. 2011tik aurrera ere militarrek botere handia zuten. Parlamentuan eserlekuak zituzten eta Barne, Muga eta Defentsa Ministerioen laurdena kontrolatzen zuten.
Militarren gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu-kolpearen ondotik, Myanmarko armadak hamaika kidez osatutako gobernua osatu du. Hasiera batean urtebetez egongo da indarrean, egungo larrialdi-egoerak irauten duen bitartean. Estatuko Administrazio Kontseilua izena hartu duen erakundeak Min Aung Hlaing armadako burua izango du gidari, The Myanmar Times egunkariak zabaldutako informazioaren arabera. Min Aung Hlaingek atzo azpimarratu zuenez, hauek izango dira Junta Militarraren lehentasunak: azaroko hauteskundeetan ustez izandako iruzurra eta koronabirusaren aurkako erantzuna. "Larrialdi-egoera indarrean dagoen bitartean hauteskundeekin eta koronabirusaren prebentzioarekin, kontrolarekin eta tratamenduarekin loturiko gaiak lehenetsi behar ditugu", esan zuen Min Aung Hlaingek Gobernu berriarekin egindako bilera batean The Irrawaddy egunkariak jasotako informazioaren arabera.[3]
Munduko erreakzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazionarteak gaitzetsi egin du estatu-kolpea; aldi berean, atxilotuak askatzeko eskatu du. Europar Batasunak estatu-kolpea kondenatu egin du eta Suu Kyi aske uztea galdegin du, herrialdean gobernu zibila berrezartzeko eskatzearekin batera. António Guterresek, NBEko idazkari nagusiak "gogor" arbuiatu ditu atxiloketak, eta "benetako kezka" agertu du "botere legegilea, betearazlea eta judiziala militarren" esku gelditu delako. Ameriketako Estatu Batuek ere kezka agertu dute, eta Joe Biden presidenteak, Jen Psaki prentsa idazkaritzaren bitartez, eta Antony Blinken Estatu idazkariak, "gobernuko funtzionario eta gizarte zibileko buruzagi guztiak askatzeko eta Myanmarko herriaren borondatea errespetatzeko" eskatu dute. Txinak, bere aldetik, "bakea" eta "egonkortasuna" aldarrikatu ditu, "atzerriko esku-hartzerik" izan gabe.[4]
Erreakzioak Myanmarren
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako bi egunetan mobilizazio gutxi izan ziren arren, egunek aurrera egin ahala, geroz eta lagun gehiago atera ziren kalera protesta egitera. Hori horrela izan zen nahiz eta juntak gerra-legea ezarri zuen arren. Aung San Suu Kyiren alderdi NLD Demokraziarako Liga Nazionalaren arabera, poliziak, protesten aurrean, errepresiorekin erantzun zuen. Gutxienez zazpi zibil zauritu zituen balekin, gomazko pilotekin eta ur kanoiekin tiro egitean. Horietako bi larri ospitalera eraman zituzten.[5]
Kolpisten erantzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Militarrek ukatu zuten estatu kolpea izan zela, eta argudiatu zuten «2008ko Konstituzioa betearazteko» kargugabetu zituztela gobernuko kideak. «Demokrazia eta aberastasuna bermatzeko herritarrek gurekin elkarlanean ari beharko lukete, sentimenduen menpe erori gabe», adierazi zuen junta militarraren eledun Zaw Min Tunek. Halaber, militarren azken asmoa bozak egitea dela berretsi zuen. Aldi berean, ateak itxita hasi zuten otsailaren 16an Myanmarren Aung San Suu Kyi, Bakearen Nobel saridunaren, eta U Win Myint, presidente kargugabetuaren aurkako epaiketa. Myanmarrengo merkataritza legea urratu eta «mitin jendetsuekin» herritarren osasuna arriskuan jarri izana egozten zion junta militarrak Aung San Suu Kyiri, eta natur hondamendien legea bete ez izana U Win Myinti. Bi akusatuak espetxeratuta zeuden kolpea eman zen unetik.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.argia.eus/albistea/myanmarko-armadak-estatu-kolpea-jo-du
- ↑ Imaz, Andoni. Myanmarko armadak estatu kolpea eman du, eta agintea bereganatu. Berria egunkaria, 2021eko otsailak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-2).
- ↑ https://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/7817674/estatukolpea-myanmarren-armadak-11-kidez-osatutako-gobernu-berria-osatu-du/
- ↑ https://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/7812192/estatu-kolpea-myanmarren-2021eko-otsailaren-1ean-armadak-kontrola-hartu-du/
- ↑ https://www.berria.eus/albisteak/193402/myanmarko-junta-militarrak-laquoegiazko-demokrazia-batraquo-sustatu-nahi-du.htm
- ↑ https://www.berria.eus/paperekoa/1890/015/001/2021-02-17/ateak-itxita-hasi-dute-aung-san-suu-kyiren-aurkako-epaiketa.htm