Edukira joan

Musikaren historia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Historiaurreko txirula.

Musikaren historia garai guztietan izan diren musika motak eta horien garapena aztertzen dituen saila da. Musika antzina-antzinatik existitzen da, ezagutzen ditugun lehen giza-arrastoak baino lehenagotik.

Musikaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaila da, gutxi gorabehera bada ere, musikaren jatorria noiz izan zen zehaztea. Erritmoa eta melodia dira musikaren oinarrizko osagaiak, eta zaila da jakitea bietako zeini esker hasi ginen antzinako arte hau lantzen (abestiak, txaloak, harriak edo egur zatiak kolpatzea…).  Gaur egun historiaurreko musikaren ikerketa-lana erronka handia den arren, ikerketa arkeologikoek musika tresnen erabilera oso antzinakoa dela frogatu dute, eta oso instrumentu zaharrak aurkitu dira. Izan ere, 43000 urte dituen txirula bat da aurkitu den musika tresnarik zaharrena, hegazti baten hankaren hezurrarekin eginda dago, eta Esloveniakoa da.

Pentsatzekoa den moduan, gizakiek historiaurrean sortzen zuten musikak ez zuen inongo zerikusirik gaur egun sortzen dugun musikarekin. Egiten zituzten melodiek oinarrizko sentimenduak eta emozioak adierazten zituzten, eta erritmoa askea zen.

Musikak dantza ekarri zuen, eta dantzatu bitartean oinekin kolpatzen zuten lurra, musikaren erritmoa markatzeko. Dantza mota asko zeuden, eta momentu bakoitzean adierazi nahi zuten emozio eta sentimenduen araberakoak ziren. Historiaurreko gizakiek, errituetan  jorratuko zuten musika adierazpena, keinuak, musika eta kantua elkartuz.

Garai horretako musika alaia edo tristea zen, eta gerran edo lanean denbora arinago igarotzeko erabiltzen zuten.  Musika gogorra edo atsegina izan zitekeen, eta ulertu ezin zituzten naturako elementu eta gertakariei (haizea, gaixotasunak, ekaitzak…) aurre egiteko konjuruetan ere erabiltzen zen. Gainera, espiritu eta naturaz gaindiko izakiekin hitz egiteko erabiltzen zuten musika.

Historiaurreko musikari buruz egin zen lehen ikerketatako bat Michel Dauvois eta Iegor Reznikoff ikertzaileek egin zuten, Ariégeko hiru kobazulo paleolitikotan zegoen soinu-paisaian interes handia zutelako. 1983 eta 1985 artean egin zuten ikerlan horri esker, ikusi zuten kobazuloetan egindako marrazkiek kobazuloaren sonoritatea hobea zen lekuetan zeudela,  eta oso polemikoa izan zen arren, adierazi zuten historiaurreko gizakiek sonoritatearen arabera egin zituztela marrazkiak, eta musika animaliei begira jotzen zutela, hau da, txirula txoriei begira jotzen zutela, adibidez.

Aurkitu ziren lehenengo “musika tresnak” hatz-hezurrez egindako txirula antzekoak ziren, eta arkeologoek Aurinhaceko kobazuloetan aurkitu zituzten 1860. urtean. Zulatutako hezurtxo horiek txirula edo txilibituak egiteko erabiltzen zituzten, eta uste da haien artean komunikatzeko, hezitako otsoei aginduak emateko edo deiak egiteko erabiltzen zituztela. Hala ere, ez dakigu instrumentu horiek melodia bat sor zezaketen edo ez, eta, ondorioz, ez dakigu benetako musika tresnak diren edo ez. Dena den, badirudi gizakiek landare indartsuz egindako musika tresnak egiten zituztela, baita litofonoak (harrizko perkusio musika tresnak) ere.

Mendebaldeko musikaren hastapenak: Antzinako Grezia eta Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo mendebaldeko musikaren hastapenak Antzinako Grezian koka ditzakegu. Antzinako Grezia deitzen dugun garaia k.a. 1200. urtean hasi zen, eta musikak ikaragarrizko garrantzia zuen garai hartako gizartean, politikan eta erlijioan. Greziarrek horrenbesteko garrantzia ematen zioten haien ustez, artea izateaz gain, zientzia ere bazelako. Gainera, musika mito greziar askotan agertzen da, adibidez, Orfeoren mitoan.

Garai arkaikoan, musikari profesionalek (rapsoda edo aedo deitzen ziren) bakarrik jo zezaketen musika, eta instrumentu xume batekin mitoak abesten zituzten. Garai klasikoan, herri xeheak ere ikasi zuen musika jotzen, eta gizartean askoz gehiago hedatu zen.

Jakina denez, Antzinako Grezia oso garai oparoa izan zen ezagutza guztiei dagokienez, eta musika ere asko garatu zuten. Garai hartan zehaztu zen gaur egun oraindik musikan bereizten diren hiru atalak: teknika, praktika eta interpretazioa. Era berean, teknikaren barruan harmonia, erritmoa eta metrika garatu zituzten.

Grekoek erabiltzen zuten harmonia ez zen gaur egun erabiltzen duguna bezalakoa. Ez zuten gaur egun eskalan dugun “tonika” erabiltzen, haiek “bitartekaria” zuten, eskala bakoitzaren modua adierazten zuen nota. Greziarrek zortzi modu ezberdin asmatu zituzten: dorikoa, hipodorikoa, frigioa, hipofrigioa, lidioa, hipolidioa, mixolidioa eta hipomixolidioa. Modu bakoitza nota ezberdin batetik hasten zen, eta bakoitzak sentimendu mota batzuk iradokitzen zituen. Gaur egun moduen izen batzuk erabiltzen jarraitzen dugun arren, Erdi Aroan aldatu egin zituzten greziarren eskalak, eta begi-bistan ez dira oso antzekoak. Gainera, greziarrek transposizioak egiten zituzten moduak musika tresna bakoitzari egokitzeko.

Erritmoak garrantzi handia zuen Grezian, eta gaur egun erabiltzen dugun erritmoaren oinarria izan zen greziar erritmoa. Bi zeinu erabiliz, hainbat erritmo-konbinazio ezberdin egin zituzten; erritmoetako bat longa (—) zen, eta bestea brevis (∪). Esan beharra dago askotan greziar abestietan erritmoa askea zela, hau da, ez zegoela erritmo berezirik, baina greziarrek asko erabiltzen zituzten asmatutako erritmo-konbinazioak eta Errenazimentura arte mantendu ziren.

Seikilosen epitafioa.

Horretaz gain, greziarrek notazioa sortu zuten. Musika idazteko bi modu zituzten: bata instrumentuena eta bestea ahotsarena. Dena den, bi sistema horietan alfabetoko letrak erabiltzen zituzten, ez orain erabiltzen diren notak. Gaur egun ez ditugu Antzinako Greziako partitura gehiegi, izan ere, iritsi zaigun ia guztia abesti-zatiak dira. Hala ere, kanta bat osorik iritsi zaigu: Seikilosen Epitafioa.

Musika tresnei dagokionez, oso instrumentu sinpleak zituzten, harizkoak eta haizezkoak gehienbat; ezagunenak lira, zitara, aulosa, hidraulysa edo cornusa ziren.

Aulos jotzailea.

Greziar musikaren ondare gutxi dago gaur egun; izan ere, urte askotan zehar ez zen garrantzitsutzat jo horrelako elementuak mantentzea, eta ondorioz, asko galdu egin dira.

K.a. 27urtetik k.o. 476. urtera arte, erromatarrek hartu zuten greziarrek hasitako bidea, eta oso musika antzekoa egin zuten inperioak iraun zituen urte guztietan zehar. Jakina denez, erromatarren inperioak ia Europa osoa hartu zuen, eta, horregatik,  haien musika ere ia Europa osoan hedatu zen. Dena den, eliza katolikoak boterea lortu zuenean, musika mota hori debekatu zuen, eta gaur egun arte iritsi zaigun musika erlijiosoa inposatu zuen.

Esan bezala, erromatarrek Grezian egiten zenaren antzeko musika egiten zuten, baina musika tresnak pixka bat aldatu zituzten. Haize instrumentu garrantzitsuenak tuba, cornusa eta txirula ziren. Lira eta zitara erabiltzen jarraitu zuten, baita hidraulysa ere.

Horretaz gain, erromatarrek antzinako Greziako musikak zuen funtzioa aldatu zuten. Musika gerretan erabiltzen hasi zen, batez ere erasoetan edota etsaia despistatzeko. Musika antzezlanetan ere erabiltzen zuten, eta inperioak bizi izan zituen hiru garaietako bakoitzean (monarkian, errepublikan eta inperioan), musika pixkatxo bat aldatu zen.

Dena dela, erromatarrek, orokorrean ,Greziako musika eta artearen kopia egin zuten, eta beraz ez dago ikertzeko gauza askorik, greziarrek asmatutakoa eta sortutakoa beren gizartera egokitu baitzuten.

Erromatar inperioa erortzean, hau da, K.o. V. mendean, Erdi Aroa deitutako garaia hasi zen, eta XV. mendera arte iraun zuen. Erdi Aroan zehar, gizartean aldaketa asko gertatu ziren, eta horrek musikaren aldaketa ekarri zuen. Gainera, katolizismoak eta elizak indar handia hartu zuten, eta elizak inposatzen zuen musika landu zen batez ere garai hartan. Herriak ere bere musika lantzen zuen, baina ez dago musika mota horren dokumentazio askorik.

Erdi Aroko musika bi sail orokor eta oso handitan sailka daiteke; alde batetik, monodia edo polifonia izan daiteke, eta beste alde batetik, erlijiosoa edo profanoa.

Monodia Erdi Aroko hasieran garatu zen. Monodia musika mota bat da non melodia bakarra dagoen; normalean abestu egiten zen, eta musika tresnek abesten zena laguntzen bazuten ere/laguntzen zutenean, abeslariek egiten zuten melodia berdina egiten zuten.

Monodia erlijiosoak “kantu-laua” izena ere hartzen zuen, eta gaur egun Kantu Gregorianoa deitzen diogun hori da, mezetan abesten zen kantu mota bat. Kantu Gregorianoa oso kantu berezia da, lehenik eta behin, gaur egun arte mantendu delako, eta hasieran zuen helburu berdina gorde duelako. Kantu Gregorianoa latinez abesten da eta erritmoa askea du; musikaren erritmoa testuaren araberakoa zen.

Kantu Gregorianoaren hasierako notazio mota bat.

Kantu Gregorianoak bi alorretan banatzen ziren; alde batetik ordinarioko kantuak zeuden, mezetan egunero abesten ziren kantuak  (Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus, Benedictus eta Agnus Dei). Beste alde batetik, propioko kantuak zeuden, egunaren arabera letra aldatzen zuten kantuak (Laudes, Prima, Tercera, Sexta, Nona, Vísperas eta Completas).

Monodia profanoari dagokionez, trobalariak eta juglareak zeuden. Trobalariak aristokratak ziren, eta obrak konposatzen zituzten, gero juglareek jotzeko. Frantzian sortu ziren eta ezagutzen den lehena Gilen IX.a Akitaniakoa da. Trobalariek edozein gairi buruz hitz egiten zuten haien konposizioetan, eta rondeaua, virelaia eta balladea ziren forma ezagunenak.

Juglareak herri xeheko musikariak ziren, eta herriz-herri zihoazen haien abestiak kantatzen eta trobalarien obrak haien jauregietan jotzen. Trobalarien antzera, edozein gai jorratzen zuten haien abestietan, eta musika tresnekin interpretatzen zituzten.

Musika polifonikoa IX. mendetik aurrera hasi zen sortzen. Polifonikoak diren kantuetan, hainbat melodia elkartu egiten dira obra sortzeko, hau da, hainbat ahots dituzten kantuak dira. Hasiera batean, ahots guztiak (normalean lau ziren) modu paraleloan mugitzen ziren, baina denbora igaro ahala, ibilaldi ezberdinak egiten zituzten obran zehar, disonantziarik sortu gabe noski.

XII-XIII. mendeetan egiten zen polifonia Ars Antiqua deitzen dugu gaur egun, eta polifoniaren oinarriak ezarri ziren garaia izan zen. Notre Dameko eskola izan zen garai hartan polifonia gehien garatu zuena, eta bertako Leonin eta Perotin konpositoreak izan ziren garai hartako esanguratsuenak. Ars Antiquan lantzen zen polifonia erlijiosoa organum melismatikoa izena eman zaion generoaren bidez lantzen zen gehienbat.

XVI. mendetik aurrera, Ars Nova deitutako korronte musikala garatu zen; Ars Antiquaren kontraposizioa izateko sortu zen, eta batez ere, Frantzian garatu zen. Musika egiteko modua konplexuagoa zen eta erritmo berriak sortzen hasi ziren. Ars Novako musikari eta konpositore ezagunenetarikoa Guillaume de Machaut (1300-1377) izan zen. Machautek moteteak, chansonak, balladeak eta beste musika mota asko landu zituen, eta bitartean, teknika hobetu eta berritzen zuen. Machauten obra garrantzitsuena Notre Dameko Meza da. Ars Nova garatzen hasi eta gero, polifonia eta kontrapuntua gehiago garatzen hasi ziren.

Erdi Aroko notazioari dagokionez, beste notazio mota batzuk garatu ziren arte, alfabetoarekin egiten zen, edo zuzenean, ez zen egiten. IX. mendean, notazio neumatikoa sortu zen. Notazio mota hori oso lausoa zen, eta zeinu batzuen bitartez irudikatzen dituzten musikaren igoera eta jaitsierak eta erritmoa. Notazio neumatiko mota ezberdinak zeuden, eta abeslariek melodia gogoratzeko erabiltzen zen soilik. Aurrerago, X. mendean, bi marra horizontal marrazten hasi ziren; marra bakoitzak nota bat (fa eta do) irudikatzen zuen, eta horrela abeslariak hobe kokatu ahal ziren abesterako orduan. Denbora igaro ahala, marrak gehitu ziren, eta Guido Arezzokoa teorialari famatuak notei gaur egun dugun izena eman zien. Horretaz gain, noten balioa zehazten hasi ziren, eta gaur egun erabiltzen ditugun noten eta erritmoaren oinarriak ezarri zituzten.

Errenazimentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentuko musikak garai hartako idealen kutsua hartu zuen, eta kontrapuntua eta Erdi Aroko elementu asko mantendu ziren arren, Errenazimentuan (Berpizkundean) loratu ziren ideia eta jokamoldeak hartu zituen.

Errenazimentuan antropozentrismoa garatzen hasi zen, baita humanismoa ere. 1400 eta 1600. urteen artean garatu zen Errenazimentua, eta nahiz eta pertsona batzuek esaten duten musikan ez zuela eraginik izan, hori okerra da.

Gainontzeko arteek ez bezala, musikak ez zuen Greziako eta Erromako artearen ondare handiegirik jaso, eta ondorioz, ordura arte entzun ez zen musika mota bat sortzen hasi ziren. Pinturan, eskulturan eta arkitekturan, Greziako eta Erromako disziplinetan egindakoa hartu zuten eredutzat musika sortzeko. Simetria, kanona, idealizazioa…arteetara itzuli zen. Izan ere, uste zen Erdi Aroa garai iluna izan zela, eta garai hartan egindakoa baliogabea zela. Gaur egun, badakigu Erdi Aroa oparoa izan zela, baina Errenazimentuko sustatzaileek ez zuten hori uste. Musikak erreferentziarik ez zuen arren, gainontzeko arteetan lantzen ziren ideiak hartu zituen eta barneratu zituen.

Horretaz gain, notazioa gehiago garatu zen eta noten balioa zehaztu zen. Hala ere, konpas barrarik gabe idazten zuten, eta noten balioa aldatu egin zen, Erdi Aroan erabiltzen ziren balio luze batzuk desagertu ziren.

Giovanni Palestrina

Errenazimentu musikala zenbait garaitan banatzen da. Lehenengo etapan nagusi izan ziren eskola borgoinarra eta ingelesa. Garai hartako musikaririk garrantzitsuenak Gillaume Dufay eta Gilles Bichois izan ziren. Isorritmia garatu zuten, eta kontrapuntuko arauak ezarri zituzten. Bigarren etapan eskola franko-flamenkoa nagusitu zen, eta kanonaren teknikak garatu ziren. Eskola horretako musikaririk esanguratsuena Johannes Ockeghem izan zen.

Hurrengo etapa, hirugarrena, nazioartekoa izan zen, eta musika estiloa asko zabaldu eta garatu zen. Eskola franko-flamenkoaren eragin handia zuen musikak, baina, esan bezala, nazioarteko estiloa izatera pasa zen. Berrikuntza handirik egon ez bazen ere, Josquin des Prez musikaria nabarmena da, bere Pange Lingua Meza oso ezaguna da, eta Europa osoan polifonia egiteko moduaren eredu izan zen.

Laugarren etapan, musika erlijiosoa gailendu zen, eta kantuetan gero eta ahots gehiago sartzen hasi ziren musikariak. Italian madrigal berria eta Frantzian chanson parisienne izeneko kantuak sortzen hasi ziren. Bosgarren etapan, azkenekoan, Giovanni Palestrina izan zen musikari nabarmenena. Musika erlijiosoarekin lotura handia zuen eta kontrapuntua maila goreneraino garatu zuen.

Errenazimentuan, esklusiboki musika tresnentzako ziren obrak konposatzen hasi ziren; forma garrantzitsuenak ricercare, canzona, gallarda, tientoa edo toccata izan ziren. Gainera, musika erlijiosoan, mezak egiteko hainbat modu landu ziren, eta, ondorioz, hainbat meza mota zeuden (Cantus firmus meza, Parodia meza eta Parafrasis meza). Musika profanoari dagokionez, frottola, madrigala, romancea, villancicoa edo chansona kantuak sortzen ziren Errenazimentuan, biztanleriak abesteko. Azkeneko kantu horiek egunerokotasuneko gaiak jorratzen zituzten (maitasuna, jaiak…)

Barrokoa gutxi gorabehera opera sortu zenetik (1600 inguruan) Johann Sebastian Bach hil zeneraino (1750) iraun zuen estilo musikala izan zen. Barrokoaren ezaugarri nagusiena tonalitatearen eta baxu jarraituaren sorrera izan zen. Barrokoan ezagunenak izan ziren forma musikalak sonata, kontzertua eta opera izan ziren.

Orfeo operaren libretoa.

Barrokoan baxu jarraitua erabiltzen hasi ziren, eta partituretan harmonia idazten hasi ziren. Gainera, harmonia tonala garatu zutenenez, melodia baxu jarraiak sortzen zituen akordeen menpe zegoen eta baxuaren erritmoak konpasa zehazten zuen.

Barroko estiloa Italian sortu zen, eta Kontrarreforma katolikoak erabili zuen, eliza katolikoaren handitasuna eta boterea ongi adierazten zuen artea baitzen. Nobleziak eta kleroak artistei ordaintzen zieten artelan ikaragarriak eta deigarriak egiteko. Musika apainduraz osatzen ari ziren, eta apaindurak adierazteko zeinuak garatu ziren.

Barrokoa hiru garaitan zati dezakegu. Lehenik, Barroko goiztiarra dugu; garai horretan, polikoralitatea lantzen zen, batez ere musika erlijiosoan. Polikoralitatearen funtsa da abesbatza baten ahotsak elizaren edo abestuko den aretoaren alde bitan jartzea. Hori lehenengoz Veneziako San Marcos basilikan egin zen. Horretaz gain, Barroko goiztiarrean aipatutako baxu jarraia garatzen hasi ziren, eta monodia lagundua sortu zen. Garai horretako konpositorerik garrantzitsuena Claudio Monteverdi izan zen.

Hurrengo garaian, Barroko ertainean, joera berritzaileak sortu ziren, eta Italian egindako musika, eta batez ere opera, Europa osoan barna zabaldu ziren. Opera frantsesa sortu zen Luis XIV.aren gortean, eta abesteaz gain, dantzatu ere egiten zen opera horietan.

Azkenik, Barroko berantiarra dugu; garai horretan formula tonalak guztiz garatu ziren eta gaur egun ezagunenak diren estiloak garatzen hasi ziren. Garai horretan aurrerakuntza gehien egin zuen konpositorea Corelli izan zen, berak garatu baitzituen gehien kadentziak, progresioak, etab.

Johann Sebastian Bach

Barrokoan egon zen genero garrantzitsuenetarikoa opera izan zen. Gaur egun arte osorik iritsi zaigun lehenengo opera Euridize da, Jacopo Perik konposatua eta 1600ean estreinatua. Hala ere, gaur egun operaren forma finkatu zuen obra Orfeo dela esaten da, Monteverdik egina eta 1607an estreinatua.

Operaren egitura bi atal nagusik osatzen zuten, errezitatiboek eta ariek. Errezitatiboak abeslariek kantatzen zituzten dialogoak ziren, istorioan aurrera egiteko balio zutenak. Ariak berriz, abeslariek haien birtuosismoa erakusteko erabiltzen zituzten atalak ziren. Ez zuten istorioan aurrera egiteko balio, besterik gabe abeslarien maila erakusteko erabiltzen ziren. Bi atal horietaz gain, abesbatzek eta orkestrak ere parte hartzen zuten.

Musika tresnentzako egitura eta obra konkretuak ere sortu ziren. Sonata oso egitura ezaguna izan zen, ondoren klasizismoan garatuko zenaren oinarria. Gainera, Concerto grosso edo suitea ere oso garrantzitsuak izan ziren.

Konpositore garrantzitsu, bikain eta oso ezagun asko egon ziren Barrokoan, baina ezagunena Johann Sebastian Bach izan zen. Bachen obra ikaragarri zabala da, konplexua, baita ederra ere. Bere lan askotan ezkutuko mezuak aurki daitezke notak irakurtzeko moduan edota musikaren egituran.

Bachek lau musika tresna baino gehiago jotzen zituen, eta kontrapuntua gehien garatu duen pertsona izan zen. Bere Preludio eta Fuga izeneko obrak oso famatuak dira eta berak idatzitako koralek eta kantatek ere gaur egun musika egiteko dugun modua baldintzatu zuten.

Wolfang Amadeus Mozart.

Klasizismoa 1750 eta 1820 artean gertatu zen musika estiloa da. Barrokoko musikaren oso oso ezberdina izan zen klasizismoaren musika; egitura argi eta ulergarriak erabiltzen hasi ziren, eta melodia argiagoak baliatzen hasi ziren. Klasizismoan egondako konpositore garrantzitsuenetarikoak Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart eta Ludwig van Beethoven izan ziren.

XVII. mendea Ilustrazioaren mendea izan zen, eta Ilustrazioaren estetika musikaren mundura zabaldu zen. Barrokoaren estiloa gehiegizkoa iruditzen zitzaien, eta estilo argiagoa garatzen hasi ziren. Natura imitatzen saiatzen ziren, egitura sinpleak sortzen zituzten eta simetria bilatzen zuten. Halaber, klasizismoan burgesiak ordaintzen zien gehienbat musikariei, ez nobleziak, eta horrek aldaketak eragin zituen musika sortzeko moduan.

Esan bezala, erabiltzen zituzten melodiak argiagoak ziren, baita kantabileagoak. Musikaren esaldi gehienak simetrikoak ziren eta oso hasiera eta amaiera argiak zituzten. Erabiltzen zuten harmonia ere oso funtzionala zen eta egiten zituzten kadentziak oso argiak eta egituratuak ziren; harmoniari esker, konpasa oso zehatza eta argia zen. Gainera, askoz lan/obra gehiago konpostatzen zen tonalitate maiorretan minorretan baino.

Forma estandarizatuak erabiltzen ziren, eta lagundutako melodia nagusitu zen gainontzeko tekniken artean. Horretaz gain, orkestra handitu zen, baita bere dinamika tartea.

Esan bezala, forma estandarizatuak erabiltzen ziren, eta haien artean ezagunenetarikoa sonata da. Sonata formak hiru edo lau mugimendu zituen, eta, berez, zenbat musika tresnak joko zuten erabakitzean, izen bat edo bestea hartzen zuen, egitura bera izan arren. Sonata musika tresna bakarrak jotzen zuena zen, sinfonia orkestra sinfonikoak jotzen zuena, trioa hirukote batek jotzen zuena, etab. Klasizismotik aurrera, musika tresnak gaur egun ezagutzen ditugun antzekoak ziren, eta oso gutxi aldatu dira garai hartatik gaur egunera.

Opera buffa baten adibidea.

Sonataren mugimenduak beti berberak ziren eta bakoitzak bere izena zuen. Lehenak Sonata izena du, eta hiru atalek osatzen duten mugimendu azkarra da. Bigarrena lentoa da, eta hainbat forma izan ditzake, baina, izenak dioen bezala, mantso jo behar da. Hirugarren mugimenduak normalean minueto egitura izaten du, eta aurrekoa baino azkarrago jo ohi da. Azkenik, laugarren mugimenduak (ez da sonata guztietan egoten) rondo egitura izaten du.  Hala ere, kontuan hartu behar dugu batzuetan aipatutako forma hori alda zitekeela; adibidez, kontzertuek ez dute inoiz minuetorik.

Musika bokalari dagokionez, operak genero nagusia izaten jarraitu zuen. Aberatsentzako opera klasikoa egiten jarraitu zen eta opera klasikoa deitzen hasi zitzaion, baina herri xehearentzako opera buffa izeneko generoa garatu zuten, herrietako antzokietan egiten zen opera antzeko bat. Opera buffa obra satirikoa zen, eta garrantzi handia hartu zuen klasizismoan.

Aurrean/Lehen esan bezala, garaiko konpositorerik garrantzitsuenak Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart eta Ludwig van Beethoven izan ziren. Haydn klasizismoaren hasieran bizi izan zen eta bere sinfonia eta sonatak dira bereziki garrantzitsuak. Mozart berriz, klasizismoaren erdialdean bizi izan zen eta edozein arlotako musika konposatu zuen. Bereziki ezaguna izan zen bere melodia alai eta argiengatik. Azkenik, Beethoven klasizismoaren azkeneko urteetan bizi izan zen, eta lehenengo autore erromantikoa dela uste dute askok. Bere obra osoan pianoak ikaragarrizko garrantzia du, eta klasizismoan zehaztutako egitura eta orokortze asko alde batera utzi zituen.

Klasizismoa amaitu baino 50 urte lehenago, 1770ean, Sturm und Drang izeneko mugimendu literarioa zabaltzen hasi zen, eta esan ohi da mugimendu hori izan zutela inspirazio klasizismo garaian bizi ziren prerromantiko askok.

Erromantizismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromantizismoa 1820an hasi eta XX. mendearen hasieran amaitu zen mugimendu artistikoa izan zen. Gainontzeko arteetan ere erromantizismoa nabarmendu zen, baina musikan berebiziko garrantzia izan zuen garaia da. Gainera, beste  arteetan erromantizismoa musikan baino lehenago garatu zen eta horrek ere eragin handia izan zuen musikan.

Erromantizismoan, orokorrean, ez musikan bakarrik, autorearen subjektibitateari ematen zitzaion garrantzia, eta publikoak berriz garrantzia galdu zuen. Gainera, Klasizismoan zegoen naturalismoaren aurkakoa garatu zen, idealismoa, eta ideal erromantikoak azaldu ziren. Nazionalismoa eta errealitatetik urruntzea ere funtsezko elementuak ziren Erromantizismoan. Azkenik, arteen nahasketa ohikoa bilakatu zen, eta asko aberastu zituen artelan guztiak.

Musikari dagokionez, formak askoz askeagoak ziren, ez Klasizismoan bezain zehatzak eta finkoak. Melodiak garrantzi handia hartu zuen eta simetria galdu zuen. Gainera, erritmoa askoz malguagoa zen, eta harmonia modulazio asko izaten hasi zen. Dena den, genero musikalak aurreko garaietan landu ziren berberak ziren Erromantizismoan. Egia da pianoak garai horretan garrantzi handia hartu zuela, eta konpositore askok pianoa musika tresna nagusitzat zutela.

Robert eta Clara Schumann

Aurrean aipatu bezala, Beethoven Erromantizismoko lehen konpositorea dela uste dute askok. Bera izan zen lehena Klasizismoko arauak hausten eta bere obretan harmonia modalak eta egitura ezberdinak erabiltzen. Beethovenek egin zituen obra esanguratsuenen artean, bere sinfoniak ditugu. Beethovenek garatzen hasitako ideia konpositore askok jarraitu zuten, adibidez, Schubert, Mendelssohn, Brahms, Chopin, Tchaikovsky edo Schumannek.

Gainera, esan bezala, pianoa garai horretako musika tresna nagusia zen, eta, ondorioz, pianorako dauden obrak oso ugariak dira. Obra horien artean, nabarmentzekoak dira konpositore askok egindako Estudioak, hau da, zailtasun teknikoren bat lantzeko balio zuten obra zehatzak. Beste obra mota asko sortzen zituzten konpositoreek, noski, adibidez, sonatak edo pieza motzak. Pieza motz horien barruan, arlo ezberdinak zeuden, hala nola inprobisatzeko pieza motzak (impromptu), dantzak (mazurkak, polkak) edo pieza motz melodikoak (nokturnoak, baladak, etab.).

Berliozen obra baten azala.

Nahiz eta Erromantizismoan ganberako musikak ez zuen arrakasta handiegirik izan, konpositore batzuek, Brahamsek edo Schubertek adibidez, hari-laukoterako obrak sortu zituzten. Konpositore garrantzitsuenen artean, Clara Schumann, Frederic Chopin, Héctor Berlioz, edo Johannes Brahms ditugu. Clara Schumann pianista eta konpositorea izan zen, bere senarra Robert Schumann pianista izan zen. Clara pianista ezin hobea izan zen eta leku askotara joan zen jotzera. Oso konpositore nabarmena izan zen bere garaian.

Frédéric Chopin Erromantizismoko konpositorerik ezagunenetakoa izan zen, eta bere obra benetan zabala da. Bere obran oso nabarmena da Poloniako herri musikaren eragina izan zuela, baita Belliniren opera eta melodienak. Chopin pianojole birtuosistikoa izan zela esan dezakegu. Bere obran pianorako ia edozein obra mota aurki dezakegu. Askok “pianoaren poeta” izan zela esaten dute.

Héctor Berlioz orkestrarako egin zuen musikagatik da ezaguna; gainera, Instrumentazio tratatua idatzi zuen.  Bere musikan idée fixe delakoa erabiltzen zuen, hau da, obra osoan zehar errepikatzen zen motibo bat erabiltzen zuen. Bere obra garrantzitsuenen artean Sinfonia Fantastikoa dugu.

Azkenik, Johannes Brahms Erromantizismo amaierako konpositorea izan zen. Konpositore alemaniarren eragin handia izan zuen eta horrek eragin zion egiturari eta ordenari garrantzi handia ematea. Pianorako idatzi zuen obra oso zabala eta aberatsa da.

Inpresionismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inpresionismoa gehienbat Frantzian garatu zen mugimendua izan zen, eta XIX. mendearen amaieran sortu zen. Inpresionismo izena pinturan erabiltzen zuten izenetik hartu zuten, baita pinturak zituen ezaugarriak eta helburuak ere. Inpresionismoko konpositore ezagunenak Claude Debussy eta Maurice Ravel izan ziren.

Debussyren partituretako bat.

Inpresionismoan tempo askeagoa erabiltzen zuten, eta modu grekoetako eskalak berreskuratu zituzten. Gainera, tinbrea musika inpresionistaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat izan zen, eta konpositore gehienek horretan jartzen zuten arreta gehien. Tinbrearekin jolasten zutenez, ordura arte inoiz entzundako soinuak eta sentsazioak sortzen zituzten.

Musika inpresionistak atmosfera arina sortu nahi du, eta hori lortzen du musika delikatu eta gozo baten bitartez. Aditu batzuen ustez, Inpresionismoa Erromantizismoaren amaierako fasea da, Erromantizismoan erabiltzen ziren forma berdinak erabiltzen baitira estilo honetan.

Bestalde, Inpresionismoan obrek duten izena oso esanguratsua da; izan ere, autoreek obraren esanahia iradokitzen dute izenburuan. Ez dute guztiz zehazten, iradoki egiten dute besterik gabe, gero entzuleak obrak igorri nahi duen sentsazioa asmatu eta sentitzeko.

Aurretik aipatu bezala, Inpresionismoak modu grekoetako eskalak erabiltzen zituen, baita beste edozein motatako eskalak ere, adibidez, eskala folklorikoak, Asian erabiltzen ziren eskalak eta eskala pentatonikoa eta hexatonoa ere. Gainera, bitonalitatea erabiltzera ere iritsi ziren; bitonalitatea da obra bakarrean eta aldi berean tonalitate bat baino gehiago erabiltzea, soinu liluragarriak sortzeko. Halaber, gero eta gutxiago erabiliko dira akorde finkoak, eta akorde bakoitza duen soinuagatik baloratzen hasiko dira, eta ez tonalitate bakoitzean duen funtzioagatik. Disonantzia baliozko zerbait dela pentsatzen hasi zen Inpresionismoan eta tentsioak sortzeko erabiltzen hasi ziren.

Maurice Ravel.

Erritmo aldetik, aurreko garaietan ezarritako zehaztasuna ezabatu zen, eta askatasun handiaz erabiltzen hasi ziren; erritmoa moldakorra, malgua eta arina zen.

Garai horretako konpositorerik garrantzitsuena Claude Debussy izan zen, musika estilo horren bultzatzaile nagusietako bat izan baitzen. Bidaia luzeak eta oso aberasgarriak egin zituen mendebaldeko kultura ez zuten herrialde askotara, eta han ikasitako eskalak eta musika egiteko moduak sartu zituen bere obran. Pianorako idatzi zituen obren kopurua nahiko handia da, eta hari-laukoterako eta orkestrarako obrak ere idatzi zituen.

Inpresionismoko beste konpositore nagusienetako bat Maurice Ravel izan zen. Debussyren eragina izan zuen, eta haren antzera, eskala ezberdin askorekin osatu zuen bere obra. Dena den, egia da Ravelen obran askoz seriotasun eta formaltasun handiagoa dagoela Debussyren obrarekin konparatuz; tonalitate eta harmonia finkoagoak erabiltzen zituen eta erritmo oldartsuagoak erabiltzen zituen. Bere obra osoan, nabarmentzekoa da pianorako duen ezkerreko eskurako kontzertua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]