Moldava
Moldava[1] (txekieraz: Vltava; alemanez: Moldau; polonieraz: Wełtawa), Txekiako Errepublikako ibairik luzeena da. Bere ibilbidea, Šumavan hasi, eta, Český Krumlov, České Budějovice eta Praga igaro ondoren, Mělníken Elba ibaiarekin elkartu arte osatzen du. 430 kilometroko luzera du eta, gutxi gora-behera, 28.000 kilometro karratuko azalera bustitzen du. Ibaiadar nagusiak Luznice (Bohemia hegoaldeko aintzira gehienetako ura biltzen duena) eta Sazava (Moraviako mendietatik datorrena) ditu[2]. Elbarekin batzen den tokian, honek baino ur kopuru handiagoa darama baina, angelu zuzen eran elkartzen denez gero, ibaiadar bat dirudi.
2002ko abuztuan, Moldavaren goraldi batek, zenbait pertsona hil zituen eta bere ibilbidean kalte ugari eragin zituen.
Bedrich Smetana konposatzaile txekiarrak idatzitako lan ezaguna den "Nere Aberria" (txekieraz: Má vlast) osatzen duten sei olerki sinfonikoetako batek, Moldava izena du eta, musikaren bidez, ibaiaren ibilbidea gogorarazten du.