Edukira joan

Mimo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Mimo Pablo Zibes
Askotan kaleko antzerki moduan garatu da.

Mimoa aurpegi-adierazpenez, keinuz eta gorputzaren mugimenduz soilik, mimika baliatuz alegia, jokatzen duen antzezlea da, ahozko hizkuntza erabili gabe. Mendebaldeko antzerki-tradizioaz gainera, mimoen teknika berdinak erabiltzen dira beste antzerki-tradizio batzuetan ere, hala nola Japoniako no antzerkian. Zinema mutuaren garaian garatu zen bereziki mimoen artea; esaterako, Charlie Chaplin mimikan bereziki trebea zen aktorea izan zen. Zinemara soinua heldu arren, mimika antzerki-genero garrantzitsua izaten jarrait zuen; zinema mutuaren ondorengo garai horretako mimo ezagunena Marcel Marceau izan zen askoren iritziz.

Antzerki mota honen jatorria mendebaldean Antzinako Grezia preklasikoan egiten zen mimoan (grezieraz: «μῖμος») ikusi izan da. Mimo hori errealista eta satirikoa zen eta beste generoekin lotzen zen, esaterako komediarekin, non imilazioak eta akrobaziak inprobisazio giroan nahasten ziren. Fartsatik hurbil, mimo grekoerromatarrak bat egiten zuen berarekin gaian, orohar arina, alaia eta lizuna. Genero honekin lotura izan zuten lehen egileak Koseko Epikarmo eta Sirakusako Sofron izan ziren, biak K.a. V. mendean.

Zenbait iturriren arabera, Ziliziako Pulades da mimo tragikoaren sortzaileetako bat, eta Alexandriako Bathulo, mimo komikoaren sortzailea.[1]

Erroman boterearen jarrera mimoaren aurrean aldakorra izan zen. Horrela, Trajanok debekatu zuen bitartean, Kaligula oso zalea zen; Marko Aureliok Apoloren apaiz egin zituen mimoak eta Neron bera mimo-aktore gisa aritu zen. Erromatar Inperioan oso herrikoia egin zen eta drama kultuaren garrantzia gutxitu zuen. Hala ere, V. mendean, Elizak aktoreak eskumikatu zituen eta lortu zuen enperadoreek antzokiak mende bat geroago ixtea.

Erdi Aroan mimoen aldeko zaletasuna berpiztu egin zen, batez ere herriz herri ibiltzen ziren konpainiei esker. Horren adierazpena Commedia dell'Arte antzerkiaren arrakasta eta zabalkundea izan zen.

Gaur egungo teknikak modu batez, Parisen, XIX. mendean zehar ezarri ziren, bereziki Jean-Gaspard Deburau akrobatari esker. Deburauk irinarekin aurpegia erabiltzea eta isiltasunean aritzeko ohitura zabaldu zuen. Jacques Copeauk, haren jarraitzailea, eta Étienne Decrouxek garatu zuten teknika horiek. Geroago Jacques Lecoqek mimoa eta antzerki fisikoa lotu zituen.[2] Joera horretan Marcel Marceau izan zen azken ordezkari frantses handia.

Mimoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurean ez bada gehiegi zabaldu ere, badugu izen handiko artistak teknika hauek lantzen dituztenak. Agian, ezagunena, Peter Roberts dugu; jaiotzez Roberts eskoziarra da baina aspalditik Donostian bizi da.[3] Zornotzan, bestetik, Markeline Mimo Taldeak maila altua lortu du antzerki mota honetan.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]