Edukira joan

Manisesko OHEren gertakaria

Wikipedia, Entziklopedia askea


Manisesko OHEren gertakaria 1979ko azaroan gertatutako jazoera bat izan zen, estatu espaniarreko ufologiaren historian mota honetako garrantzitsuenetarikoa [1].

1979ko azaroaren 11an, TAE izeneko konpainiaren hegaldi komertzial batek, 109 bidaiari zituenak eta Salzburgotik (Austria) Las Palmasera (Kanariak) zihoanak, larrialdiko lurreratze bat egin behar izan zuen Valentziako aeroportuan (Manises), OHE batek pertsegitu egin zuenean [2].

Hainbat arrazoirengatik gertakari hau ezin da azaldu argudio konbentzionalekin, eta horrek are enigmatikoagoa egiten du bere jatorria:

  • OHEren begiztatzeak lekuko oso kualifikatuak izan zituen: hegazkinaren pilotua (Francisco Javier Lerdo de Tejada) eta bere kopilotua (Ramon Zuazu), OHEren bila geroago atera zen Mirage F-1en kapitain militarra (Fernando Camara), eta Valentziako aeroportuaren zuzendaria bera ere, Miguel Morlan ingeniari aeronautikoa [3]. Denek adierazi zuten ikusi zutenak ez duela azalpen konbentzionalik [4]
  • Hegazkinaren bidaiari batzuek eta aeroportuaren hainbat langilek ere OHEren maniobrak ikusi zituzten
  • Manisesko aeroportuaren radarrek bi OHE antzeman zituzten, hegazkin komertzialaren inguruan mugitzen zirenak [5]
  • OHE horren edo horien maniobrak eta haien abiadura bizia ezinezkoak ziren hegazkin batentzat, baita hegazkin militar batentzat ere, pilotuen testigantzaren arabera [6]

Manisesko gertakariak oihartzun zabala izan zuen Espainiako eta Hego Euskal Herriko garai hartako komunikabideetan. PSOEko diputatua zen Enrique Mugicak ere azalpenak eskatu zizkion Espainiako gobernuari gertakari horretaz Diputatuen Kongresuan, 1980ko irailean [7]

Gertakariaren nondik-norakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertakari honen protagonista TAE izeneko konpainiaren hegazkin komertzial bat izan zen, Super Caravelle bat, Salzburgotik Las Palmasera zihoana, 109 bidaiariekin, 1979ko azaroaren 11an. Mallorca eta Valentziaren artean, gauez, hegazkinaren pilotuak (Francisco Javier Lerdo de Tejadak), kopilotuak eta tripulazioak argi ezezagun batzuk ikusi zituzten zeruan (kolore aldatzen zituztenak: gorria, berdea eta zuria), hegazkinera hurbiltzen zirenak.

Hainbat minututako amesgaiztoa hasi zen orduan. Argi horiek modu oso arriskutsuan hezgazkinera hurbiltzen zitzaizkiolako, eta maniobra harrigarriak egiten zituztelako hegazkinaren inguruan. Lerdo de Tejada komandanteak Bartzelonako aeroportuko hegaldiak kontrolatzeko zentroari argi horiei buruzko informazioa eskatu zion, baina inguru horretan ez zegoela trafikorik erantzun zioten [8].

Izuturik, pilotuak hegazkina igo zuen jarraitzen zitzaion objektu hegalari argitsua atzean uzteko, baina horrek maniobra azkar batekin maila berean jarri zitzaion.

Hain ezohikoa, arriskutsua eta bitxia zen objektu argitsu horren portaera, ezen Super Caravelleko pilotuak baimena eskatu ziola Valentziako aeroportuari larrialdiko lurreratze bat egiteko. Lehenengo aldiz Espainiako abiazio komertzialaren historian, hegazkin batek lur hartu behar izan zuen OHE bat dela-eta.

Azpimarratzekoa da Manisesko radarrak hiru objektu antzeman zituela hegazkinaren inguruan, oso handiak (200 metroko diametroa), horietako bat geroago Mallorca aldera joan zena, eta beste biak hegazkinaren ondoan geratu zirenak [9]. Hegazkinak lurreratu baino pixka bat lehenago, baina, bi argi misteriotsu horiek desagertu ziren.

Eragindako egoera ezohikoaren aurrean, Valentziako aeroportuaren agintariak harremanetan jarri ziren gertuko base militar batekin, Aireko Armadaren laguntza eskatuz objektu hegalari ezezagun horiek identifikatu ahal izateko. Horrela, pixka bat geroago, Albaceteko Los Llanos base militarretik Mirage F-1 hegazkin militarra irten zen, Fernando Camara kapitainak gidatua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Cardeñosa Chao, Bruno (2010)El mejor caso OVNI de la historia El misterio Ovni: Un alto secreto al descubierto: investigaciones y evidencias. Nowtilus ISBN: 978-84-9763-342-0
  2. Serrano, Álex (2020ko azaroaren 12an) El OVNI de Manises: 41 años de un misterio aún sin respuestas Diario Sur
  3. Los secretos extraterrestres del caso Manises Youtube, DMax
  4. Comando actualidad: Fenómeno OVNI RTVE Play
  5. Los secretos extraterrestres del caso Manises Youtube, DMax
  6. Villatoro, Manuel P. (2020ko azaroaren 12an) El misterio del ovni de Manises: ¿qué eran las «luces rojas» que desafiaron a un caza español? ABC
  7. Múgica, Enrique Causas del desvío del avión Super-Caravelle ide la Compañía TAE Boletín Oficial de las Cortes Generales - Congreso de los Diputados
  8. Serrano López, A. (2023) El ovni de Manises: un misterio aún sin respuestas Las Provincias
  9. Los secretos extraterrestres del caso Manises Youtube, DMax