Lipman Bers
Lipman Bers (Riga, Letonia, Errusiako Inperioa, 1914ko maiatzaren 22a - New Rochelle, New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1993ko urriaren 29a) matematikaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuricheko Unibertsitatean egin zituen lehenengo ikasketak; gero Rigara itzuli zen, eta hango unibertsitatean ikasi zuen. Diktadura zela-eta, Pragara joan behar izan zuen eta han egin zuen doktoregoa, Karl Loewnerren zuzendaritzapean; tesia teoria potentzialari buruz egin zuen.
1938an Parisa joan zen, eta gerra zela-eta, Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin zuen. Joan baino lehen, Greenen funtzioei eta irudikapen integralei buruzko bi artikulu idatzi zituen. New Yorken jarraitu zituen bere ikerketak, eta postu bat lortu zuen Brown Unibertsitatean; han bi dimentsioko fluxu subsonikoa ikertu zuen.
1945-49 urteetan Sirakusako Unibertsitatean irakatsi zuen, eta bitartean ekuazio eliptiko ez-linealak aztertu zituen. Haren ekarpenik garrantzitsuenak 1950eko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan azaldu zituen. Princetonen, Teichmüllerren teoria, funtzio pseudoanalitikoak, Kleinen multzoak eta abar landu zituen. 1951n New Yorkeko Courant Institutura joan zen, eta 13 urte eman zituen han. Urte horietan liburu eta artikulu garrantzitsu ugari argitaratu zituen. 1964an Columbiako Unibertsitatera joan zen, eta han egon zen 1984an erretiratu zen arte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.