Kateko ekoizpen
XIX. mendearen amaieran, ekoizpena handitzeko lan-sistema berriak jarri zituzten martxan. Horien artean kate-produkzioa zegoen. Kate-produkzioa prozesu iraultzailea eta esanguratsua izan zen produkzio industrialean. Kate-produkzioaren oinarria muntaketa-katean dago.
Kate-produkzioa hitza (ingelesez: Mass production) 1926an ezagutarazi zen, Encyclopedia Britannica-ren eranskinean idatzi zen Ford Motor Company-ri buruzko artikulu baten ondorioz.
Industria iraultza gertatu zen urteetan azaldu zen serie- edo kate-ekoizpena. Kopuru handian estandarizatuta dauden produktuen ekoizpena egiten da kate-produkzioan, eta gehien bat muntaketa-katetan erabiltzen da. Kate-produkzioa hiru ekoizpen-metodo nagusietariko bat da (enkargu bidezko produkzioarekin eta lote-produkzioarekin batera), produkzioa organizatzeko modu bat, hain zuzen.
Langile bakoitza funtzio espezifikoan espezializatzen da, langile bakar batek hasi eta bukatu ordez. Langilea lanera eraman beharrean, lana langilearengana eramatea aurrerapen handia izan zela esan daiteke. Gainera, ekoizpen-sistema honekin, produktuen kalitatea hazi zen, ekoizpen-denborak hobetuz.
Industria iraultzaren eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendearen erdialdean, etengabeko aldaketa-prozesua abiarazi zen Europan. Teknika, energia-iturri eta lana antolatzeko modu berriak erabiltzearen ondorioz, izugarrizko hazkundea eman zen industrietan. Nekazaritza-gizarte tradizional batetik industria- eta hiri-gizarte moderno baterako aldaketa gertatu zen. Halaber, orduan sortu zen kate-ekoizpena. Handik aurrera prozesu hura erabili zuten industriek, eta ekoizpenean aurrerapen handia izan zen.
Muntaketa-katearen erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Produktiboak ez diren mota guztietako esfortzuak gutxitzea da muntaketa-katearen helburu nagusia.
Aurreko garaietan, langileak joan behar izaten ziren beharrezko ziren pieza, produktu edo erraminten bila. Ondoren, bana-banan mugitu edo garraiatu behar izaten zituzten erabili behar zituzten tokietara. Gainera, produktu baten konponketa- , muntaketa- edota sortze-prozesu osoa langile bakar batek egiten zuen, hasieratik produktua bere osotasunean bukatzen zuenera arte. Langileen lanorduak ez zeuden zehaztuta, eta soldata kaxkarrak zituzten.
Kate-produkzioa, aldiz, lan egiteko modu erraz eta produktiboagoa da. Langile bakoitzari lan zehatza ezartzen zaio, behin eta berriro errepikatu behar duena. Muntaketa-katea uneoro mugitzen ari da. Garraiatzaile batetik langileek haien lana burutzeko beharrezkoa duten dena pasatzen da (landu beharreko piezak, materialak, lan-tresnak…) eskura izan dezaten. Honela, langileek ez dute denborarik galtzen materialaren bilaketan. Baina honek arazo bat du. Inor ezingo litzateke katetik atera. Langileren bat katetik ateraz gero, kateko lana apurtu egingo litzateke, produktuaren prozesua oztopatuz.
Ondorioz, kate-produkzioan produktua ekoizteko erabiltzen den denbora txikiagoa da, metodo tradizionalarekin baino. Gainera, giza akatsaren probabilitatea gutxitu egiten da, nagusiki zeregin asko mekanizatzen direlako.
Asmakuntza eta asmatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kate-produkzioaren hasierako ideia Taylorismotik dator. Ideia praktikan jarri zuen lehenengo pertsona Ransom Olds izan zen. 1901ean lehen kate-produkzioa inauguratu zuen, Curved Dash izeneko lehen auto prototipoa eraikiz. Baina muntaketa-kate sistemak urte batzuk beranduago hartu zuen ospea, Henry Ford-i esker, honek Olds-en ideia garatu baitzuen.
Taylorismoa ekoizpen-prozesuaren zereginen zatiketan oinarritzen da. Bere izena Frederick Winslow Taylor ingeniari iparramerikarrari zor dio, modelo teoriko hau garatu zuen ekonomista izan baitzen. Taylorismoa antolaketa industrialeko metodo berria izan zen, eta honen helburua produktibitatea handitzea izan zen. Ekoizpen industrialeko teknika modernoetan oinarritzen zen, eraginkortasuna maximizatzeko asmoz eta zereginen zatiketa sistematikoaren bitartez.
XIX. mendean, lanaren diziplina eta produkzioan inbertitutako denbora nola kontrolatzen lortzea zen helburua. Hala ere, lanaren zatiketak ez zuen lagundu produktuen produkzio-abiadura handitzen. Beraz, Taylorrek kronometroaren ideia landu zuen. Lana zati laburretan banatu zuen, zati bakoitzaren iraupena zehaztasunez kronometratzeko, produktuen produkzioan agortutako denbora ezabatzeko asmoarekin.
Aurreko ideiaren hobekuntza eta aurrerapen soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taylorismoa amaitu zen Henry Ford-ek garatutako Fordismoarekin. Fordismoa taylorismoaren ideietan oinarritzen da. 1903an Henry Ford-ek Ford Motor Company sortu zuen Detroit-en. Industrialari iparramerikarraren helburua Taylor-en modeloa hobetzea zen.
Lan-antolakuntza tayloristak fabriken kostuak txikiagotu zituen, baina langileen soldatak kaxkarrak izaten jarraitu zuten. Proletarioak ez zeuden ados horrekin, eta horren ondorioz, grebak egiten hasi ziren. Ford-ek desadostasuna ikustean bere akatsa zuzendu zuen, eta honekin hobekuntza sozial esanguratsu bat lortu zuen.
Ford-ek produkzio-kapazitate handiagoa zuen kate-produkzio bat garatu zuen, honen produktu enblematikoa Ford T kotxea izan zen. Kotxeak seriean ekoiztu, muntaketa-katea garatu eta aldi berean langileen eskubideak zaintzen zituen. Bere modeloa bizkor hedatu zen industria-sektorera. Kate-produkzioan gertatutako eboluzioaren ondorioz, herritarrek asmaketa Ford-ena zela uste izan zuten, benetan, Old-ek asmatu zuenean.
Henry Ford-en ideia nagusia, eta berez, fordismoaren helburu nagusia, autoak seriean egitea izan zen, autoaren ekoizpen-kostuak txikitu zituen, eta salmenta-prezioak ere jaistea erabaki zuen. Horrela, herritar guztiek izango zuten modelo berri hura eskuratzeko aukera. Ezaugarri horien ondorioz, salmentak ugaritu egin ziren, eta autoa merkatuan gehiago ezagutarazi.
Fordismoak taylorismoarekiko duen desberdintasun nagusia merkatuaren hedapenarekin loturik dago. Taylorrek ez zuen herritar guztien ekonomian pentsatzen, bere modeloak ez baitzeuden eskuragarri herritar guztientzat; baina Ford-ek, aldiz, bai.