Kastore
Kastore | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Rodentia |
Familia | Castoridae |
Generoa | Castor (Linnaeus, 1758)
|
Banaketa mapa | |
eta | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Castor (en) , beaver meat (en) , beaver (en) , beaver dam (en) eta beaver canal (en) |
Gaixotasuna | uholdea, hezegunea eta consumption (en) |
Kastorea karraskarien ordenako kastoridoen familiako animalia da, Castor generoa osatzen duena.
1,20 metro luze izan daiteke, eta isatsak beste 30 cm ditu. Ebakortzak oso luzeak eta zorrotzak ditu. Haietaz baliatzen da zuhaitzak bota eta, txikituz, urtegiak egiteko; hala, gordelekuaren sarrera ur azpian geratzen da. Atzeko hankak igerian egiteko egokituak ditu. Gaztaina-koloreko ile leuna du, jantzigintzan oso aintzat hartua.
Zuhaitzen azalak eta ernamuinak janez elikatzen da, eta taldeetan bizi da. Gehienbat gautarra da.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVII. mendean galdu zen kastorea Iberiar penintsulan, suzko armen erabilera zabaltzean guztiak hil arte ehizatu baitzituen gizakiak. 2003an, ordea, Belgikako Pays des Castors talde ekologistak, legez kanpo eta isilpean, Bavarian hazitako 18 europar kastore askatu zituen Aragoi ibaian, Ebrorekin elkartzen den tokitik hurbil. Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua eta Errioxako Gobernua kastore horiek desagerrarazten saiatu dira, baina alferrik. Geroztik, tamaina handiko karraskari horiek poliki-poliki Aragoiko, Nafarroa Garaiko eta Errioxako errekak kolonizatzen joan dira, eta 2014az geroztik Araban ere bizi dira.[1][2][3]
Hainbat urtez Kantauri aldeko arroaren mugan hauteman izan bada ere, (Larraun, Arakil, Erro, Arga, Urrobi...), ez da ipar-isurian aurkitu 2018ra arte. 2018ko otsailean Errobi ibaiaren arroan aurkitu dira ale bakar batek utzitako zantzuak[4].
2016ko urrian kastore bat Kanpezuko (Araba) arrain haztegi batean harrapatuta geratu zen. Arabako Foru Aldundiko teknikariek lagunduta, ibaira itzuli zen. Izan ere, kastoreek, ibai ertzeko makal eta sahatsetan eragiten dituzten kalteez beste, ez diote kalte larririk eragiten gizakiari: belarjaleak dira, ez dute gizakiari kalte egin diezaiokeen gaixotasunik zabaltzen, eta gizakiengandik ihes egin ohi dute. Aitzitik, erreken dinamikari laguntzen lan handia egiten dute kastoreek: erreketan egiten dituzten urtegiei esker, hezeguneak sortzen dituzte, uholdeak kontrolatzen laguntzen dute, eta hondakinak errekatik ateratzen dituzte.[1]
Espezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi espezie daude, oso antzekoak:
- europar kastorea (Castor fiver), Alemania, Polonia eta Errusiako lurraldeetan bizi dena. XXI. mendean, gizakiak lagunduta, Frantziako lurraldeak kolonizatzen ari da; eta Aragoin, Errioxan eta Euskal Herrian ere zabaltzen ari da, legez kanpo sartutako talde batetik abiatuta.
- kanadar kastorea (Castor canadensis), Ipar Amerikan bizi dena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Naiara Lopez de Uralde: «Urteetan desagerturik izan den karraskaria topatu dute Kanpezun», Arabako Alea, 2016-11-03.
- ↑ (Frantsesez) «Où en est la colonisation du castor en France ?», Faune Sauvage, 297. zenbakia, 2012ko 4. hiruhilekoa. (Kopia artxibatua.)
- ↑ (Gaztelaniaz) «Los castores vuelven a criar en España tres siglos después», El País, 2007-12-07.
- ↑ (Frantsesez) CAZABAN et al. 2018: Découverte du Castor d’Eurasie Castor fiber dans le Sud-Ouest de la France (ancienne Aquitaine): Témoignage, description et interprétation des indices de présence cdnfiles1.biolovision.net (Noiz kontsultatua: 2018-12-08).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.