Izakinen kudeaketa
Enpresaren ekonomian, inbentarioaren kudeaketa edo izakinen kudeaketa enpresak biltegiratuta dituen izakinen bolumen hobezina erabakitzeko metodo eta tekniken multzoa da, horretarako materialen zein kopuru eta noiz erosi behar den zehaztuz esaterako, ekoizpen-prozesuaren eta bezeroaren beharrak asetu eta aldi berean izakinek dakartzaten finantza-kostuak minimotuz eta izakinik gabe geratu (stock haustura) eta ekoizpen-prozesua gelditzeko arriskua minimotzen duen gutxieneko segurtasun-stock bat finkatuz. Horretarako, eskaera-tamaina, hornikuntza-denbora, izakinen kostuak, izakien eskaria dependentea edo independentea den eta bestelako parametroak kontuan hartu behar dira. Modelo klasikoak kostuen minimotzea zuten helburu, baina XX. mendeko azken hamarkadetan inbentarioen kudeaketarako metodo berriak asmatu ziren, hala nola MRP eta just-in-time, izakinen bolumena une oro minimotzea bilatzen dutenak, ekoizpen prozesuaren beharrak eta bezeroen eskaerak betez betiere.
Izakinen kostuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izakinen kudeaketa irizpide ekonomikoak kontua hartuz antolatu behar da. Horretarako, beharrezko da izakinek sorrarazten dituzten kostuak zehaztea. Kostu hauek bereizten dira[1]:
- izakinaren kostua, izakin-unitate bakoitza erosi edo ekoizteko kostua da; kostu hau zehaztean, lote handia erosi edo ekoizten bada, unitateko kostua murriztu daitekeela hartu behar da kontuan;
- eskaera kostua, erositako produktuen kasuan, edo preparazio-kostua, ekoiztu beharreko produktuen kasuan, izakinen lote bat jaso edo ekoizteko agindua emateagatik sortzen diren kostuak;
- mantenimendu-kostua, biltegian material eta produktuak edukitzeko kostuak biltzen ditu; horren baitan honako hauek bereizten dira:
- kapital-kostua, izakinak biltegiratzen direnean, horietan inbertitu den kapitala ezin da beste zereginetarako erabili, aukera-kostu bat sortuz;
- biltegiko kostuak, biltegian bertan sortzen diren kostuak biltzen ditu (aseguruak, segurtasuna), biltegiko kostu finkoarekin batera;
- zaharkitze eta hondatze-kostuak, produktuak denbora luzean edukiz gero, baliteke zaharkitu eta merkatu-balioa galtzea; orobat, baliteke biltegian produktuak hondatu edo galtzea;
- haustura kostua, izakinik gabe geratzeagatik sortzen diren kostuak biltzen ditu, hala nola ekoizpen-prozesua gelditzeagatik eta bezeroen eskaerak ez betetzeagatik.
ABC analisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inbentarioa item edo artikulu asko osatzen dutenean, beharrezkoa izan daiteke artikuluen kontrol eta kudeaketarako lehentasunak ezartzea, maiz artikulu batzuk inbentarioaren balio handia hartu edo horren kostu gehiena sorrarazten baitute. Lehentasun horiek ezartzeko aplikatzen ABC analisia, artikuluak A, B eta C izeneko hiru kategoriatan banatzen dituena. A kategorian inbentario kostuaren zati handiena hartu edo balio handiena (kostu osoaren %50, gutxigorabehera) duten artikuluak (guztietatik %5-%10 bitartean, askotan) sartzen dira eta, ondorioz, kontrol zorrotzena behar dutenak, B artikuluak (guztietatik %50, gutxigorabehera) kontrol ertaina beharko lukete eta, azkenik, C kategorian kontrol arina soilik behar duten artikuluak sartuko lirateke.
Izakinei buruzko aldagaiak eta parametroak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zer daukazun jakitea, zer behar duzun jakitea, zer baztertu dezakezun jakitea: horixe da izakinen kudeaketa.
Besteak beste, izakinen kudeaketarako ereduek aldagai eta parametro hauek darabilzkite:
- izakinen eskaria, jakina eta finkoa nahiz ezezaguna eta zorizkoa izan daitekeena;
- segurtasun-stocka, izakinik gabe geratzeko arriskurik ez izateko gutxieneko stock maila da;
- eskaera-puntua, segurtasun-stockera heldu baino lehen, hornitzaileari egin beharreko eskaeraren unea besterik ez da, eskaera jasotzeko denbora kontuan hartu behar duena;
- eskaera-tamaina, hornitzaileari egin beharreko eskaeraren kopurua da, jaso ondoren stockaren maila maximora eraman behar ez duena;
- hornikuntza-epea, eskaera puntutik eskaera jaso bitartean pasatzen den denbora;
- zerbitzu-maila, haustura ez gertatzeko probabilitatea adierazten duena;
- izakinen errotazio-indizea, urtean zehar izakinen bolumena zenbat aldiz berritu den adierazten du; salmenta edo kontsumoa kostu-prezioan batez besteko inbentarioarekin zatituz kalkulatzen da.
Izakinen kudeaketarako irizpide orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parametroak eta aldagai hobezinak zehatz kalkulatzen dituzten izakinen kudeaketarako eredu matematikoak egonda ere, badaude irizpide orokorrak izakinen bolumen handia edo txikia gordetzeko:
- izakinen bolumen handia komeni izango da eskaera-kostua handia denean, biltegiratze-kostuak txikiak direnean, eskaera bolumen handiengatik deskontu handiak eskuratzen direnean, izakinen beharren hazkundea espero denean eta izakinen prezio igoera espero denean;
- izakinen bolumen txikia, berriz, honako kasu hauetan komeni da: biltegiratze kostu handiak eta eskera-kostu txikiak, eskari egonkorra, hornikuntza erregular eta atzerapenik gabea, prezio jaitsieren aurreikuspena eta eskaeren berehalako ordainketa, atzerapenik gabe.
Izakinen kudeaketarako ereduak eta politikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen sailkapen baten arabera, izakinen kudeaketarako ereduak deterministak zein zorizkoak izan daitezke, izakinen eskaria, hornikuntza-denbora eta beste zenbait aldagai edo parametroak jakinak edo zehaztasunez ezezagunak diren. Eredu deterministak sinpleagoak dira garatzen. Aldi bakarreko ereduak (egunkari saltzaileak eguneko zenbat ale erosi behar dituen aztertzen duen newsboy problema, esaterako, ale bakoitza egun horretan soilik sal daitekeelako) eta aldi anitzeko ereduak, non erabakiak ziklo anitzetan zehar hartzen diren (egunkariak inprimatzen dituen enpresak papera aldiro erosi behar duenean, kasu, paperak hainbat ziklo edo egunetan erabil baitaiteke) ere bereizten dira.
Beste alde batetik, berrikuspen jarraituko nahiz periodikoko inbentario-sistemak ere bereizten dira: berrikuspena jarraitua denean, kudeatzaileak une oro daki zein den inbentarioaren egoera (izakinak barra-kode sistema baten bitartez kontrolatuta daudenean, adibidez). Berriskupen periodikoan, ordea, une jakin batzuetan soilik jakin daiteke zein den inbentario maila zehatza. Beste eredu batzuetan, inbentarioa kontrolatzen den uneen arteko denbora erabaki behar den parametroetako bat da. Berrikuspen jarraituko edo periodikoko sistema erabakitzeko,inbentarioa kontrolatzeko eskura dagoen aurrekontuaren (berriskupen jarraituak kostu handiagoa ekartzen baitu) eta kontrolerako teknologiaren arabera dago. Berriskupen periodikoko sistemak izakinen galera (iraungitzeagatik, puskatzeagatik nahiz lapurretagatik) hobeki kontrolatzen dela frogatu da. Beste alde batetik, ordea, berriskupen periodikoak segurtasun-stock handiagoa behar izaten du.
Zorizko ereduetan, hartu beharreko erabakien multzo edo politika zenbait dago, s eskaera egiteko unea, S eskaera jaso ondorengo biltegiko maila, Q eskaera tamaina eta R inbentarioa berrikusten den aldi-kopurua izanik:
- (s,Q): inbentarioa s mailan edo hortik behera aurkitzen denean, Q tamainako eskaera bat agindu behar da. Bi ontziko sistema ere deitzen zaio politika honi, lehenengo ontzi batetik izakinak hartuz, s edukiera duen beste ontzia zabaldu arte: orduan Q tamainako eskaera bat burutzen da, bigarren ontzia bete eta gainerakoa lehen ontzira eramateko.
- (s,S): inbentarioa s mailan edo hortik behera aurkitzen denean, S mailaraino igoarazten duen eskaera agindu behar da; politika hau bat dator lehenengo politikarekin inbentarioaren berrikuspena eta eskaerak jarraituak direnean.
- (r,S): r luzera duen denbora-epe guztietan, inbentario maila S mailaraino igoaratzen duen eskaera agindu behar da.
- (r,s,Q): r aldiro, inbentarioa kontrolatu eta s mailatik behera badago Q tamainako eskaera egin.
Eskari independentea eta dependentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izakinen eskaria beste izakinen eskariaren mendean dagoenean, dependentea dela esaten da. Adibidez, bizikletak muntatzen dituen enpresa batean gurpilen eskariak bizikleten eskariaren dependentzia du. Berriz, bizikleta bukatuen izakinen beste proktuekiko independentea da eta merkatuko eskariaren mendean dago soilik. Eskaria dependentea denean, izakinen kontsumoa loteka izaten da, maila goragoko produktuen ekoizpena ere horrela burutzen delako. Eskaria independentea denean, berriz, bizikleta bukatuen kasuan adibidez, izakinen inbentarioa salmenten gorabeheren araberakoa da eta, oro har, astiro gutxitzen joaten dela pentsa daiteke. Eskari dependentea duten izakinetarako maiz erabiltzen den kudeaketa sistema MRP delakoa da, produktu bakoitzak behar dituen osagai zerrendan oinarritzen dena. ERP eta just-in-time sistemak ere maiz erabiltzen dira kasu horietan. Eskari independenteko izakinetarako, berriz, funtsezkoa izaten da eskariaren aurresan sistema egokia izatea, izakinen inbentarioa murriztu eta segurtasun-stocka deritzon maila batera iristean, izakin berriak eskatzeko unea eta horien kopurua zehaztu ahal izateko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Schroeder, Roger G.. (2011). Administración de operaciones. McGrawHill, 360-361 or..