Indira Gandhi
Indira Priyadarshini Gandhi (hindiz: इंदिरा प्रियदर्शिनी गांधी Indirā Priyadarśinī Gāndhī; Nehru jaioa; Allahabad, Uttar Pradesh 1917ko azaroaren 19a – New Delhi, Delhi 1984ko urriaren 31) Indiako lehen ministroa izan zen 1966tik 1984ra. Indirak botere pertsonal handia bildu zuen. 1984an erail zuten, agintean 15 urtez aritu ostean. Indiak izan duen lehendabiziko emakumezko lehen ministroa eta egundaino bakarra da. Abizen bera izan arren, Mohandas Gandhirekin ez du ahaidetasun loturarik.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indiraren familia Nehru sendia zen, eta eragin politiko handia zuen; Indiraren aitona, Motilal Nehru, ospe handiko indiar lider nazionalista izan zen, eta aita, Jawaharlal Nehru, Indiako independentzia mugimenduko giltzarria eta India Independenteko Lehen Ministroa. Ondorioz, giro politiko bizian hazi zen.
Haurtzaroa Indian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indira Jawarharlal Nehru eta Kamala Nehruren seme-alaba bakarra zen, eta aipatu bezala, giro politiko handiko sendian hazi zen, aita eta aitona garaiko lider politiko garrantzitsuak baitzituen. Bere familia Kashmiri Pandit nabarmena zen eta Anand Bhawanen zuten etxea, neska gazteak bere lehen urteak pasako zituen egoitza.
Maiz gaixo zegoen amaren babes soilean hazi izanak defentsa sena sendoa eta izaera bakarti samarra garatzera bultzatu zuen Indira. Bestalde, senitartekoen jarduera politikoak bere adinkideekin nahasteko aukera gutxi uzten zion. Bera espetxean zen bitartean, polizia sarri euren etxera joan eta altzariak kentzen zizkietela kontatzen du Indiraren aitak Toward Freedom izeneko bere autobiografian:
Nire lau urteko alaba Indira sakonki gogaitzen zuten etengabeko ebaste horiek eta bere haserrea eurei adierazten zien. Etorkizunean orokorrean poliziari buruz izango duen ikuspuntua hein handi batean gertaera hauek baldintzatua delakoan nago.
- Indirak Vanara Sena mugimendua sortu zuen, Indiako Independentzia Mugimenduan rol txiki baina aipagarria bete zuena, neska eta mutil gazteei zuzendua, manifestaldi eta bandera martxak zuzenduz, eta baita debekatutako argitalpen eta materialak zabaltzen ere.
Europan ikasten
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936an, 18 urte zituela, bere ama, gaixotasunarekin luze borrokatu ondoren, tuberkulosiaz hil zen eta, orduz geroztik, Indirak ez zuen familia egonkor batez gozatzeko aukerarik izan. 1930eko hamarkadaren amaieran, Oxford Unibertsitatean, Somervilleko fakultatean ikasketak burutzen zela, Londresko Indiar Independentziaren aldeko Ligako elkartekide bihurtu zen. Handik gutxira, 40ko hamarkada hasieran, Suitzako deskantsu etxe batean egon zen biriketako arazoez sendatzen. Bitarte honetan, txikitan egin ohi zuen eran, karta luzeen bidez mantendu zuen urruneko harremana aitarekin. Gutun hauetan politikaz ere eztabaidatzen zuten. Europa kontinentalean eta Erresuma Batuan eman zituen urteetan parsi gizon gazte bat ezagutu zuen, Feroze Gandhi, politikan sarturik zegoena (Mohandas Gandhiren seme adoptatua).
Ezkontza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Feroze eta Indira Indiara itzuli zirenean, erabat maiteminduta zeuden eta, sendagileen aholkuen aurka, ezkontzea erabaki zuten. Indirak oso gustuko zituen Ferozeren irekitasuna, umorea eta bere buruagan zeukan konfiantza. 1942ko martxoan, erritual hinduekin egin zuten euren ezteia.
Nola Feroze hala Indira, Nazio Kongresuko elkartekideak ziren, eta 1942an, Quit India Mugimenduan parte hartu zutenean, atxilotuak izan ziren. Independentziaren ondoren, Feroze hauteskundeetara aurkeztu eta Uttar Pradeshen parlamentuko kide bilakatu zen. Euren bi semeak jaio eta gero, Rajiv Gandhi eta Sanjay Gandhi, senar-emazte erlazioak okerrera egin zuen eta banantzeko puntuan ere izan ziren. Bere berrautaketaren ondoren, Ferozek bihotzekoa izan zuen eta gertaera honek emaztearekin adiskidetzera eraman zuen. Euren arteko harremana onak gizona hil aurreko urte urrietan iraun zuen, 1960ko irailean hil baitzen Feroze.
Hasierako agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1959 eta 1960 bitartean, hauteskundeetara aurkeztu eta Indiako Kongresu Nazionaleko Presidente hautatua izan zen. Agintaldi bare honetan, bere aita Lehen Ministro zenaren estatuburu ere izan zen. Nehru, ordea, 1964ko maiatzaren 27an hil zen eta, Lal Bahadur Shastri Lehen Ministroa atera orduko, hauteskundeetara aurkeztu eta gobernuan sartu zen, Informazio eta Broadcasting ministro gisa. Tamil Nadu estatuan, hindiz hitz egiten ez zen estatuan, hindia hizkuntza nazional izendatu zutenean, Indira Chennaira (Tamil Naduko hiriburura) joan zen gobernu ofizialekin hitz egin eta komunitateko buruzagiak lasaitzera. Honen aurrean, Shastri eta esperientziadun ministroak lotsaturik geratu ziren euren ekimen ezagatik.
Indirak ministerioaren egunerokoan interes gutxi zuela esaten da, baina politikarien artean trebea eta, komunikabideen aurrean, abilezia handikoa omen zen.
1965eko India-Pakistan Gerra abian zenean, Gandhi Srinangar eskualdean oporretan zegoen. Nahiz Armadak emakumeari garbi adierazi pakistandar matxinoek hiria inguratuta zutela, alde egiteari uko egin eta komunikabideen eta bertako gobernuaren arreta eskatu zuen. Pakistandarren eraso uxatzea lortu eta, 1966ko urtarrilean, Tashkenten bake akordio bat sinatu zen India eta Pakistanen artean.
Neurri handi batean, K. Kamaraj Indiako Kongresu Nazionaleko presidenteak lortu zuen Indira Gandhi Lehen Ministro bihur zedin. Nolanahi ere, bere izendatzea geroago bozketa bidez ziurtatu zen, Morarji Desai aise garaitu zuenean (Indirak 355 lortu zituen eta Morarjik, berriz, 169). Honela, Indiako bosgarren Lehen Ministroa eta kargu hori bete zuen lehen emakumea bilakatu zen.
Lehen agintaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazio-politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1966an, Gandhi Lehen Ministro hautatua izan zenean, Kongresua bi fakziotan zatitua zegoen: sozialistak Indiraren gidaritzapean eta konserbadoreak Morarji Desaienean. Urte baten buruan, arazoak azaleratu ziren eta, 1967ko hauteskundeetan, Kongresuak 60 eserleku galdu zituen, eta Desai Indiako Finantzetako ministro eta lehen ministrorde izendatu behar izan zuen. Harekin desadostasun eta eztabaida ugari izan ondoren, 1969an, Indiako Kongresu Nazionala bitan zatitu zen. Urte hartako uztailean bankuak nazionalizatu zituen. Hurrengo bi urteetan, alderdi sozialisten eta komunisten babesaz burutu zuen agintea.
1971ko India-Pakistan Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistaneko armadak izugarrizko ankerkeriak egin zituen Pakistaneko ekialdeko populazio zibilen aurka eta, ondorioz, 10 bat milioi errefuxiatu Indiara joan ziren ihesi, eta horrek India kolokan ezarri zuen eta finantza arazoak ekarri zizkion. Richard Nixonen pean zeuden Ameriketako Estatu Batuek Pakistan babestu zuten. Dirudienez, begi-bistakoa zen Nixonek Indirarenganako zuen ezinikusi pertsonala, hala nola, bere estatu idazkariarekin zuen komunikazio pribatuan sorgin edo azeri bizkor espresioak erabiltzen baitzituen Indira izendatzeko. Indirak Adiskidetasun eta Kooperazio Hitzarmena izenpetu eta garaile atera zen 1971ko gerra hartan; horrekin batera, Bangladesh sortu zen.
Atzerri politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zulfikar Ali Bhutto Pakistango presidente berria Shimlara gonbidatu zuen astebeteko bilera batera. Elkarrizketek arrakasta handirik eduki ez bazuten ere, azkenean, Shimlako Adostasuna izenpetu zuten, Kashmireko (Indiako ipar mendebaldeko eskualdea) arazoak bide baketsuan konponduko zituztela zin eginez. Ameriketako Estatu Batuekin zuen harremana hoztuz zihoan Nixonekin zeukan bateraezintasunagatik; aitzitik, Sobietar Batasunarengana gerturatuz joan zen.
Arma nuklearren programa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1967an, Txinako Herri Errepublikako mehatxuari erantzuna emanez, eta era berean, Indiaren oreka eta segurtasuna bermatzeko, Gandhik programa nuklear nazionala jarri zuen martxan. 1974an, Indiak informalki Buddha Irribartsua kodeaz ere ezaguna zen test nuklearra aurrera ateratzearekin batera, munduko potentzia nuklear gazteena bilakatu zen.
Iraultza berdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritzaren Berrikuntza programa bereziei eta gobernuaren laguntzari esker, 1960ko hamarkadan, elikagai faltan izatetik herria asetzeko adina baino gari, arroz, kotoi eta esne gehiago ekoiztera pasa zen India. Bere biziko aldaketa hura Iraultza Berde izenarekin ezagutu zen. Bestalde, esne produkzioak ere gora egin zuen, eta horri Iraultza Zuria deitu zitzaion.
Bigarren agintaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agintaldiaren ostean, Indiraren gobernua arazoz lepo zebilen eta, berriz hautatua izan nahi bazuen, nekazarien eta hiriko txiroen babesa behar zuen. Horregatik, 1971ko hauteskundeetan, Garibi Hatao (Pobreziari Stop) eslogana aukeratu zuen, eta baita irabazi ere. Nolanahi, historialari eta letratuak gaur egun bat datoz txirotasunari aurre egiteko lema Gandhiren berrautaketarako aitzakia besterik ez zela izan, azken batean, garapen ekonomikorako bildutakoaren %4a besterik ez baitzen erabili pobreziaren aurkako programentzako.
Ustelkeria Salaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975eko ekainaren 12an, Allahabadeko Auzitegi Gorenak Indira Gandhiren hautaketa baliogabetu zuen hauteskundeetan oker jokatzeagatik. Indirak, beste hautagaiek ere jokaera berdina zutela azpimarratu zuen. Auzitegiak Parlamentuan zeukan eserlekua ken ziezaiotela agintzeaz gain, ondorengo sei urteetan hautagai izatea ere debekatu zion emakumeari. Epaia kaleratu zenean, bere jarraitzaileak bere etxearen aurrean aldarrikatu zioten euren leialtasuna.
Emakumeak bere epaiketaren aurkako apelazio bat hasi zuen eta larrialdi egoera aldarrikatu zuen, demokrazia hausteko azpijokoren bat zegoela esanez. Milaka atxiloketa izan ziren, 22 parlamentari barne, eta komunikabide indiarrak zentsuratuak izan ziren. 1975eko abuztuan Lok Sabhak (Indiako Parlamentuko kamara baxuak) Gandhiri bere ustelkeria epaia kenduko liokeen legislazioa onartu zuen.
Kexuak eta desobedientzia zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indirak bere azken hatseraino herria zerbitzatzen jarraituko zuela esan zuenean, oposizioko alderdiek eta jarraitzaileek bere dimisioa eskatu zuten. Izugarrizko manifestaldiak eta grebak izan ziren Indiraren aurka, eta jendetza handia bildu zen Delhiko Parlamentuan bere dimisioa aldarrikatzen. Indirari autoritarismoa eta boterea bere nahiera erabiltzea egozten zitzaion.
Larrialdi egoera (1975-1977)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordena ezartzekotan, oposizioko hainbat kideren atxiloketa agindu zuen, eta bere gobernuaren gomendioz, Ahmed presidenteak larrialdi egoera deklaratu zuen[2].
Dekretu bidez gobernatzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilabete gutxiren buruan, presidentearen agintea edo Aginte Zentrala deiturikoa (Indiako Konstituzioko 356 artikuluak ahalbideratzen duena) nagusitu zen, hau da, oposizioa indargabetuta geratu zen. Poliziek atxiloketak egiteko askatasun osoa zuten, argitalpen guztiak zentsurapean zeuden... Badirudi, egoeraz baliaturik, Indirak dekretuz gobernatu zuela.
Era berean, Gandhiren gobernuak ados ez zegoen oro isilarazteko eta atxilotzeko kanpaina, Delhi inguruko txabolen garbiketa -milaka pertsona etxe gabe utziz- eta familia plana ere abiarazi zituen (aitei basektomia egitea derrigortzen zuena).
Hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Larrialdi egoera bitan luzatu ondoren, 1977an Indirak hauteskunde deia egin zuen. Baliteke zentsurapean zegoen prentsaren ondorioz bere pertzepzioa okerra izana; izan ere, irabaziko zuelakoan egon arren, erraz gailendu zitzaion Janata alderdia.
Kanporatzea, atxiloketa eta itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Desai Lehen Ministro bilakatu eta Gandhi posturik gabe geratu zen. Desairen gobernuak, haatik, ordena mantendu ezinik aurkitu zuen bere burua, koalizioaren borroka zela medio. Ildo horretatik, Indira atxilotu zuten. Alabaina, estrategia hau ez zitzaien nahi bezala atera, Gandhik bere mesederako erabili baitzuen atxiloketa, herriaren gupida irabazteko. Hitzaldiak ematen ere hasi zen, halaber, eta Larrialdi Egoeran egin zituen akatsak damu zituela ulertarazi zuen.
1979an Desaik dimititu egin zuen eta Sharan Singh jarri zen bere ordez. Hasiera batean, Gandhik presidente berriari bere babesa aitortu zion. Berehala, ostera, iritziz aldatu zuen.
Hirugarren agintaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gandhik azkeneko urteetan arazo ugari izan zituen Punjabekin. 1984ko ekainean, Jarnail Singh Bhindranwale liderraren talde separatista (sikh erlijiokoak) Urrezko Tenpluaren hormetan kanpatzen eta armak biltzen ari zirela, armada tiroka hasi zen, zibil mordoa erailez. Amritsar hiriko urrezko tenplua, sikhen santutegi sakratua, bereganatu zuten gazteek 1982. urtean. 1984.ko ekainean tenplua erasotzeko agindua eman zuen Gandhik. Jai egun bat aukeratu zuten, santutegia erromesez goraino zegoen egun bat eta milaka lagun hil ziren. Urte horretan bertan hil zuten lehen ministroa bere guardia sikhek. Ondorengo urteetan milaka sikh hil zituzten.[3] Gobernuko zenbaketen arabera, 79 gerlari eta 492 sikh suertatu ziren hilda. Oso bestela, bertsio independenteek 500 bat tropa eta 3000 sikh hil zirela diote, tartean emakumeak eta haurrak ere bazeudela gogoraraziz. Beste iturri batzuk bost bider edo hamar bider kopuru handiagoa ematen dute. Amnesty Internatinalek jazarpena salatu zuen. Indiak oraintsu artea ez du aitortu oker jokatu zuela eta jazarpenaren ondorioz 20.000 lagun hil zirela.[3] Gandhik Operation Blue Star onartu izana, sikh-ak Urrezko Tenplutik kentzeko ekimena, gogor kritikatu zuten komunikabide internazionalek. Indirak, Bhindaranwale erabili zuen kausa justifikatzeko, gobernuaren aurkako ideiak zabaltzen, separatismoa bultzatzen eta Khalistan izeneko estatu bat eratu nahian ari zela esanez.
Gandhik bizkartzain asko zituen, horietako bi Satwant Singh eta Beant Singh, biak sikhak. 1984ko urriaren 31n, Peter Ustinov aktore britainiarrarekin izan behar zuen elkarrizketa batera zihoala, aurrez aipaturiko bi bizkartzain hauen zaintzapean zegoen atea pasa zuen emakumeak, eta hauek tirokatu egin zuten [4], Urrezko Tenpluaren erasoa mendekatuz. Indira anbulantzian ospitalera zihoala hil zen. Bertsio ofizialek diote sartu eta aterako 29 bala zituela, eta hainbat txostenetan bere gorputzetik 31 bala atera zituztela esaten da. Azaroaren 3an Raj Ghaten erraustu eta lurperatua izan zen.
Bere heriotzaren ondoren, Indirarekiko leialak ziren kongresu politikariek liskarrak antolatu eta New Delhi eta beste hiri indiar asko eraso zituzten milaka sikh errugabe hil eta izugarrizko sarraskia eginez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Berria. «Nehru-Gandhi: dinastia baten gainbehera» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) S.A.P, El Mercurio. (0001-01-01). «| Emol.com» Emol (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
- ↑ a b CHANDIGARH, KOLDO LENIZ. «Sikha, herri zatitua» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ (Ingelesez) Editors, History com. «Indira Gandhi» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Skard, Torild (2014). "Indira Gandhi". Women of Power: Half a Century of Female Presidents and Prime Ministers Worldwide. Bristol: Policy Press. ISBN 978-1-4473-1578-0.
- Barbara Somervill (2007). Indira Gandhi: Political Leader in India. Capstone Publishers. ISBN 978-0-7565-1885-1.
- Katherine Frank (2010). Indira: the life of Indira Nehru Gandhi. HarperCollins. ISBN 978-0-00-737250-8.
- Meena Agrawal (2005). Indira Gandhi. Diamond Pocket Books. ISBN 978-81-288-0901-9.
- Pranay Gupte (2012). Mother India: A Political Biography of Indira Gandhi. Penguin Books. ISBN 978-0-14-306826-6.
- Pupul Jayakar (1997). Indira Gandhi: A Biography. Penguin Books. ISBN 978-0-14-011462-1.
- Yogendra Kumar Malik (1988). India: The Years of Indira Gandhi. BRILL Publishers. ISBN 978-90-04-08681-4.
- Guha, Ramachandra. India after Gandhi: The History of the World's Largest Democracy (2007) ISBN 978-0-06-019881-7
- Hart, Henry C., ed. Indira Gandhi's India (Routledge, 2019). excerpt
- Jayakar, Pupul. Indira Gandhi: An Intimate Biography (1992) ISBN 978-0-679-42479-6
- Malhotra, Inder. Indira Gandhi: A personal and political biography (1991) ISBN 0-340-53548-2
- Malone, David M., C. Raja Mohan, and Srinath Raghavan, eds. The Oxford handbook of Indian foreign policy (2015) excerpt pp 104–111.
- Mansinghm Surjit. India′s Search for Power: Indira Gandhi′s Foreign Policy 1966–1982 (1984)
- Ved Mehta, A Family Affair: India Under Three Prime Ministers (1982) ISBN 0-19-503118-0
- Ramesh, Jairam. Indira Gandhi: a life in nature (Simon and Schuster, 2017); on environmentalism
- Sahgal, Nayantara. Indira Gandhi: Tryst with Power (Penguin Random House India, 2017).
- Tharoor, Shashi. Reasons of state: political development and India's foreign policy under Indira Gandhi, 1966–1977 (1982) online
- Shourie, Arun (1984). Mrs Gandhi's second reign. New Delhi: Vikas.
- Indira Gandhi – Iron Lady of India by Dr Sulakshi Thelikorala
- Midnight's Children, Salman Rushdie