Hego Korea
Hego Korea,[1] izen ofizialez Koreako Errepublika[1] (koreeraz, hangul alfabetoan: 대한민국, hanja alfabetoan: 大韓民國, Daehan Minguk), ekialdeko Asiako estatu burujabe bat da, Koreako penintsularen hegoaldea hartzen duena. Ipar Korea du iparraldean, Japoniako itsasoa ekialdean, Itsaso Horia mendebaldean, eta Koreako itsasartea eta Ekialdeko Txinako itsasoa hegoaldean. 100.210 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 51,3 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Seul da.
1950-1953 urteetako Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra gogorraren ondoren, eta armistizioa izenpeturik, lerro militar bat ezarri zen 38. paralelotik gertu, bi Koreak banatzen zituena. Ordutik aurrera, Hego Koreak ekonomia hazkunde harrigarria izan zuen, eta per capita errenta Ipar Korean baino hamahiru bider handiagoa izatera iritsi zen.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koreako penintsularen hegoaldea hartzen du, 38. paralelotik behera; Ipar Koreak hartzen du penintsularen iparraldea. Japoniako itsasoa dauka ekialdean, Itsaso Horia mendebaldean, eta Koreako itsasartea eta Ekialdeko Txinako itsasoa hegoaldean. Itsaso Horiaren beste aldean Txina dago, eta Koreako itsasartea igarota Japonia. Luze-zabalean 100.210 kilometro koadro ditu.
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau eskualde geografiko nagusi daude:
- ekialdekoa; Taebaek mendilerro handia itsasertzarekiko paraleloan hedatzen da, eta kostaldea estua da.
- mendebaldekoa; itsasertza zabalagoa da eta mendilerroak, aldiz, baxuagoak.
- hego-mendebaldekoa; mendiak eta ibarrak daude.
- hego-ekialdekoa, gehienbat Nakdong ibaiaren arroak osatzen duena.
Horiez gain, hiru bat mila uharte daude; gehienak txikiak eta biztanlerik gabeak dira eta ekialdeko zein hegoaldeko kostaldeetatik hurbil daude. Jejudo, uharterik handiena, 100 kilometro hegoalderantz dago eta 1.845 kilometro koadroko eremua du; bertan dago Hallasan (1.950 metro), sumendi izandakoa eta estatuko mendirik garaiena.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendiak eta goi-ordokiak dira nagusi Hego Korean. Ekialdeko itsasertzari jarraituz 257 kilometroz luzatzen diren Taebaek mendiak dira mendilerro nagusia; bertako mendirik garaiena Seoraksan (Seorak mendia, 1.708 metro) da. Taebaek mendietatik sortzen dira Sobaek mendiak eta beste mendilerro txiki batzuk penintsulako barnealderantz. Hego Koreako mendirik garaiena Halla mendia (1.950 metro) da, Jeju uharteko sumendia.
-
Arroz alorrak, Ipar Jeolla
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibai nagusiek ekialdetik mendebalderako norabidea dute: Taebaek mendietan jaio eta Itsaso Horira isurtzen dira. Salbuespena Nakdong ibaia da, iparraldetik hegoalderako norabidea duena. Izan ere, Nakdong da herrialdeko ibairik luzeena, 523 kilometroko ibilbidea egiten baitu Taebaek mendietatik Koreako itsasarteraino.[3] Han ibaia, Seuletik pasatzen dena, 514 kilometro luze da, eta nabigagarria 200 kilometroan.[4]
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Koreako klima kontinentala da, negu hotzak eta uda beroak dituena. Neguko batez besteko tenperatura -3,6 °C da iparraldean, 2 °C hegoaldean eta 4,4 °C Jeju uhartean; udan, berriz, 21 °C iparraldean eta 25-27 °C, hegoaldean. Montzoiek ekarritako zikloiek euri ugari eragiten dute uda partean, eta urtean 1.000-1.400 mm euri izaten da Hego Korean.
Datu klimatikoak (Seul, 1981–2010 bitartean, muturrekoak 1907–egun) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 14.4 | 18.7 | 23.8 | 29.8 | 34.4 | 37.2 | 38.4 | 38.2 | 35.1 | 30.1 | 25.9 | 17.7 | 38.4 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 1.5 | 4.7 | 10.4 | 17.8 | 23.0 | 27.1 | 28.6 | 29.6 | 25.8 | 19.8 | 11.6 | 4.3 | 17.0 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | −2.4 | 0.4 | 5.7 | 12.5 | 17.8 | 22.2 | 24.9 | 25.7 | 21.2 | 14.8 | 7.2 | 0.4 | 12.5 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | −5.9 | −3.4 | 1.6 | 7.8 | 13.2 | 18.2 | 21.9 | 22.4 | 17.2 | 10.3 | 3.2 | −3.2 | 8.6 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -22.5 | -19.6 | -14.1 | -4.3 | 2.4 | 8.8 | 12.9 | 13.5 | 3.2 | -5.1 | -11.9 | -23.1 | -23.1 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 20.8 | 25.0 | 47.2 | 64.5 | 105.9 | 133.2 | 394.7 | 364.2 | 169.3 | 51.8 | 52.5 | 21.5 | 1450.5 |
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) | 6.5 | 5.8 | 7.4 | 7.8 | 9.0 | 9.9 | 16.3 | 14.6 | 9.1 | 6.3 | 8.7 | 7.4 | 108.8 |
Elur egunak (≥ 1 mm) | 8.0 | 5.2 | 3.4 | 0.1 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.0 | 0.1 | 2.1 | 6.1 | 24.9 |
Eguzki orduak | 160.3 | 163.3 | 189.0 | 205.0 | 213.0 | 182.0 | 120.0 | 152.5 | 176.2 | 198.8 | 153.2 | 152.6 | 2066.0 |
Hezetasuna (%) | 59.8 | 57.9 | 57.8 | 56.2 | 62.7 | 68.1 | 78.3 | 75.6 | 69.2 | 64.0 | 62.0 | 60.6 | 64.4 |
Iturria: Korea Meteorological Administration[5][6][7] (eguzki orduak eta elur egunak)[8] |
Landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tropikopeko oihana da Hego Koreako lurraldearen bi herenetan, nahiz eta azken urteotan baso ugari desagertu diren. Herrialdeko lur sail gehienak ipar-mendebaldean (Han ibaiaren arroan), hego-ekialdean (Nakdongen arroan) eta hego-mendebaldean (Yeongsanen arroan) daude, eta lurraldearen heren bat hartzen dute, gutxi gorabehera.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Atal honek Hego Koreako historia azaltzen du, hau da, 1948tik aurrera. Lehenagokoa Korea artikuluan agertzen da.
XX. mendean Japoniaren mende egon zen Koreako penintsula, baina Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile atera zenean, Korea bi partetan banatu zen, 38° paraleloak bereizita: Sobietar Batasunak okupatu zuen Koreako iparraldea, eta Estatu Batuek, berriz, hegoaldea.
1948ko abuztuaren 15an Koreako Errepublika eratu zen, Estatu Batuetako militarren laguntzaz. Errepublikako presidente Syngman Rhee eskuindar politikaria izendatu zuten, japoniarren aurkako borrokaren sinbolo izan zen gizona.[10] 1950ean, Ipar Koreako gudarostea Hego Korean sartu zen batasun ideologikoa lortu nahian, eta bi auzo herrien arteko gerra zibila hasi zen: Koreako Gerra. Estatu Batuetako gudarosteak esku hartu zuen hegoaldean, eta txinatar armadak Ipar Koreakoari eman zion laguntza. 1953an su-etena izenpetu zuten.
Syngman Rheek 14 urtez gobernatu zuen herrialdea, konstituzioa eta legeak eraldatuz eta oposizioa gogor erreprimituz. Estatu Batuek laguntza osoa eman zioten, nekazaritza erreforman batez ere; Mao Zedongen Txinako Herri Errepublikan ez bezala, desjabetutako lurjabeek kalte ordainak jaso zituzten. 1960an, Rheek dimisioa eman zuen, ikasleen protesta higikundeak beharturik. Yun Bo-seon lehendakari berriak ustelkeriaren kontra borrokatu eta garapen ekonomikoa bultzatu nahi zuen. Baina militarrek zapuztu zituzten herriaren desirak, estatu-kolpe baten bidez. Horren ondoren, Park Chung-heeren diktadura iritsi zen.
Diktadurak komunismoaren eta ustelkeriaren aurka borrokatu zuen. Ekonomiaren plangintza zentralizatua ezarri zuen, eta Hego Korea herri esportatzaile bilakatu zen. Garapena, ordea, kapitalismo basatian oinarritu zen; herri lantegi bihurtu zen, atzerriko kapitalei zabaldua: langile asko eta merkeak eskaintzen zituen, eta gizarte aurrerakuntza industriaren hazkundearen mesedetan sakrifikatu zuen. Langileen eskubideak ukatuak izan ziren (greba eskubidea, esate baterako). Nekazaritza produktuen prezio apalak zirela eta, nekazari ugarik gune industrialetara emigratu zuten. Alabaina, oso azkar, atzerriarekiko mendekotasuna murriztu eta produkzio aparatu zabala osatu zuen herrialdeak.
1979ko urrian Park Chung-hee hil zuten. Presidentetzarako hurrengo hauteskundeak Choi Kyu-hahek irabazi zituen, baina militarrek beste estatu-kolpe bat eman zuten, eta Chun Doo-hwan jenerala bilakatu zen de facto herrialdeko buru. 1980 hasieran, Gobernu eredu demokratikoago baten aldeko protestak zabaldu ziren. Chun Doo-hwan-en erantzuna, ordea, gerra legea ezartzea izan zen, horrek protestariak etxera bidaliko zituelakoan. Maiatzean, Gwangjuko kaleetan protestan zebiltzan ikasle eta gainerako zibilei oldartu zitzaien armada, ehunka lagun hilez (Gwangjuko Sarraskia).[11] Abuztuan, Choi Kyu-hah kargugabetua izan zen, eta Chun Doo-hwan izendatu zuten presidente.
Chun Doo-hwan-en gobernu autoritarioa 1987an amaitu zen. Urte horretako konstituzio berriak hauteskundeak onartu zituen, eta Roh Tae-woo hautatu zuten presidente. Harrezkero, Nazio Biltzarrak du legegintza ahalmena, eta lehendakariak legea betearaztekoa. 1988an, Seulek Olinpiar Jokoak antolatu zituen, eta 1991n bi Koreak onartu zituzten Nazio Batuen Erakundean.
1993ko hauteskundeetan, Kim Young-sam hautatu zuten presidente. 1996an, diktadurako agintari ohiak epaitzen hasi ziren. Urte bereko abenduan, lanaren legedia berriztatu zelarik (jendea kaleratzeko bide errazagoak onartu eta 1996-2000 urteetan sindikatu berriak sortzea debekatu, besteak beste) protesta handiak izan ziren herrialde osoan, eta zapalkuntza gogorra. 1997an, Hanbo siderurgia taldean finantza eskandalu handia izan zelarik, Lee Soo-sung lehen ministroak eta haren gobernuak dimisioa eman behar izan zuten. Kontserbadoreen joera nagusitik urrundu nahiz, Kim Young-sam presidenteak Goh Kun ipini zuen gobernu berriaren buru.
1997ko abenduan, Kim Dae-jung, Korea Berrirako Alderdiaren (NCNP) hautagaia, Errepublikako presidentetza iritsi zuen oposizioko lehen kidea izan zen, hogeita hamar urteren ondoren. Agintera heldu zenean, bete-betean zegoen 1997ko Asiako finantza krisia: enpresa askok kiebra jo zuten, langabezia handia zen, kontsumoa ikaragarri erori zen, esportazioek behera egin zuten. Presidente berriak, liberal sutsua izanik, ekonomiaren berrikuntza estrukturalerako plangintza zabala jarri zuen abian eta, hasieratik bertatik, krisiak eragindako gizarte arazoei irtenbideak ematen saiatu zen. 1999ko maiatzean, berrikuntza sakonak egin zituen ministerioetan, eta ez zuen zalantzarik izan ekonomiarekin zerikusia zuten ministerioko karguen ia erdiak berriztatzeko. 2000. urtean, Hego Koreako presidentea Ipar Koreara bisitaldi ofizialean joan zen aurrenekoz; bi herrialdeen adiskidetzearen lehen seinalea izan zen.
2014ko apirilean, 304 pertsona hil ziren Sewol ferrya hondoratu zelarik.[12] 36 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten itsasontziko kapitainari, tragediaren erantzule gisa. Kapitainak ontzitik alde egin zuen istripua gertatu zenean, bidaiariei lagundu ordez.[13] Abuztuaren 5ean, Kwon Oh-sung Hego Koreako armadaburuak dimititu zuen, azkenaldian eztanda egin zuen jazarpen auziarengatik. Hainbat soldadu hilak ziren azken hilabeteetan, eta armadan ohikoak diren jazarpenak aireratu ziren. Apirilean 23 urteko soldadugai bat hil zen, beste batek ostikoa emanda bularrean. Ekainean, jazarpenak sufritzen zituen beste soldadugai batek bost kide hil zituen[14]. Urriaren 15ean, Ipar eta Hego Koreak zazpi urteetan lehenengo aldiz jeneralen mailako bilera militar bat egin zuten. Seulen arabera, Piongiangek hiru eskaera egin zizkion tentsioa baretzeko, baina Seulek ez zituen baldintzak onartu[15].
2016an, protesta mugimendu azkarra sortu zen Park Geun-hye presidentearen aurka, eroskeria sare bat sortzea leporatzen zion informazioa argitaratu ondoren. Abenduan, legebiltzarrak haren aurkako auzi politikoa hasi zuen, eta 2017ko martxoan Konstituzio Auzitegiak kargutik kendu zuen. Maiatzeko hauteskundeak Moon Jae-in liberalak irabazi zituen.[16]
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Korea ordezkatze-demokrazia da. Presidentea da estatuburua eta indar armatuen buruzagi gorena. Zuzeneko sufragio bidez hautatzen da, bost urteko agintaldi bakarrerako. Presidentearen eskumena da lehen ministroa izendatzea. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago; ganbera bakarrekoa da, eta Nazio Biltzarra edo Gukhoe izena du.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Korea zortzi probintzia, probintzia autonomo berezi bat, sei metropoli-hiri, hiri berezi bat eta metropoli-hiri autonomo batean banaturik dago.
Mapa | Izena | Hangulean | Hanjan | Biztanleriab | |
---|---|---|---|---|---|
Hiri berezia (Teukbyeolsi)a | |||||
Seul | 서울특별시 | 서울特別市b | 9.989.795 | ||
Metropoli-hiriak (Gwangyeoksi)a | |||||
Busan | 부산광역시 | 釜山廣域市 | 3.509.462 | ||
Daegu | 대구광역시 | 大邱廣域市 | 2.484.864 | ||
Incheon | 인천광역시 | 仁川廣域市 | 2.935.314 | ||
Gwangju | 광주광역시 | 光州廣域市 | 1.472.285 | ||
Daejeon | 대전광역시 | 大田廣域市 | 1.516.208 | ||
Ulsan | 울산광역시 | 蔚山廣域市 | 1.173.143 | ||
Metropoli-hiri autonomoa (Teukbyeol-jachisi)a | |||||
Sejong | 세종특별자치시 | 世宗特別自治市 | 230.327 | ||
Probintziak (Do)a | |||||
Gyeonggi | 경기도 | 京畿道 | 12.610.877 | ||
Gangwon | 강원도 | 江原道 | 1.548.603 | ||
Ipar Chungcheong | 충청북도 | 忠淸北道 | 1.586.943 | ||
Hego Chungcheong | 충청남도 | 忠淸南道 | 2.085.844 | ||
Ipar Jeolla | 전라북도 | 全羅北道 | 1.865.900 | ||
Hego Jeolla | 전라남도 | 全羅南道 | 1.904.314 | ||
Ipar Gyeongsang | 경상북도 | 慶尙北道 | 2.702.385 | ||
Hego Gyeongsang | 경상남도 | 慶尙南道 | 3.368.792 | ||
Probintzia autonomo berezia (Teukbyeoljachi-do)a | |||||
Jeju | 제주특별자치도 | 濟州特別自治道 | 634,274 |
a Koreeraren erromanizazio berrikusia. b 2016ko ekainean.[17]
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Koreak 51.269.554 biztanle zituen 2016an.[2] Biztanleen dentsitatea munduko handienetakoa da: 514 biztanle kilometro koadroko. Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %13,2 dira, 15-24 urte bitartekoak %12,7, 25-54 urte bitartekoak %45,5, 55-64 urte bitartekoak %14,5 eta 65 urtetik gorakoak %14,1. Bizi itxaropena 82,5 urtekoa da; 79,3 urtekoa gizonezkoena eta 85,8 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[18]
Biztanle gehien-gehienak hegoaldeko eta mendebaldeko kostaldean bizi dira. Hazkunde tasak behera egin du, erregulartasunez, 1960ko hamarkadaz gero, 2017ko %0,48ra iritsi arte. Herrialdearen urbanizazio prozesuak gora egin zuen 1970eko hamarkadatik aurrera, eta handia izan da landaldeko migrazioa eremu urbanoen alderantz; gaur egun, biztanleriaren %82tik gora urbanoa da.[18]
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Korea, Ipar Korea bezala, etnien aldetik munduko herrialde homogeneotako bat da. Alde batera utzirik bertan egoitza hartu duten atzerritarrak (1.413.758 lagun 2016ko erroldaren arabera, txinatarrak gehienak)[2], ez dago Korean ez arraza ez hizkuntza gutxiengorik. Korearrek ezaugarri etniko mongoloideak dituzte, baina mongoliarrak baino garaixeagoak eta azal-argiagoak dira.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koreera da hizkuntza ofiziala eta nagusia. Ikasle gehienek ingelesa ikasten dute eskolan, eta batzuek japoniera edo mandarinera ere ikastea hautatzen dute.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015eko erroldaren arabera, biztanleen %56,9 ez dira inolako erlijioren jarraitzaile. Hauetako gehienek korear xamanismoa praktikatzen dute, eta ateoak %15 dira. Kristauak %27,6 dira (%19,7 protestanteak eta %7,9 katolikoak) eta budistak %15,5.[19][20]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Korea: biztanle gehien duten hiriak 2015eko errolda[21] | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Probintzia | Biztanleak | Post. | Izena | Probintzia | Biztanleak | ||
Seul Busan |
1 | Seul | Seul | 9.904.312 | 11 | Yongin | Gyeonggi | 971.327 | Incheon Daegu |
2 | Busan | Busan | 3.448.737 | 12 | Seongnam | Gyeonggi | 948.757 | ||
3 | Incheon | Incheon | 2.890.451 | 13 | Bucheon | Gyeonggi | 843.794 | ||
4 | Daegu | Daegu | 2.446.052 | 14 | Cheongju | Ipar Chungcheong | 833.276 | ||
5 | Daejeon | Daejeon | 1.538.394 | 15 | Ansan | Gyeonggi | 747.035 | ||
6 | Gwangju | Gwangju | 1.502.881 | 16 | Jeonju | Ipar Jeolla | 658.172 | ||
7 | Suwon | Gyeonggi | 1.194.313 | 17 | Cheonan | Hego Chungcheong | 629.062 | ||
8 | Ulsan | Ulsan | 1.166.615 | 18 | Namyangju | Gyeonggi | 629.061 | ||
9 | Changwon | Hego Gyeongsang | 1.059.241 | 19 | Hwaseong | Gyeonggi | 608.725 | ||
10 | Goyang | Gyeonggi | 990.073 | 20 | Anyang | Gyeonggi | 585.177 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970-1990 urteetan Hego Korea azpigarapenetik atera eta industria herrialdea bilakatu zen. 1960ko hamarkadaren hasieran, bertako per capita errenta Asiako eta Afrikako herrialde pobreenetakoaren parekoa zen. 2016an, berriz, 27.539 dolarrekoa zen; alegia, Indiakoa halako hamasei, eta Europar Batasuneko zenbait herrialdeetakoaren parekoa.[22] Garapen ekonomikoa 1960ko hamarkadan hasi zen, gobernuaren esku hartze zuzenaren laguntzaz, esportaziora bideratutako industriak ezarri zirenean. Herrialdeak langile asko eta merkeak eskaintzen zituen. Alabaina, oso azkar, atzerriarekiko mendekotasuna murrizturik (ez ordea energia eta lehengaiena), produkzio aparatu zabala osatu zuen, eta oso korear enpresa talde indartsuak agertu ziren, munduko merkatuan lehiakide gogorrak direnak.
Burdingintza, kimikagintza, ontziolak, automobilak, hornidura mekanikoak eta elektrikoak, eta kontsumo gaiak dira korear industriaren zutabe nagusiak; orobat lantzen dira etorkizun handia duten adarrak, hala nola, elektronika eta bioteknologia. Luzaroan industriaren mende, ia baztertua egon ondoren, nekazaritza asko aurreratu da (arroza, garagarra, fruituak, tabakoa); hala ere, oraindik elikagai asko inportatu behar du, eta handia da nekazaritza balantzaren defizita. 2016an biztanle aktiboen %4,9 enplegatzen zituen.[18]
Hazkundea zerbait moteldu zen 1992-1993 aldian, baina 1994an gora egin zuen, berriz, nahiz eta soldatak handitu eta korear diruaren balioa gehitu amerikar dolarrari buruz. 1995ean egin zen “globalizazio” kanpainarekin, Kim Young-sam lehendakariak ekonomia mugen pixkanakako desagerpenak eragindako aldaketetara egokitzera bultzatu zituen korearrak, eta industria estatuekin lehia zuzenean jarri zuen herrialdea. Hala, ekonomian izan ziren emaitza onak eta hazkunde etengabeak (1981-1989 urteetan, hiru aldiz biderkatu zen barne produktu gordina), soldatak igoarazi zituen, baina orobat igo zen inflazioa (%9,5 1997. urtean). 1997ko Asiako finantza krisiak Hego Koreako garapenaren ereduaren ahultasunak jarri zituen agerian, atzerriko mailegu gehiegizkoak eta finantza sektore sendotasunik gabea, besteak beste. 1998 amaierarako berreskuratu zuen finantzen oreka, eta hasi ziren antzematen ekonomia berpiztearen lehen seinaleak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koreako kulturak Txinakoaren eragin handia du, baina ezaugarri bereziak gordetzen ditu, eta xamanismoa, budismoa eta konfuzianismoa du oinarritzat. Gaur egungo literaturak gizarte eta politika gorabeherak lantzen ditu. Koreako arkitektura, Txinaren eragin nabarmena duena, ingurumenera eta herriaren beharrizanetara egokitu da. Zeramikak eta kaligrafiak garrantzi handia dute Korean. Bertako dantzak eta musikak ospakizun berezietan agertzen dira.
Hego Korearen industrializazioak eta urbanizazioak aldaketa asko eragin ditu hegokorearren gaur egungo bizimoduan. Ekonomiaren eta bizimoduaren aldaketaren ondorioz, biztanleria kontzentratu egin da hiri nagusietan, batez ere Seulen hiriburuan, familia nuklearren moldaketetan bereizten diren belaunaldi anitzeko etxeak baitaude. Euromonitor 2014ren azterketa baten arabera, Hego Koreako biztanleek astean alkohol gehiago edaten dute munduko gainerako herrialdeekin alderatuta. Hego Koreako biztanleek astean batez beste 13,7 likore-trago edaten dituzte, eta aztertutako beste 44 herrialdeetatik, Errusiak, Filipinek eta Thailandiak atzetik jarraitzen dute.[23]
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koreako arteak eragin handia jaso du budismotik eta konfuzianismotik; pintura tradizional, eskultura, zeramika eta arte eszenikoetan ikus daiteke.[24] Zeramika eta portzelana korearra, hala nola Joseontarren baekja eta buncheonga, eta Goryeotarren zeladoia oso ezagunak dira mundu osoan. Koreako tearen zeremonia, pansori, talchum eta buchaechuma, arte eszeniko nabarmenak ere badira.
Gerraosteko korear arte modernoa 1960 eta 1970. urteetan loratzen hasi zen, Hego Koreako artistak forma geometrikoez eta gai ukiezinez interesatu zirenean. Gizakiaren eta naturaren arteko harmonia ezartzea ere garai hartako gai faboritoa izan zen. Ezegonkortasun soziala zela eta, gizarte-gaiak 1980ko hamarkadan agertu ziren gai nagusi gisa. Hainbat nazioarteko ekitaldi eta erakusketek eragin zuten artea Korean, eta aniztasun handiagoa ekarri zuen.[25] 1988ko Eskultura Olinpikoko Lorategia, 1993ko Whitney Biurtekoaren transposizioa Seulera eramatea,[26] Gwangjuko Biurtekoaren sorrera[27] eta Koreako Pabilioia 1995ean Veneziako Biurtekoan gertaera nabarmenak izan ziren.[28]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/4/7 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2018-4-5).
- ↑ a b c South Korea: Population, Households and Housing Units. kosis.kr (Noiz kontsultatua: 2018-4-5).
- ↑ South Korea. Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-8).
- ↑ Han River. Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-8).
- ↑ Climate data in seoul, 1981 ~ 2010, Korea Meteorological Administration.
- ↑ 기후자료 극값(최대값) 전체년도 일최고기온 (℃) 최고순위, 서울(108). Korea Meteorological Administration (Noiz kontsultatua: 2013-08-18).
- ↑ 기후자료 극값(최대값) 전체년도 일최저기온 (℃) 최고순위, 서울(108). Korea Meteorological Administration (Noiz kontsultatua: 2013-08-18).
- ↑ Climatological Normals of Korea. Korea Meteorological Administration.
- ↑ Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
- ↑ Zubiria Elexpe, Xuban. Korea sufrimenduaren istorio eta Historia. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
- ↑ Ezkerra, Estibalitz. Gwangjuko sarraskia 36 urte geroago. Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
- ↑ 'Sewol' ferryaren hondoratzearen urteurrena gogoratu dute Hego Korean. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-4-8).
- ↑ 'Sewol' ontziko kapitainarentzat 36 urteko zigorra. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-4-8).
- ↑ Hego Koreako armadako buruak dimititu egin du, jazarpenen auziarengatik, Berria, 2014-08-06
- ↑ Bilera militar bat egin dute Ipar eta Hego Koreak, Berria, 2014-10-16
- ↑ Rodriguez, Mikel. Liberalek bertze aro politiko bat hasi nahi dute Hego Korean. Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-4-13).
- ↑ 연령별 인구현황. (Noiz kontsultatua: 2018-4-10).
- ↑ a b c South Korea. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-4-5).
- ↑ 성, 연령 및 종교별 인구 - 시군구 (Population by Gender, Age, and Religion - City/Country). kosis.kr (Noiz kontsultatua: 2018-4-10).
- ↑ Win-gallup International Global Index of Religiosity and Atheism-2012. WIN-Gallup International, scribd.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-10).
- ↑ 2015년 인구주택총조사 전수집계결과 보도자료 (2015 Population and Housing Census). kostat.go.kr (Noiz kontsultatua: 2018-4-10).
- ↑ GDP per capita. World Bank, data.worldbank.org (Noiz kontsultatua: 2018-4-11).
- ↑ «South Koreans drink twice as much liquor as Russians and more than four times as much as Americans – Quartz» web.archive.org 2014-02-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ «Korean Art» www.asia-art.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ «apexart :: Conference Program :: Young Chul Lee» apexart.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ (Koreeraz) «휘트니 비엔날레 내년 서울서 열린다» 서울신문 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ «Gwangju Biennale 2010» web.archive.org 2010-07-10 (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
- ↑ www.korean-pavilion.or.kr (Noiz kontsultatua: 2020-05-17).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanbodia • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Thailandia • Vietnam | ||
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |