Durangaldea
Durangaldea | |
---|---|
Euskal Herria | |
Durangaldea Anboto menditik ikusita. | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Bizkaia |
Udalerriak | Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio, Zaldibar eta Zornotza (Amorebieta-Etxano) |
Herri handiena | Durango |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°12′N 2°36′W / 43.2°N 2.6°W |
Azalera | 298,83 km² |
Demografia | |
Dentsitatea | ERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen biztanle/km² |
Durangaldea Bizkaiko hego-ekialdean dagoen barnealdeko eskualde mugakidea da. Iparraldean Lea-Artibai dauka mugakide, hegoaldean Zuia-Gorbeialdea (Araba), mendebalean Arratia eta ekialdean Debagoiena (Gipuzkoa).
Hamalau udalerrik osatzen dute, 298,83 km karratu eta 96.234 biztanle edukiz (2019). Herri nagusia eta eskualdeari izena ematen diona Durango da, eta herririk txikiena Izurtza da.
Bizkaiko bigarren eskualderik populatuena da, Bilboaldearen atzetik.
Ingurune naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urkiolako Parke Naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urkiolako natura parkea: 5.958.3 hektarea dauzka, eta Bizkaiko Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Dima, Durango, Mañaria eta Izurtza udalerriak barne hartzen ditu.
Mendiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anbotoko mendilerroa eta Aramozkoa eskualdeko hegoaldean daude. Lehenengoak banatzen ditu Atxondo, Abadiño eta Mañaria alde batean eta Otxandio bestean. Bigarrenak bereizten du eskualdea Arratiarekin.
Iparraldean, beste alde batetik, Oizko mendilerroa dago, Durangaldea eta Lea-Artibai banatzen dituena.
Ekialdean, azkenik, Elgetako mendilerroak eta Udalatx mendiak bereizten ditu Durangaldea eta Deba Goiena.
Hauexek dira tontorrik ezagunenak, alturaren arabera ordenatuta:
- Anboto (1.331 m).
- Udalaitz (1.117 m).
- Alluitz (1.040 m).
- Oiz (1.029 m.).
- Leungane (1.009 m).
- Mugarra (964 m).
- Untzillatx (934 m).
- Axtxiki (791 m).
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdea Ibaizabalek hego-ekialdetik ipar-mendebalderuntz gurutzatzen du, eta haixe da ibai arro nagusia. Ipar-mendebaldean, bestela, Zornotzako udalerriaren zati txiki bat Oka ibaiaren barruan gelditzen da. Ipar-ekialdean, Mallabiaren zati handi bat eta Ermua Deba ibaiko arroan daude, eta Mallabiaren zati txikiago bat Artibaikoan. Azkenik, Otxandio eta Abadiñoko eta Atxondoko zati bana Zadorrako arroan daude, Arabako hego-isurialdean.
Udalerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herria | Biztanleria | Lurraldea km² | Alkatea | Alderdi politikoa | |
---|---|---|---|---|---|
Abadiño | 7.658 | 36,26 | Mikel Garaizabal | EAJ-PNV | |
Atxondo | 1.350 | 23,41 | Xabier Azkarate | EAJ-PNV | |
Berriz | 4.580 | 29,95 | Orland Isoird | EAJ-PNV | |
Durango | 30.118 | 10,79 | Ima Garrastatxu | EH BILDU | |
Elorrio | 7.375 | 37.40 | Idoia Buruaga | EH BILDU | |
Ermua | 15.847 | 6,48 | Juan Carlos Abascal | PSE-EE/PSOE | |
Garai | 325 | 7,12 | Erramun osa | EAJ-PNV | |
Iurreta | 3.665 | 18,84 | Iñaki Totorikaguena | EAJ-PNV | |
Izurtza | 252 | 4,32 | Lorea Muñoz | EH BILDU | |
Mallabia | 1.173 | 23,79 | Igor Agirre | EAJ-PNV | |
Mañaria | 522 | 17,73 | Ainara Otxotorena | EH BILDU | |
Otxandio | 1.330 | 12,43 | Egoitz Garmendia | EH BILDU | |
Zaldibar | 3.045 | 11,84 | Jose Luis Maiztegi | EAJ-PNV | |
Zornotza | 19.329 | 58,46 | Andoni Agirrebeitia | EAJ-PNV |
Eskualde hau osatzen duten herriak Ibaizabal ibaiak zeharkatzen duen haranean kokatuta daude. Mallabia eta Ermua, Ego ibaiaren aranean daude kokaturik, eta Otxandio Urkiola mendatearen beste aldean.
Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak Durangaldeko 13 udalerri hartzen ditu. Haren helburua da landa inguruko biztanleen bizi kalitatea hirikoarekin parekatzea. Berrizko udaletxe zaharrean dauka egoitza.
Kartografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Durangaldeko mapa orokorra
-
Durangaldeko udalerriak
-
Durangoko merinaldearen amankomunazgoa
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo giza aztarnak Neolitiko garaikoak dira eta arkeologi lorratz garrantzizkoak aurki ditzake Abadiñoko Bolinkoban (giza okupazioaren aztarnak) eta Oiz eta Sabigain mendietan (trikuharriak eta hilobiak). Aipatzekoa da ere, Bilboko Museo etnografikoan aurkitzen dan Mikeldi izeneko irudia.Gaur egun, Durangoko Ezkurdiko parkean irudi honen kopia bat ikus ditzakegu.
Garaiko Momoitioko Juan Deunaren baselizan eta Elorrioko Argiñetan Erdi aroko hilarriak eta hilobiak aurkitu ditzakegu.
Durangoko ibar-jaurerria Durangaldea osatzen duten 12 udalerriek izan zuten lehen eraketa politikoa izan zen Gerediagako baselizan elkartegunea izanik eta Nafarroako Erresumaren menpe. 1200. urtean Gaztelako Erresumaren menpe gelditu zan eta 1212. urtean Bizkaiko Jaurrerian sartu zen Nafarroako erregeak Bizkaiko Jaunari, Navas de Tolosako guduan honek eman zion laguntzaren truke. Ofizialki, 1630. urtean izan zuen Bizkaiko Jaurerrian sarrera batasun eskrituraren bidez. Durangaldeak beti izan zituen Bizkaiko Jaurerrian sartzeko arazoak. Gernikako Biltzar Orokorretan Durangaldeko herri bakoitzak boto bana ez izateak, Gerediagako baselizan egiten ziren Durangaldeko Ibar-jaurerriko Biltzarrak mantentzea lortu zuen.
Ibar-jaurerrian elizateek baino ez zuten parte hartzen, hiribilduek ez zutelako hitzik ezta botorik ere, Bizkaiko Jauntxoek sortuak baitziren eta beraien foru-legeak izaten baitzituzten. Durangoko ibar-jaurerritik kanpo gelditzen ziren hiribilduak Elorrio,Ermua, Durango eta Otxandio ziren. 1875eko abenduaren 27an Ibar-jaurerriaren azken batzarra egin zuten.
Aipatzekoak dira, baita ere, lurralde honetan izan ziren hereje eta sorginkeria mugimenduak. "Durangoko herejeak" izenarekin deitutako mugimendu bat sortu zen Durangon 1437 eta 1442 urteen artean Alonso de Mella fraidearen eraginez. Mellaren pentsaera erlijiosoa Italian sortutako "fraticelli" mugimenduan oinarritua zen eta Durangoko Tabirako San Pedro elizaren inguruan egin zituen bere lehen biltzarrak. Fernando de Muniqueta presbiteroak, mugimendua handitzen zihoala ikusirik, Joan II.a Gaztelakoa erregeari laguntza eskatu zion eskutitz baten bidez eta honek Inkisizioko ikusleak bidali zituen. Epaiketen ondorioz 10 emakume eta gizon bat bizirik erre zituzten eta Frai Alonso de Mella Granada aldera ihes egitea lortu zuen. Durangoko herejeek, justiziaren eraginetik ihes egiteko, tronpa batzuen bidez komunikatzen ziren eta, hori dela eta, gaur egun ere, Durango herria "Tronperri" ezizenarekin ezagutzen da.
Azkenik, XX. mendean eskualde mugakide hau bidegurutze estrategikoa izan zen Espainiako Gerra Zibilean. Alde batetik, Otxandio eta Durango bonbardatu zuten frankistek hegazkinen bidez Gernika baino lehen, mota honetako lehenengo erasoaldiak izan zirelarik. Beste alde batetik, Urkiolako eremuan gerrako frontea egon zen, hegoaldetik edo Arabatik zetorrenez Errepublikaren aurkako armada. Ekialdean, berriz, Elorrio lehenengo herria zen Intxortetako eta Udalatxeko defentsak eta gero.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabatik, BI-623 bidea hartuz eta Otxandio zeharkatuz, Urkiolako mendatea igoz Durangaldeko haranean sartu genezake. Sarrerarik garrantzitsuenak N-634 (Bilbo eta Donostia lotzen dituen bidea) eta AP-8 dira.
Osasun arloko azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zaldibarko Ospitalea: erietxe psikiatrikoa.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkera tradizionalei dagokienez, mendebaleko euskara edo bizkaieraren aldaera sortaldekoa da Koldo Zuazoren arabera, Lea Artibai eta Deba Goienako euskalkiekin senidetuta, eta Arratiako azpieuskalkiekin desberdinduta. Otxandion tarteko hizkera hitz egiten da, Legutio aldeko jatorrizko aldaerekin batera. Zornotzako euskara, bestela, Gernika eta Urdaibaiko tarteko hizkeren tankerakoa da.
Hedabideei dagokienez, Anboto Komunikabideak euskararen normalkuntza zabaltzeko lanak egiten ari dira 2001etik.
Azoka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultur arloan, aipagarria da Gerediaga Elkartea (Abadiño). Izan ere, haiek dira Durangoko Azoka ospetsua antolatzen dutenak. Euskal Herri mailako literatura eta musika arloko azoka nagusia da, euskararen sustapena 1965etik egiten dutela. Kokapen geografikoak laguntzen du abenduro topagunea izaten.
Bertsolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestela, bertsolaritzak erro sakonak bota ditu zonaldean azken hamarkadetan, Xabier Amuriza, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Miren Amurizaren jardunak bereziki azpimarragarriak direlarik. Abadiño, Berriz, Durango eta Zornotzan martxan daude bertso-eskolak halaber.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plateruena Kafe Antzokia eta San Agustin Kultur Gunea dira kontzertu areto nagusiak eskualdean. Eta musika talde garaikideen artean, 7 Eskale, Gu eta gutarrak, Seiurte, LOR eta Nuuk-at nabarmentzekoak dira, besteak beste.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Durangaldea
- Anboto aldizkari digitala
- Gerediaga Elkartea
- Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
- Arriola kultur aretoa
- Durangaldeako mendiei buruz Argia aldizkarian
Durangaldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Abadiño • Atxondo • Berriz • Durango • Elorrio • Ermua • Garai • Iurreta • Izurtza • Mallabia • Mañaria • Otxandio • Zaldibar • Zornotza |