Edukira joan

Arte

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

Artikulu hau kontzeptu filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Arte (argipena)».
Gaueko kafetegia, Vincent Van Goghek 1888an margotua

Artea edo ertia errealitatea edo irudimena nolabait adierazteko giza ekintza da. Horretarako, askotariko tresnak erabili ohi dira, hala nola materia, irudia, soinua, gorputz-adierazpena eta abar, hartzailearen irudimena edota emozioa suspertzeko helburuarekin.

Etimologia: artea / artisautza bereizketa

Arte izena latinezko ars-artem hitzetik dator. Hastapenetan teknikari erabat lotuta zegoen, grezieraz tekne (τεχνη) esaten baitzitzaion. Horrela, artea eta artisautza sinonimotzat erabiltzen ziren oro har.

Pizkundean, XV. mendearen bukaeran, artearen eta artisautzaren arteko bereizketa ezarri zen: artisauak obra errepikagarriak ekoizten ditu, eta artistak, aldiz, obra bakarrak.

Erti hitzari dagokiola, Sabin Aranak sortutako hizperria da, eder eta -di elkartuta.[1] Erti, sarri, erti-mota batzuen izenen bigarren osagai erabili da (esate baterako, ele + erti = elerti; berebat, antzerti, olerti...).

Artearen teoriaren historia

Arte kontzeptuak hainbat jarduera hartzen ditu, eta jarduera horiek nolabait bereizteko, hainbat multzo egin ohi dira: arte operatiboak, arte sortzaileak, arte ederrak... Dena dela, zaila da oso artetzat hartzen diren jarduerak zehatz sailkatzea. Historian, hainbat filosofo eta artista aritu izan da horretan, baina ez da artea bera zer den definitzerik lortu, eta are gutxiago, arteen sailkapenik egiterik. Hala, XIX. mendea arte, aurkikuntza eta mugimendu handien mendea arte, ez zen eman egun arte kontzeptuaz ulertzen denaren definizioa, nahiz eta ordurako emanak ziren artearen hainbat teoria.

Antzinako Grezia, Erroma eta Erdi Aroa

Akilesen ezkutuaren irudikapena, Angelo Monticelli, 1820.

Kristo aurreko garaietan, eta Itun Zaharrari jarraituz, ez zen arteaz azalpen teorikorik eman, baina greziarren garaian esan daiteke eman zela artearen lehenengo teoria, Hesiodoren Teogonia lanean (K.a. VIII-VII m.). Hesiodoren teorian, musek dakarten egia inspiratzailea aipatzen da; poesia, dantza eta musika, beraz, egiaren eta pozaren iturri lirateke, gaitzak ahaztu eta grinak aldentzeko bidea. Iliadaren hemezortzigarren liburuko (K.a. IX. mende inguruan) Akilesen ezkutuaren deskribapenean azaltzen da arte plastikoen lehen teoriatzat har daitekeena; metamorfosia eta mimesia aipatzen ziren hartan, eta haiek izan ziren ondorengo mendeetan ere Greziako artistek kontuan hartutako oinarriak. Haietatik abiatuta sortu zen artearen ikuspegi fantastikoa, irudimenezkoa.

Jenofanek irudimenezko jarduera gisa definitu zituen poesia, pintura eta eskultura.

Platonek ere imitazioa lotu zion arteari. Haren ustez, imitazio dira artelanak, eta imitazioa da artelanak sortzeko jarduera ere, artelanek imitatzen duten munduaren egilearen jarduna imitatzen baitute artistek. Aristotelesentzat, artea ez da errealitatearen isla, izan litekeenarena baizik, errealitateaz haraindiko zerbaitena, arimarena. Ikuspegi horretatik definitu zituen pintura, musika, eta poesia.

Erromako tradizioan, apainketarako jarduera zen artea, baina kristautasunean eta Erdi Aroan gainditu egin zen ikuspegi hori, eta Plotinoren teoria nagusitu zen, artea edertasunez azaltzen den arimaren imitazio gisa hartzen duena alegia. Erdi Aroan, artista batek artelana eskuz (pintura, eskultura, buztingintza eta arkitektura ere bai hein batean) egiteko, artelan hori agintzen zionak arte liberalak (zientziak) kontuan hartzen zituela aldarrikatu zuten.

Aro haren amaiera aldera, ordea, kontzeptu berriak agertu ziren, ordura artekoekin bat ez zetozenak. Arte figuratiboak azaldu ziren, arte liberalen maila hartu zutenak. Alegoria baztertu egin zuten, eta sinbolismoa hartu zuten oinarritzat, artelanaren esanahia lanean bertan dela eta hori besterik esan nahi ez duela aldarrikatzen duena alegia.

Berpizkundea

Adamen sorrera (1508-1512), Michelangelo, Kapera Sixtinoa (Vatikanoa).

Antzeko ikuspegia nagusitu zen Errenazimentuan ere. Garai hartako artea bi euskarritan bermatu zen: platoniko-intelektualistan batetik, eta aristoteliko-sentsualistan bestetik. Lehenengoaren arabera, artelanaren esanahia artelanak berak sinbolikoki adierazten duena da, eta bestearen arabera, aldiz, errealitatea esperientziaren bidez ezagutzen du artelanak, errealitatearen imitazioa baita. Azken teoria hori Paduako pinturan islatu zen bereziki, eta Platonena Quattrocentoko Florentziako pinturan.

Cinquecentoan, Leonardo da Vinci izan zen artea munduaren imitazioz eta behaketaz lortzen den ezagutzarako bide moduan ulertzen duen teoriaren ordezkari nagusia. Teoria hori indarrez agertzeaz gainera, eztabaida handiak izan ziren arteen loturari buruzkoak, arteen sailkapenari buruzkoak, artearen teoriari buruzkoak, etab. Kontuan hartu ziren Aristotelesen teoria, eta bereziki Platonen araberako ideiaren imitazioaren teoria.

XVII eta XVIII. mendeak

XVII. mendean, artea ideiaren ezagupentzat hartzen duen ikuspegia nagusitu zen, Baltasar Graciánek bere lanetan azaldu zuena. Emmanuel Tesauroren ikuspegia, metafora oro irudia dela eta, alderantziz, irudia metafora dela esaten zuena ere aintzat hartu zen. Bi teoria horiek eta urte batzuk lehenago Peregrinik emandako teoriek bazuten zerikusirik, artea ez baitzuten hartzen errealitatearen imitaziotzat, errealitate berritzat baizik. Horixe izan zen literatura eta pintura barrokoaren oinarria.

Klasizismoan ere teoria platonikoaren alderdi hori agertu zen. Bi mugimendu horiek izan ziren arte-gertakarien gertaleku XVIII. mendearen erdialdera arte.

XVIII. mendea kulturaren sistematizatze handien garaia izan zen; Dideroten eta D´Alemberten Encyclopedie dago haien artean. Lan eskerga horren lehenengo argitalpenean, gizakiak bere beharrak asebetetzeko, atseginerako, erosotasunerako, etab. egiten duen ekoizpen-jarduera gisa definitu zuten artea. Definizio horretaz gainera, Marmontelek emandako arte liberalen eta arte ederren (elokuentzia, poesia, musika, pintura, eskultura, arkitektura, eta grabatua, marrazkia den aldetik) bereizketa agertu zen. Bigarren argitalpenean, arte ederrak arte mekanikoak asmaturiko objektuak edertzearen arte gisa, erabilgarri dena edertzearen arte gisa, definitu ziren.

XIX. mendea

XIX. mendearen hasieran ezagutza-jarduera moduan ikusi zuten artea erromantizismoaren jarraitzaileek, ezagupenerako bide gisa eta ez ekoizpen soilerako jarduera gisa. Artea ezagupenaren jarduera gorena da, eta hedaduraz, magia. Artea magia gisa, hori da Novalisek aldarrikatu zuena. Schellingek, bere aldetik, filosofiaren goi-mailako organotzat eman zuen artea, nahiz eta, gero, artea eta filosofia parekatu zituen. Parekotasun hori, Hegelek baztertu eta filosofia baino beherago eraman zuen. Rimbaudek eta Frantziako sinbolismoaren beste hainbat olerkarik magia gisa ikusi zuten artea, arrazoiaren mende ez zegoen eta alde horretatik jarduera askatzailea zen zerbait bezala. Mende hartan bertan, naturalistena izan zen artea ezagupen gisa aldarrikatu zuen mugimendua. Bigarren erdialdean, artea edertasunaren sortzaile eta edertasunerako hezitzaile gisa aldarrikatu zuen Ingalaterrako estetizismoak, gizakiaren teknologiarekiko mendekotasunaren eta ekonomia liberalaren askabide gisa. Ingalaterran sortua, hedatu egin zen ikuspegi hori, eta hainbat artista izan zituen jarraitzaile, batzuk pedagogiaren aldetik, politikaren bidetik besteak etab. abiatu zirelarik horren barruan.

XX. mendea

Theodor Adorno (eskuinean), 1964an.

XX. mendearen lehen aldian, artea ezagupenerako bidetzat hartu baina ez zuten ezagupen logikoarekin eta intelektualarekin konparatu, aparteko zerbait bezala ulertu zen. Teoria horrek Bergsonen filosofia du oinarri, eta eragin handia izan zuen XX. mendearen lehen erdialdean Frantzian izandako arte- eta literatura-mugimenduan. Bigarren Mundu Gerra inguruan, Freud eta Jungen inkontzienteari buruzko teoria psikologikoak landu ziren artearen teoriari buruzko eztabaidetan. Aurretik, ordea, ezagupenerako bidea aldarrikatzen zuen mugimenduak soziologiaren ildora hedatu ziren, marxismoaren ikuspegitik errealitate soziala ezagutzeko bide gisaikusten zelarik artea. Bertolt Brechtentzat, gizartea aldatzeko ekintzen hastapena zen artea. Adornok ere soziologiaren inguruko teoria aldarrikatu zuen. Adornoren teoria izan da azken hogei urteotan Europako kulturan nagusitu direnen arteko bat eta Sartre izan du jarraitzale sutsuenetakoa. Bi Mundu Gerren artean, bestalde, arteen sailkapena eman zuen Alain filosofoak: arts de sociéte batetik (dantza, zeremoniakoa, jaiak, musika, poesia eta elokuentzia), eta arts solitaires (marrazkigintza, eskultura, buztingintza, zurgintza, eta arkitektura pribatua), arkitektura publikoa bi atal horien arteko zerbait delarik eta prosa eta liburugintzaren arte grafikoa bigarren multzoan dagoelarik. Horretaz gainera, beste sailkapen batzuk ere egin zituen Alainek, arte estatikoen eta higiduraren arteena esaterako. John Deweyk-entzat, aurrekoentzat ez bezala, artea egiteko era bat da, egiteko jarduera eta objektua hartzen dituena eta artelana gauzatzen gizakia laguntzaile duena moduan definitu zuen, ez egite bat bezala. Duela urte gutxi arteen aniztasuna funtzio anitzen sinbolizatzaile gisa azaltzen duen teoria eman zuen Langerrek. Teoria horrek ez du onartzen arteak ezagutzajarduerarekin zerikusirik ez duenik, eta haren garrantzi kulturala ezezten du. Positibismo logikoak eta estrukturalismoak, semiologiak, eta abarrek, artea zeinu-sistema moduan ikusten duten teoriek, garrantzi handia hartu dute azken urteotan. Dena dela, artearen teorian dihardutenen lanik garrantzitsuenetakoa artearen funtzio eta norabideari buruzko gogoeta egitea da, teknika hain aurreratua izanik, gizakia antzina bere askapenerako bide uste zuen teknikaren mende geratzearen arriskua gainean baita.

Arte-diziplinen sailkapena

Dantza Arte Nagusi bat da.

Arte Nagusiak

Arte nagusiak ikusmena eta entzumenaren bitartez hautematen direnak kontsideratu dira. Tradizioz, sei arte-diziplina nagusi bereizi dira:

Eskultura eta Margolaritza diziplinek Arte plastikoak osatzen dituzte.

Bigarren Mailako Arteak

Arte-objektuarekin harreman fisikoa izatea eskatzen dutenak dira:

XX. Mendeko Arteak

Arte kritika

Denis Diderot, arte-kritikaren sortzailea.

Arte kritika literatura eta mundu akademikoaren arteko generoa da. Artelanen, artisten edo erakusketen balorazioa egiten du, printzipioz modu pertsonalean eta subjektiboan, baina artearen historian eta bere diziplina anitzetan oinarrituta, artea bere arabera baloratuz, testuingurua edo bilakaera kontutan hartuta. Aldi berean, ebaluatzailea, informatiboa eta konparatiboa da, modu zehatz eta entretenigarrian idatzia, azterketa akademikoa dela esan gabe baina datu enpirikoak eta egiaztagarriak eskainiz.

Denis Diderot arte modernoaren lehen kritikaritzat jotzen da: 1725az geroztik Louvre museoaren Salon Carrén egindako erakusketen gaineko iruzkinak idatzi zituen. Jendeari irekitako saloi horiek joera artistikoen hedapen zentro gisa jarduten zuten. Diderotek erakusketa horien inguruko inpresioak 1759an idatzi zituen gutun batean; testu hori Frédéric-Melchior Grimmen Correspondance littéraire liburuan argitaratu zen eta, geroztik, 1781 arte, generoaren abiapuntua izan zen.

Artearen kritikarien esparruan arte-historialariak eta idazleak izan dira. Batzutan azterketa metodologikoan oinarrituta, bestetan norberaren subjektibitatean, laister kritika gustuak moldatzeko benetako tresna zela deskubritu zuten zaleek. Izen handi batzuk aipatuko ditugu: Charles Baudelaire, John Ruskin, Oscar Wilde, Émile Zola, Joris-Karl Huysmans, Guillaume Apollinaire, Wilhelm Worringer, Clement Greenberg, Michel Tapié, Eugeni d'Ors, Juan Eduardo Cirlot, Juan Antonio Gaya Nuño, Irma Arestizábal... [2]

Arte teknikak

Johann Sebastian Bach, kontrapuntuaren maisu nagusi gisa hartua.
Musika
  • Harmonia: akordeak (soinu-multzoak) eratzen irakasten duen zientzia da, eta horiek, modurik orekatuenean, konbinatzeko modua iradokitzen du, horrela erlaxazio-sentsazioak (harmonia kontsonantea) edo tentsio-sentsazioak (harmonia disonantea) lortuz. Funtsean, bertikala den konposizio-estilo bat ezartzen du batera jotzen diren noten artean.
  • Kontrapuntua: musika polifonika konposatzeko erabiltzen den teknika da , aldi berean entzuten diren bi melodia independente edo gehiago (baita ahotsak edo lerroak ere) lotuz. Harmonia baino konplexuagoa da, eta enfasi handiagoa ematen dio konposizioaren garapen horizontalari, zeina noten arteko erlazio interbalikoen bidez ezartzen baita.
  • Homofonia eta Monodia: harmoniaren ikuspuntutik aldi berean, bi zati musikal edo gehiago mugitzen diren testura musikala da, eta bere arteko erlazioak akordeak eratzen ditu. Polifoniari kontrajartzen zaio, horretan parteek independentzia erritmikoa eta melodikoa dutelako eta horien artean nagusitasunik ez dagoelako.
  • Polifonia: aldibereko soinuen multzo gisa ezagutzen da, non bakoitzak bere ideia musikala adierazten duen bere independentzia mantenduz eta horrela besteekin osotasun harmoniko bat osatuz.
  • Musika-apaingarriak: konposizioetan erabil daitezkeen baliabideak dira adierazpen, apaindura, barietate, grazia edo bizitasuna inprimatzeko. Hor sartzen dira, besteak beste, txioak, mordenteak, apaindurak...
Marrazketa
  • Ikatz-ziria: marrazteko materialik zaharrenetakoa da, historiaurretik erabilia. Labean erretako sahats adarrekin egiten da, lapiko itxi batean, eta, gau osoan, tenperatura baxuan egosten uzten da. Ondoren, punta atera eta kanabera edo makilatxo batean sartzen da. Ezin hobea da zirriborroetarako eta ikasketa-prestakuntzerako, hauskorra eta erraz ezabatzen baita.
  • Arkatza: zurezko edo metalezko hodi batean txertatutako grafitoa da, kolore beltzekoa, zorrotza eta ezabatzeko erraza, marrazteko ezin hobea. Italiatik zabaldu zen XV. mendean.
  • Pintzela: marrazketarako eta pinturarako egokia; hainbat animaliaren zurezko eta ilezko euskarri batez osatua dago, ahal dela txerriarena, marta zibelinarena, urtxintxarena, etab. Tintarekin (erretako intxaur oskoletatik datorren ikatz beltzarekin egindako likidoa), urarekin, arabiako gomarekin, gelatinekin eta kanforra edo musketa izeneko usaintzaileekin erabiltzen da. Ezin hobea da bolumenak eta distirak eta argi-eremuak nabarmentzeko.
  • Luma: marrazketarako, idazketarako eta edozein adierazpen grafikorako baliabiderik antzinakoenetako eta idealenetako bat luma da, bai punta ateratzen zaien kanaberazko makilatxoak, bai animalien lumak dituena, antzara batez ere. Tinta, paperaren edo pergaminoaren gainean aplikatzen da.
  • Metalezko puntak (stilum): metalezko punta (beruna, eztainua, zilarra) erromatarren garaitik erabiltzen da, paper, pergamino edo zuraren gainean aplikatuta.
  • Sangina: arkatz gorrixka mota bat da, buztin ferruginosotik lortua, Errenazimentuko Italian modan zegoen marrazki gorrixka berezi bat egiten duena.
  • Klariona: kaltzio sulfato bihidratatua da, Errenazimentutik marrazketa-materialerako edo tenpleko pinturarako pigmentu gisa erabiltzen dena. Barratxoetan landua, klariona zuria (kaltzita), grisa (adreiluzko buztin gordina) eta beltza (fosil ikatza) daude, eta, aro modernoan, konposatu artifizialetako koloretako klarionak[3].
Pintura-paleta, pintzelak eta pintura-hodiak (olioak).
Margolaritza

Pinturak, bi dimentsioko elementu gisa, euskarri bat behar du (horma, egurra, mihisea, kristala, metala, papera, etab.); euskarri horren gainean, pigmentua jartzen da (koloragarria + aglutinatzailea). Aglutinatzailea da prozedura piktoriko desberdinak sailkatzen dituena:

Teknika mistoak
    • Collagea: gainazal batean, hainbat material (papera, oihala, txapa, egunkariak, argazkiak, etab.) aplikatzeko teknika da. Zeinu artistikoko konposizio bat osa dezaten, modu askotara landu (apurtuta, moztuta, urratuta) daitezke, bakarka edo beste teknika piktoriko batzuekin nahastuta.
    • Decollageak collagearen kontrako teknika izendatzen du; irudi bat beste irudi batzuen edo horien zatien batuketatik abiatuta eraiki beharrean, irudi hori sortzen da jatorrizko irudiaren zatiak beste edozein modutan moztuz, urratuz edo ezabatuz.
    • Dripping: action painting delakotik datorren teknika da, pintura mihisearen gainean txirrioanisurtzea (dripping=txirrioan), artistak oihalaren gainean egiten duen mugimenduaren bidez forma eta lodiera desberdinak hartzen dituena.
    • Mihiztatzea (assemblage): eguneroko bizitzatik datozen objektu errealak erabiltzeko teknika da. Objektu horiek euskarri batean itsasten edo mihiztatzen dira, eta, ondoren, beste jarduera piktoriko batzuen edo beste edozein teknika mistoren eraginpean jartzen dira.
    • Frottagea: Max Ernstek 1925ean asmatutako teknika da, arkatz bat objektu baten gainean jarritako orri batean igurtzitzean datza, objektu horren forma eta testura inprimatzea lortuz. Koloretako arkatzekin ere egin daiteke, edo, lehen zirriborroaren gainean, margotu.
    • Grattage: frottagetik eratorria, irudia esgrafiatu baten moduan landuz eta kolorea aplikazio trinkoetan barreiatuz, ondoren espatularekin edo hainbat testurako sare metalikoekin hazka eginez.
Eskulturagintza

Materialaren arabera, hiru sistematan lan egin daiteke: gehikuntzazkoa, materia moldatuz eta gehituz, oro har, materia bigunetan (argizaria, plastilina, buztina); kentzailea, materia ezabatuz irudia aurkitu arte, oro har, material gogorretan (harria, marmola, egurra, brontzea, burdina); eta mistoa, materia gehituz eta kenduz. Galdaketa bidez ere egin daiteke, molde baten bidez. Eskultura egin ondoren, naturalean utzi edo polikromatu daiteke koloragarri begetal edo mineralekin edo enkaustoan, tenperan edo olioan, urreztatuta edo estofatua (urrearen imitazioa).

  • Bolizko eskultura: hainbat animaliaren letaginetatik datorrena (elefantea, hipopotamoa, mortsa, basurde afrikarra), bolia eskulturan eta urregintzan erabiltzen den materiala da. Erraz zizelkatzen da, baina luzera eta kurbadura txikiak ditu. Gubila eta zulagailuekin lantzen da. Urrearekin batera, kriselefantino izeneko teknika sortzen du.
  • Metalezko eskultura: kobrez, brontzez, urrez edo zilarrez egiten da, zuzenean mailuarekin eta zizelarekin landuta, normalean metalezko xafletan, egurrezko plaken gainean. Metala zurrundu egiten da kolpatuz joaten denean, eta, beraz, berotzen joan behar da lanean jarraitzeko. Halaber, bozelduta landu daiteke, behe-erliebea mailuarekin eta puntzoiarekin praktikatuz. Beste teknika bat argizari galdua da, zeinaren, buztinezko edo igeltsuzko eredu baten gainean, brontzezko edo letoizko aleazio bat aplikatzen den.
  • Harrizko eskultura: ohikoenetako bat da, kenketa bidez egina. Oro har, kareharria, marmola, basaltoa, granitoa, porfiroa, alabastroa eta antzeko harriak erabiltzen dira. Zulagailua, gubila, mailua eta zizela erabiltzen dira.
  • Iztukua: karez, marmol-hautsez, harea garbituz eta kaseina-lekedaz osatua. Iztukua antzinatik erabiltzen da eskulturan edo arkitekturan apaingarri gisa. Erraz molda daiteke naturalean utziz edo polikromatuz.
  • Tailla: zura zizelkatzea teknika eskultoriko zaharrenetako bat da, egiteko erraza eta ezaugarri plastiko askotakoa. Bere izaera irregularrak adierazpen-kutsua ematen dio, amaitu gabea, arte-estilo jakin batzuetarako aproposa izan daitekeena baina kutsu klasikoagoa eta perfekzionistagoa duten beste batzuek baztertzen dutena. Tailla egin ondoren, polikromatu daiteke, eta hainbat tratamendu eman: argizariak edo lakak, xafla metalikoak, ehunak edo harribitxien edo beste elementu batzuen inkrustazioak.
  • Terrakota: buztin egosiarekin egindako eskultura, irudiak modelatzeko erabili zen lehen materiala izan zen. Asto baten gainean lan egiten da estike, espatulekin edo igeltsuzko molde batekin. Behin modelatu eta lehortzen utzi ondoren, 750-950 °C-tan egosten da. Amaitutakoan, naturalean utzi, pinturaz apaindu edo esmaltatu daiteke (azken hori Luca della Robbiak asmatu zuen XV. mendean)[5]Teknika mistoak: pinturan antzera, eskulturan ere irudia osatzeko hainbat elementu erabil daitezke; prozedura hori XX. mendean dibertsifikatu zen material ez-artistikoak erabiliz (elementu detritikoetatik edo hondakinetatik datozenak barne), edo objektu natural edo artifizialak gehituz, hala nola ready-made izenekoak.
Irarlana: Veronicaren beloa (1513), Alberto Durero.
Beiratea: Moises Sinai mendian eta Moises faraoiaren aurrean (XIII. mendea), Koloniako katedrala, Alemania.
Irarlana
  • Kalkografia: kobrearen gainean egindako grabatua, hutsunean, hainbat teknikatan:
    • Akuafortea: Grabatu-teknika hau berniz batek babesten ez dituen metalezko plantxaren zatiak ur-sendoz (uretan diluitutako azido nitrikoa) tratatzean datza.
    • Urtinta: erretxinaz estalitako metalezko xafla batetik datorren teknika. Berotu ondoren, plantxaren gainazalari itsasten zaio, eta, ondoren, gainazal horren gainean marrazten da tinta mota berezi batekin, urtinta izenekoa. Akuafortetik dator, eta akuarelaren antzeko efektuak eragiten ditu. XVIII. mendean sortu zen.
    • Gubilez grabatua kobrezko xafla baten gainean egiten da, gubil batekin, helduleku biribil batez eta erronbo formako ebakidura karratuko altzairuzko barra batez osatutako tresnarekin. Tresna horrekin, marrazkia ildoak tintaz betez margotzen da.
    • Punta lehorrean grabatua: teknika honetan, plantxa zuzenean lantzen da altzairuzko, diamantezko edo errubizko punta batekin, berniz eta azidorik erabili gabe, eta marra latz batzuk lortzen dira, bizar izenekoak, presioaren eta ebakitze-angeluaren arabera desberdinak. Gubilak ez bezala, ez du metala mozten, harramazkatu baizik.
    • Kedarrezko grabatua mezzotintoa: beltzez edo kez grabatua ere deitua, plantxa lantzen da hainbat puntako arraspagailu batekin (rocker edo berceau), lerroen gurutzaketa bidez graneatze uniforme bat lortuz, tonu argi eta ilunak bereiziz.
  • Linograbatua: xilografiaren antzeko erliebean grabatzeko teknika, baina zura erabili beharrean linolioa erabiliz.
  • Litografia: kareharriaren gaineko grabatu bat da; marrazkia mugatzeko, koipezko arkatz batekin gainazala tratatzen da, eta grabatua bi prozeduraren arabera egiten da: azidoz busti koipeztatu gabeko zatia jateko eta marrazkia erliebean uzteko; edo, bi tinta urtsu eta gantz mota aplikatuta, lehena hondoan finkatzen da, eta bigarrenak arkatzez marraztutako lerroak estaltzen ditu. Aloys Senefelderrek asmatu zuen, 1778an.
  • Serigrafia: teknika horren bidez, koloreak zetazko –edo, gaur egun, naylon– bilbe batetik iragaziz lortzen dira inpresioak, iragazi behar ez diren zatiak itsasgarriz estaliz iragazgaizteko. Txinan asmatu zuten.
  • Xilografia: zuran grabatua (gereziondoa edo ezpela, normalean), zurezko xaflaren gainean kalkaturiko zirriborro baten gainean egina eta labanaz, gubiaz, trintxa edo gubilez zizelkatua, zuriak zurez hustuz eta beltzak erliebean utziz; ondoren, arrabol batekin moztu, eta eskuz edo torkulu batez estanpatzen da. Erdi Aroan, asko erabili zen, batez ere Alemanian[6].
Mosaikoa
  • Lithstroton: Zoladura gisa jarritako mosaikoa izendatzen duen greziar terminoa. Estaldura karearen, harearen edo beste material batzuen gainean aplikatzen da, hala nola harrien, harri-koskorren edo marmolezko harlauzen gainean. Hainbat motatakoak dira: opus lapilli, kolore naturaleko harri txiki batzuk, xmarrazkia berez osatzen dutenak; opus tessellatum, konposizioa egiteko erabiltzen diren teselez eta forma karratuko piezez osatua, oro har geometria-motakoak; opus vermiculatum, teselez egina hori ere, baina inguru desberdinetakoak, eta, horrela, hainbat trazatu osa ditzakete; opus sectile, forma irregularreko marmolezko lauzez osatua.
  • Titakadura: aurrekoen antzeko teknika; zoladurazkoa edo parietala izan daiteke, edo altzariei edo beste objektu batzuei ere aplika dakieke. Gainazal trinko baten gainean, kolorezko harrizko eta marmolezko lauza finak txertatzean datza, moztuak eta ahokatuak, hainbat irudi edo konposizio osatuz. Egurrarekin ere egin daiteke, eta ohiko teknika da ebanisterian. Carpin, XVII. mendean, eskaiolaz egindako titakadura ere sortu zen[7].
Beira

Hainbat beira mota daude: sodio-beira (oinarrizkoena, silizetik abiatuta), kristala (silizea eta berun-oxido edo potasioa), kaltzedoniar beira (silizea eta oxido metalikoak) eta esneki-beira (silizea, manganeso bioxidoa eta eztainu oxidoa). Hori lantzeko teknika nagusia beira puztea da, eta edozein forma eta lodiera eman dakioke. Dekorazioari dagokionez, margotua, esgrafiatua, zizelkatua, pintzaduna, filigranazkoa eta abar izan daiteke[8].

  • Beiratea: zurez, igeltsuz, urrez edo berunez lotutako kristalen gainean egiten da, eta berunezko xaflekin ahokatzen dira, eztainatuz masilla-geruza batekin (zuri-pintore linaza-olioarekin). Antzinako beirateek grisailak dituzte, oxido ferriko likidoa, xehetasun txikiak zehaztasunez marrazteko aplikatua; 1340 inguruan, zilar oxidoa jarri zen, eta, hortik aurrera, ez da koloretako kristalik egiten, baizik eta kristal zuriaren gainean koloreztatzen da.
  • Esmaltea: beirazko pasta bat da (silizea, karea, potasa, beruna eta minioa), metalezko euskarrian, hainbat teknikaren arabera landua: cloisonnea (urrezko edo kobrezko harizpi txikiak), irudia euskarriaren gainean marrazteko erabiltzen dena esmaltea trenkadetan bereizteko; champlevea, euskarria albeolotan beheratuz eta materiala zuloetan ateraz esmaltearekin beteta; ajougea, urrezko gainazala, non formak ebakitzen baitira zerrekin edo limekin ezabatutako zatia esmaltez betez.
Zeramika

Buztinarekin egiten da lau motatan: buztin egosi porotsu gorri-horixka (buztineria, terrakota, biskuit); buztin egosi porotsu zuria (loza); buztin egosi ez-porotsu grisa, arrea edo marroia (gresa); buztin egosi ez porotsua eta erdi gardena (portzelana). Eskuz edo mekanikoki egin daiteke —tornua erabiliz—; ondoren, labean egosten da —400 °C eta 1300 °C arteko tenperaturan, motaren arabera—, eta esmaltez edo pinturaz apaintzen da[9].

Urregintza

Objektu apaingarriak metal nobleekin edo harribitxiekin (urrea, zilarra, diamantea, perla, anbarra, korala, etab.) egiteko artea da.

  • Kameua: harri gogor geruzatuen gainean erliebean dauden irudiak zizelkatzea da, hala nola agata, kaltzedonia, korala eta maskorra. Oro har, kolore askotako geruzak dituzte, eta horrek kontraste kromatiko handiak ematen ditu.
  • Zizelkatzea: metal preziatua zizel batekin lantzea da, dekorazio-harrotu edo akabera-lanak eginez forma eta lodiera desberdinetako zizelekin.
  • Damaskinatua: euskarri metaliko baten gainean, marrazkia punta finarekin marrazten da; gero, ebaki bat egiten da gubil eta bisturiarekin, eta, azkenik, kolore desberdineko metalen filigrana bat aplikatzen da.
  • Filigrana: metal preziatuzko hariekin sortzen da, eta horiekin egiten da pieza, hariak txirikordatuz edo hariztatuz nahi den forma lortu arte.
  • Fusioa: moldez egindako lanak dira, bi modutara eginak: marruskadura iraunkorra (molde bibalbio batez egina) forma landua duena, harrizkoa edo argizari galduko terrakotazkoa, non objektua argizariz modelatzen den eta inbutu bat aplikatzen zaion arnasbideekin, kretaz estaliz, zeina lehortu ondoren argizaria bota arte berotzen den, gero metal urtuz betez.
  • Pikortsua: marrazkiak edo dekorazio geometrikoak egiteko erabiltzen diren urrezko esfera xeheak lortzeko prozedura da.
  • Nielatzea: marrazki bat metalezko xafla baten gainean grabatzean datza —oro har, zilarra—, lerroak nielatuz (zilar, kobre eta berun aleazioz beteta) sufrez eta boraxez, zeinak nahasketa beltz eta distiratsua sortzen duen.
  • Opus interrasile: erromatar jatorriko teknika, metal preziatuko xafletan ebaki txikiak egitean datzana eta obrari, kalatu funtzioa eginez, ahokagarri-itxura ematen dion.
  • Bozelketa: urre, zilar edo kobrezko xaflen gainean, erliebean egindako dekorazioa da, plantxaren alderantzizko aldean mailu eta zizelarekin landuta[10].
Forja

Burdinarekin egiten da (limonita, pirita edo magnetita), eta beroarekin murrizten da. Hortik, lingoteak egiteko pasta goria ateratzen da. Hiru motatakoak daude: fundizio grisa karbono, silize, sufre, eta manganeso asko duena, ez du forjatzeko balio, moldean urtzeko bakarrik; burdina gozo edo forjatua, karbono gutxiagorekin, malguagoa eta harikorragoa da, eta forjatu daiteke, baina biguna, eta desitxuragarria da; altzairua, manganeso, tungsteno, kobalto eta wolframioa dituena; gogorragoa da tresna ebakitzaileentzat. Modelatzea materialik gehitu edo kendu gabe egiten da, baizik eta teknika alternatibo batzuk bitartez: luzatze, zabaltze, arrailtze, kurbatze, birkokatze, etab.

Irudiak adimen artifizialaren bidez sortzea

Sakontzeko, irakurri: «Adimen artifizial sortzaile»

Midjourney, Stable Diffusion edo Dall-e gisako tresna informatikoek artetzat har daitezkeen irudiak sortzeko aukera ematen dute. Baliabide horiek Interneten eskuragarri dauden irudi ugari erabiltzen dituzte adimen artifizialaren bidez, deskribapenen eta beste elementu batzuen komunikazioaren bidez erabiltzaile batek eskatzen duen obra sortzeko.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «erti - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-06).
  2. Villa, Rocío de la (2003). Guía del arte hoy. Tecnos, Madril. ISBN 84-309-3930-X., 62-66 or.
  3. Fuga 2004, 12-30 orr. .
  4. Fuga 2004, 92-132 orr. .
  5. Fuga 2004, 138-167 orr. .
  6. Fatas & Borras 1990, 122-123 orr. .
  7. Fuga 2004, 176-201 orr. .
  8. Fuga 2004, 250-284 orr. .
  9. Fuga 2004, 212-230 orr. .
  10. Fuga 2004, 300-358 orr. .

Bibliografia

  • (Gaztelaniaz) Fuga, Antonella. (2004). Técnicas y materiales del arte. Electa, Barcelona ISBN 84-8156-377-3..
  • (Gaztelaniaz) Fatas, Guillermo; Borras, Gonzalo. (1990). Diccionario de términos de arte y elementos de arqueología, heráldica y numismática. Alianza, Madrid ISBN 84-206-0292-2..

Kanpo estekak