Saudi Arabia
Saudi Arabia[1], ofizialki Saudi Arabiako Erresuma (arabieraz: المملكة العربية السعودية, Al-Mamlakah al-Arabiyah as-Sa'ūdiyah), Ekialde Hurbileko estatu burujabea da, Arabiar penintsulako handiena, Itsaso Gorriaren eta Persiar golkoaren artean dagoena. 2.149.690 kilometro koadroko eremua dauka, Euskal Herria halako ehun, eta 33 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Riad da. Herrialdearen mendebaldean daude Islamaren lekurik santuenak: Meka eta Medina.
Saudi Arabiako Erresuma | |||
---|---|---|---|
المملكة العربية السعودية (Al-Mamlakah al-'Arabiyah as-Sa'udiyah) | |||
Ereserkia: Aash Al Maleek | |||
Goiburua: لا إله إلا الله، محمد رسول الله "Lā ʾilāha ʾillā l–lāh, Muḥammadun rasūlu l–lāh" ("Ez da jainkorik Jainkoa baino, Muhammad da Jainkoaren Mezularia") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Riad 24°39′0″N 46°42′36″E | ||
Azalera | 2.250.000 km² (12.) | ||
Punturik altuena | Jabal Sawda (en) (3.015 m) | ||
Punturik sakonena | Itsaso Gorria (0 m) | ||
Kontinentea | Asia | ||
Mugakideak | Jordania, Kuwait, Qatar, Bahrain, Arabiar Emirerri Batuak, Oman, Yemen, Irak, Egipto eta Iran | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | monarkia absolutu, Teokrazia eta monarkia | ||
Saudi Arabiako erregea | Salman Saudi Arabiakoa | ||
Legebiltzarra | Prime Minister of Saudi Arabia (en) | ||
Epai autoritatea | Supreme Judicial Council of Saudi Arabia (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 33.000.000 | ||
Dentsitatea | 14,67 bizt/km² (216.) | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Erlijioa | Wahhabismo | ||
Emankortasun-tasa | 2,765 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 372.396 (2014) | ||
Derrigorrezko eskolaratzea | 6-18 | ||
Bizi-itxaropena | 74,561 (2016) | ||
Giza garapen indizea | 0,875 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 683.827.144.288,54 $ (2017) | ||
BPG per capita | 20.849 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 1.775.143.975.121 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 53.893,148 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 1,4 % (2016) | ||
Erreserbak | 509.457.096.430 $ (2017) | ||
Inflazioa | 1,7 % (2016) | ||
Historia | |||
622 | estatu burujabe | ||
1447 | Emirate of Diriyah (en) | ||
1727 | Saudiak | ||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +966 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | SA | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | SAU | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 60 Hz. 230 V. 60 Hz.BS 1363 (en) | ||
Internet domeinua | .sa eta AlSaudiah (mul) | ||
saudi.gov.sa |
Geografia
aldatuMugak
aldatuSaudi Arabiak Arabiar penintsularen %80 hartzen du. Mugakide ditu Jordania ipar-mendebaldean, Irak ipar eta ipar-ekialdean, Kuwait, Qatar, Bahrain eta Arabiar Emirerri Batuak ekialdean, Oman hego-ekialdean eta Yemen hegoaldean. Egungo mugak 1932an finkatu ziren, Abdulaziz ibn Saud erregearen agintaldian. Hegoaldeko mugak direla eta, Saudi Arabia eta Yemen, Oman eta Arabiar Emirerrien arteko liskarrak ugari izan dira.
Erliebea
aldatuMendebaldetik ekialdera, bost eskualde natural nagusi daude Saudi Arabian:
- Tihama, Itsaso Gorriaren ertzeko lautada luze eta estua, batez beste 65 kilometroko zabalera besterik ez duena.[3]
- Mendebaldeko itsasertzeko mendilerroak, ipar-hegoalde luzatuak Itsaso Gorriko kostaldearen paraleloan. Bi dira: Hijaz iparraldean eta Asir hegoaldean; bien arteko lautadan dago Meka hiria. Hejaz mendilerroaren mendebaldeko mazelak oso malkartsuak dira, baina ekialdekoak ez dira horren pikoak, eta uadi ugarik zeharkaturik daude; oasi bakan batzuk ere daude (Medinakoa da garrantzitsuena). Gailurrik gorena Jabal Werqaan da (2.393 metro). Asir mendilerroaren mendebaldeko hegalak ere oso pìkoak dira, eta leunagoak ekialdeko isurialdekoak. Mendilerro honen hegoaldean, Yemengo mugatik hurbil, dago Jabal Sawda (3.000 metro inguru), herrialdeko gailurrik garaiena.[3]
- Hejaz eta Asiren ekialdean Najd goi-ordoki zabala dago. Goi-lautada harritsua da, tarteka basamortu hareatsuak eta mendiguneak dituena. Ekialderantz dauka isurkia (1.360 metroko garaiera mendebaldean eta 750 metrokoa ekialdeko muturrean), eta zenbait uadik zeharkatzen dute; Uadi al-Rumma, Uadi as-Surr eta Uadi al-Dawassir dira garrantzitsuenak. Tuwaiq mendigunea da goi-lautadaren bihotza; oasi asko dago bertan, hala nola Buraida, Unaiza, Riad eta Al-Kharj. Nafuden hegoaldean eta Riaden ipar-mendebaldean dagoen Jabal Xammar da mendilerrorik handiena.[3]
- Ekialdeko Arabia edo Ahsa. Persiar golkoaren ertzeko lautada da, 500 kilometroko luzera eta 60 kilometro inguruko zabalera duena. Iparraldean Al-Dibdiba legarrezko zabaldia dago, eta hegoaldean Al-Jafura hareazko basamortua. Itsasbazterrean padura eta gatzaga ugari dago. Aipagarria da Al-Ahsako oasia, herrialdeko handiena.[3]
- Hiru basamortu handik inguratzen dute Najd goi-ordokia iparralde, ekialde eta hegoaldetik:[3]
- Nafud iparraldean. 55.000 kilometro koadroko eremua du, 1.000 metro inguruko garaieran. Luzetarako duna erraldoiak ditu (dozenaka kilometro luze eta 90 metro garai), haran zabalez bereiziak. Harea gorrikara da. Neguko euriei esker, belar motxa baina guria ateratzen da neguan eta udaberrian, artzaintza nomada ahalbidetzen duena.
- Al-Dahna ekialdean. Hareazko mendi-zerrenda estua da, 125 kilometroz luzatzen dena An Nafudetik hegoalderantz Rub al-Khaliraino. An Nafuden bezala, harea gorrizta da, batez ere iparraldean. Hemen ere, artzain nomadek baliatzen dituzte neguko eta udaberriko bazka-belarrak.
- Rub al-Khali hegoaldean, Yemen eta Omango lurretan ere sartzen dena. Munduko hareazko basamorturik handienetakoa da, 550.000 kilometro koadroko eremua hartzen baitu. Ekialdean, 600 metro inguruko garaiera du, eta harea fina eta leuna da; mendebaldean 180 metroko altuera besterik ez du, eta gainaldea hareazko xaflez eta gatz lautadez estalirik dago. Oso elkorra da, eta ia erabat jendegabeturik dago.
Hidrografia
aldatuUr-ibilguak (arabieraz: وادي, wādī) galdu egiten dira hareatza eta sakonuneetan. Al-Rumma (Najd), Al-Dawassir (Rub al-Khali), Al-Sirhan (Jordaniako mugan, iparraldean) eta Hamdh (Medina - Itsaso Gorria) dira uadirik garrantzitsuenak. Ur-hornidurak leku berezia hartu du betidanik Arabiako gobernuaren kezka nagusien artean. Itsas ura gezatzeko lantegiak daude Dhiba eta Wajh hirietan. Ureztatze-lanei begira, eguzki-energia ekoizteko proiektu berezi bat dago Riad hiriburuan.
Klima
aldatuHerrialdearen hego-mendebaldean dagoen Asir probintzian izan ezik, basamortuko klima dago Saudi Arabian. Egunez bero handia egiten du, baina gauez asko jaisten da tenperatura, eta prezipitazioak oso urriak dira. Beti ere, altitudearen eta goi presioko sistema subtropikal baten eraginez, tenperatura eta hezetasuna aldatzen dira eskualde batzuetatik besteetara. Kostaldeetan tenperatura ez da izaten 38° C-tik gorakoa, baina hezetasun erlatiboa oso handia da (%85-100 artekoa). Hori dela eta, laino beroa izaten da egunez, eta laino epela gauez. Udaberrian eta uda hasieran ipar-mendebaldeko xamal haizeak hauts ekaitzak sorrarazten ditu.
Najd, Al-Qasim eta basamortu handietan klima egonkorra da. Udako batez besteko tenperatura maximoa 45° C bada ere, askotan iristen da 54° C-ra. Gauak, berriz, freskoak dira. Neguan gutxitan izozten du, baina hezetasun apalak eta haizeak hotz handiko sentipen termikoa sortzen dute. Asir da eskualderik hezeena, Indiako Ozeanoko montzoien eragina baitu; urritik martxora jasotzen da prezipitazioaren gehiena.[3]
Historia
aldatuSaudi Arabiako egungo mugak 1932. urtekoak dira, Abdulaziz ibn Saud erregeak ezarriak. Wahhabien sektako partaidea zen: Koran liburu santuaren irakurketa hertsi eta murritzena egiten duen dotrina horren arabera, ez da bidezkoa berrikuntza eta aldakuntzei ekitea. Hala ere, gatazka zibilei amaiera emateaz gainera, nomadak leku jakinetan finkatzea bultzatu eta aginpide zentral indartsua ezarri zuen. Petrolioa aurkitu eta gero eskuratu zituen dirutza ikaragarri handiez baliatuta, erabateko kudeatze patriarkal eta autoritarioa bideratu zuen bere erreinaldian.
Saud semea eta ondorengoak gobernu-, administrazio- eta banka-sistema modernoa antolatu eta, nazioarteko harremanetarako, zerbitzu diplomatikoa eratu zuen. Sistema judizialak ez zuen aldaketarik izan, ordea. 1964an, haren anaia Faisal izendatu zuten errege, Arabiako egoera larria izaki, Saudek eginiko diru-xahutze izugarriak medio. Autoritarioa eta anaia baino zuhurragoa, esklabotza kendu zuen, baina ez zuen inolako konstituziorik aldarrikatu nahi izan. Kontserbadorea, bortizki zapaldu zituen haren kontrako aurkakotasun txikienak ere, eta aurre egin zion, adore biziz, sozialismo arabiarraren eraginari. Egipto eta Siria nahiz Irakeko Baathen panarabismoari Estatu Batuen aldera lerratutakoen panislamismoa kontrajarri zion. Nasserren aurka agertu zen Yemengo gerra zibilean (1962-1970). Arabiako penintsulako balio kontserbatzaileen zaindari, Hego Yemengo erregimen ezkertiarra kontrolatu eta Dhofareko (Oman) gerrilla aurrerakoiari bidea eragotzi zion, ingelesen laguntzaz. Faisal bin Musaid ilobak hil zuen 1975ean. Khalid anaiordea izan zen ondorengoa.
1978an, Saudi Arabiak eten zituen Egiptorekiko harremanak, eta finantza-laguntzarik gabe utzi zuen, israeldar eta egiptoarren arteko hitzarmenen ondoren. Khalid zazpi urtez aginpidean egon ondoren, Faisalen anaia Fahdek hartu zuen agintea 1982an. 1985-1990 bitarteko plangintzak errentaren banaketa zabala agindu zuen, baina asmoak topo egin zuen lehenengo zailtasun ekonomikoekin, petrolioaren prezioaren beherakadarengatik. Industria ministroa dimisioa ematera behartu zuten, eta agerian geratu ziren errege familiaren eta burgesia saudiaren arteko desadostasun sakonak. Nolanahi ere, izugarrizko dirutzak gastatu ziren armak erosten, Estatu Batuei batez ere, Persiar golkoko kostaldea Iranen balizko mehatxutik babesteko, eta gudaroste gero eta handinahiagoa eta indartsuagoa asetzeko.
Iran-Irak Gerran, Saudi Arabia Iraken alde atera zen, Irango Iraultza Golkora zabalduko ote zen beldurrez. Fahd erregeak leku santuen zaindari izendatu zuen bere burua, baina urterik urte handituz joan ziren Mekako erromesen protestak Saudi Arabiaren eta Estatu Batuen arteko itunaren aurka, eta santutegien “mendebaldartzearen” aurka, dendez, autopistez eta mendebaldeko bestelako sinboloez inguraturik. 1987ko abuztuaren 1ean poliziak tiroka sakabanatu zuen irandar emakume eta soldadu elbarrituen manifiestazio bat, eta ehunka erromes hil ziren. Errepresalia gisa su eman zieten Saudi Arabiako eta Kuwaiteko enbaxadei Teheranen, eta izugarri gaiztotu ziren bi herrialdeen arteko harremanak. 1990eko hasieran, Amnesty International erakundeak Saudi Arabiako gobernua salatu zuen oposizioko politikarien eta sindikatuetako buruzagien eskubideak behin eta berriro urratzeaz eta horretarako tortura erabiltzeaz.
1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, nazio askoko armaden gudaroste handi bat zabaldu zen Saudi Arabian, Estatu Batuen gidaritzapean. Gerrak, jende askoren heriotzaz gainera, hondamen ekologiko ikaragarriak eragin zituen. Gerra bukatuta, Saudi Arabiak 14.000 milioi dolar inguru gastatu zuen Estatu Batuei armak erosten. 1992ko martxoan, Fahd erregeak zenbait dekretu eman zituen aginpide politikoa deszentralizatzeko. Errege dekretu horren bidez, eta beste neurri batzuen artean, mutawein edo erlijio polizia sortu zen, islamaren ohiturak betetzen direla begiratzeko agindua duena. Saudi Arabiako legearen arabera, etxea leku sakratua da, eta erlijio polizia bertan sar daiteke inolako baimenik gabe.
1992an, Fhadek bere anaia Abdullah bin Abdulaziz al-Saud izendatu zuen oinordeko. Amnesty International bezalako giza eskubideen defentsarako erakundeek kristauen eta musulman xiien –baita sunien ere– bidegabeko atxiloketak salatu zituzten. Ekonomiari dagokionez, 1994an, Fahdek enpresa estatal handiak –hegazkintza eta telefono konpainia nazionalak, esate baterako– pribatizatzeko asmoa adierazi zuen. 1995ean petrolioaren prezioa pixka bat igo bazen ere, erregeak gastu publikoa murrizteko agindu zuen (%20ko murrizketa hezkuntzan, adibidez). Saudiarabiar askorentzat Estatu Batuak etsaia direla ageriago geratu zen garai hartan. Izan ere, Estatu Batuetako jarrerak, gogor jokatuz Iraken kontra eta askoz bigunago Israelekin, guztiz sumindu zituen arabiar asko eta asko. 1995eko azaroan, gutxienez sei pertsona hil ziren Riaden, Estatu Batuetako kontseilariak izaten ziren lokal baten aurkako atentatuan. 1996ko ekainean, 19 soldadu hil eta ehunka zauritu ziren lehergai handi batek eztanda egin zuenean Khobaren.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuSaudi Arabia monarkia da eta sistema feudal baten gisa egituratuta dago, non Al-Saud dinastiak gobernatzen baitu erabateko aginpidez; 1992ko Oinarrizko Legearen arabera, Abdulaziz ibn Saud lehenengo erregearen ondorengoak besterik ezin dira izan Arabiako erregeak, eta Korana da herrialdearen konstituzioa, alegia, islamiar legea edo xaria da legearen neurria. Ez dago alderdi politikorik, ezta hauteskunderik ere —salbuespenez, 2005ean egin ziren lehenengo udal hauteskundeak—. Erregea da agintari absolutua, eta errege familiaren, buruzagi erlijiosoen eta gizarteko hainbat kide garrantzitsuren iritziak hartu behar izaten ditu kontuan, teorian bederen. Salafia da estatuaren ideologia, eta haren eraginez Saudi Arabiak mezkitak eta madrasak (koran eskolak) eraikitzea sustatzen du mundu osoan.
Giza eskubideen urraketa sistematikoa egiten da: emakumeek bereizkeria pairatzen dute, homosexualitatea zigorturik dago eta ez da erlijio askatasunik.[4][5] Legeak ezarritako zigorrak oso gogorrak dira eta torturatzat salatu izan ditu nazioarteko hainbat erakundek; heriotza zigorra ere indarrean dago eta bete-betean aplikatzen da.
Banaketa administratiboa
aldatuSaudi Arabia 13 probintziatan[6] (mintaqah idariyya) banaturik dago. Era berean, probintziak 118 gobernazioetan (manatiq idāriyya, منطقةإدارية, ) banaturik daude eta, hauek, azpigobernazioetan (markaz). hamahiru probintzietako hiriburuek estatus berezia dute: udalerriak (amanah) dira, alkate (amin) bat dutenak.
Probintzia | Hiriburua | Eremua km² |
Biztanleria 2017[7] |
Dentsitatea | Gobernoratoak | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nadj (Erdialdea) | ||||||||
Riad | Riad | 404.240 | 8.276.700 | 20,5 | 20 | |||
Al-Qassim | Buraida | 58.046 | 1.464.800 | 25,2 | 11 | |||
Ha'il | Ha'il | 103.887 | 715.400 | 7,9 | 4 | |||
Iparraldea | ||||||||
Ipar Muga | Arar | 383.100 | 279.286 | 3,4 | 3 | |||
Al-Jawf | Sakaka | 100.212 | 528.400 | 5,3 | 3 | |||
Hedjaz (Mendebaldea) | ||||||||
Tabuk | Tabuk | 946.300 | 691.517 | 6,5 | 6 | |||
Medina | Medina | 151.990 | 2.154.100 | 14,2 | 7 | |||
Meka | Meka | 153.128 | 8.479.400 | 55,4 | 12 | |||
Al-Bahah | Al-Bahah | 9.921 | 491.900 | 49,6 | 7 | |||
Hegoaldea | ||||||||
Asir | Abha | 76.693 | 2.288.500 | 29,8 | 12 | |||
Jizan | Jizan | 11.671 | 1.636.600 | 140,2 | 14 | |||
Najran | Najran | 149.511 | 607.100 | 4,1 | 8 | |||
Ekialdea | ||||||||
Ekialdeko probintzia | Ad-Damman | 672.522 | 4.977.500 | 7,4 | 11 | |||
Denera | ||||||||
Saudi Arabia | Riad | 2.149.690 | 32.949.700 | 15,3 | 118 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatuSaudi Arabiak 33 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %26,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %18,6, 25-54 urte bitartekoak %46,9, 55-64 urte bitartekoak %5 eta 65 urtetik gorakoak %3,4. Bizi itxaropena 75,5 urtekoa da; 73,4 urtekoa gizonezkoena eta 77,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8]
Banaketa etnikoa
aldatuBiztanle gehienak (%90) arabiar jatorrikoak dira, eta afroasiarrak dira gainerakoak.[8] XX. mendearen erdialdetik aurrera, eta azkeneko urteetan batez ere, etorkin asko iritsi dira, Iran, Pakistan eta Palestinatik, ekialdeko industriagune berrietara. Gaur egun, atzerritarrak bost milioitik gora dira.
Hizkuntzak
aldatuArabiera da hizkuntza ofiziala.[8]
Erlijioa
aldatuErlijioz musulmanak dira denak, suniak gehienak (%85-90); xiiak ere badira, ekialdean batez ere.
Hiri nagusiak
aldatuHiriburuaz gainera, Jidda (portua eta industriagunea, Itsaso Gorrian, 3.976.400 biztanle), Meka (islamaren hiri santu nagusia, 1.919.900 biztanle), Medina (islamaren hiri santua eta kulturagunea, 1.271.800 biztanle), eta Al-Hufuf (1.136.900 biztanle) dira hiri nagusiak. 1980tik aurrera bi industriagune handi eraiki ziren, Jubail, Persiako golkoan, eta Yanbu Itsaso Gorrian.
Ekonomia
aldatuSaudi Arabiako ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritu izan da, baina petrolio industriaren garapenaz gero –eta batez ere 1973tik aurrera, petrolioaren salneurriaren gorakada handiaz gero–, askotariko industria eta azpiegituren hobekuntza bultzatu du gobernuak. Aldaketa, beraz, izugarria izan da, eta oso urte gutxitan egin da gainera. Eragozpen nagusia langile aditurik edo behar bezala prestaturik ez izatea izan da. 2005an, nekazaritzak eta arrantzak langileriaren %6,7 hartzen zuen, industriak %21,4, eta merkataritzak eta zerbitzuek %71,9.
Nekazaritza
aldatuNekazaritzari izugarrizko garrantzia ematen zaio Saudi Arabian, denbora luzean herrialdea elikagaiak inportatzera behartua egon delako. Baina ur-eskasiaren mende dago: gizakiak berak ureztatu behar izaten ditu lursailak (fruta-arbolak eta, batez ere, oasietako datil-palmondoak; labore eta barazki urriak; kafea, hegoaldean, eta Arabiako goma. Atzerritik joandako teknikari eta langile asko laborantza bultzatzeko proiektuetan ari dira lanean. Beduino nomaden jarduera ekonomikoa gamelu-, ardi- eta ahuntz-aziendetan oinarritzen da. Behi- eta asto-azienda askoz ere murritzagoa da. Arabiako zaldiak desagertzear daude, ehiztariek ia erabat kalitu dituzten basamortuko basabereak bezala.
Petrolioa
aldatuSaudi Arabiako petrolio industria 1938an hasi zen, Arabian-American Oil Companyk (egun Saudi Aramco deitua) bultzatuta, petrolio hobi emankorrak aurkitu zirenean Ad-Dammanen. Hasieran, Estatu Batuetako lau konpainia ziren Aramcoren jabeak, baina 1974az gero, gobernu saudiak hartu zuen konpainiaren kontrola. Saudi Arabiak munduko petrolio erreserba (260.000 milioi upel) eta produkzio (3.000 milioi upel urtean) handienetakoak ditu, eta munduko lehen esportatzailea da; hori dela eta, herrialdeak pisu handia du Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean (LPEE). 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, asko handitu zuen bere produkzioa.
Petroliorik gehiena herrialdearen ekialdean ateratzen da, kostatik gertu, Persiar golkoan. Petrolioa merkatu nagusietara zabaltzeko, oliobide bat egin zen (1950ean bukatua) ekialdeko petrolio eremuetatik Mediterraneoaren itsasertzeraino (Sidon, Libano), eta beste bat (1980 ondoren bukatua) Itsaso Gorriraino (Yanbu al Bahr). Nolanahi ere, petrolio gehiena petrolio-ontzitan garraiatzen da, Persiar golkoko portuetatik. Petrolioaz gainera, gas naturala ere produzitzen da. XX. mendearen azkeneko hamarkadan 31.800 milioi metro kubiko gas produzitzen ziren urtean.
1975ean, Saudi Arabiako gobernuak bost urteko programa bat prestatu zuen, petrolioaren diru sarrera ikaragarriak baliatuz, ekonomia aurreratzeko. Orduan sektore petrokimikoa bultzatu zen batez ere, eta gas naturala eta petrolio ustiategiak eraiki ziren horretarako; altzairu eta zementu lantegiak ere egin ziren, plangintza hura aurrera eramateko behar zen azpiegituraren eraikuntza errazteko. 1980-1985 bitartean beste plangintza bat prestatu zen, industria alorrak zabaltzeko –petrolio findua, konposatu petrokimikoak, plastikoak, elikagai prozesatuak, jantziak, ongarriak eta zementua–, eta 1985-1990 bitartean beste bat, aurrerabiderako, baina azken horrek ez zuen arrakasta handirik izan, petrolioaren prezioak –eta, beraz, diru sarrerak– behera egin zuelako.
Merkataritza
aldatuPetrolioari esker betiere, aldeko merkataritza-balantzea du Saudi Arabiak. Petrolio eta datilak esportatzen ditu, baina zernahi motatako produktuak inportatzen ditu mendebaldeko herri kapitalistetatik. Arabiarrek hiri santuetara egiten dituzten erromesaldiek osatzen dute turismo-jarduera nagusia.
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuPersiako golkoa eta Itsaso Gorria lotzen ditu bide nagusiak, Riad hiriburuan barrena (1.200 km). Beste errepide batzuk zabaltzen dira mendebaldean nahiz ekialdean. Burdinbide bakarrak Riad eta Persiako golkoaren ertzean dagoen Damman hiria lotzen ditu.
Kultura
aldatuKirolak
aldatuKirol ezagunenak futbola, urpekaritza, windsurfa eta bela dira. [19] Horien artean nabarmenena futbola da, 150 klub ofizial baino gehiago baititu, Ekialde Hurbileko talde boteretsuenetako bat eta munduko 108. garrantzitsuena, 2013ko ekainean [20] [21] . Ospe handia hartzen ari den beste kiroletako bat gamelu lasterketak dira, bertako kultur jaialdietan bereziki praktikatzen dena eta "nazio batasuna bultzatzeko aukera" dela adierazi dute. [22] Poliki-poliki hobetzen ari den arren, emakume eta neskei legeak debekatu egiten die kirola egitea, nahiz eta dagoeneko hasi diren emakumeak nazioarteko lehiaketetara bidaltzen. [23] [24]
Saudi Arabiak etengabe hartu du parte Olinpiar Jokoetan 1972 urtetik, Alemaniako Munich hirian ospatutako Olinpiar Jokoetatik, Errusiako hiriburuan 1980ko Jokoetan izan ezik. Dena den, zilarrezko domina eta brontzezko bi baino ez ditu irabaztea lortu, 2000ko Sydneyko jokoetan eta 2012an lortutakoak Londresko jokoetan [25] [26]
Motor kirolei dagokienez, bere ordezkari nabarmenetako bat Yazeed Al-Rajhi rally-gidaria da. [27] Reema Juffali da lehen emakumezko gidaria, emakumeei autoa gidatzea debekatzen zuen legea indargabetu ostean lehiatzen hasi zena. [28] 2020az geroztik, Dakar Rallya [27] egiten da herrialde honetan eta 2021etik aurrera 1 Formulako Saudi Arabiako Sari Nagusia Jeddahen ospatzen hasi zen. [29]
Txirrindularitzari dagokionez, Saudi Arabiako Tourra 1999. urtean eratu zen. 2001 eta 2002. urteetan egin ostean, bertan behera utzi zen, baina, 2020. urtean, berriz egin zen ASO-ren antolakuntzarekin[30].
Riad 2030eko Asiako Jokoetarako aurkeztu zen Qatarren Doha hiriburuaren aurka. 2020ko abenduaren 16an, Dohak jokoak antolatzeko aukeratu izan zen eta Riad 2034ko Asiako Jokoak antolatzeko hautatu zuten bitartean.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b Official annual projection, cdsi.gov.sa
- ↑ a b c d e f Helen Chapin Metz, ed. Saudi Arabia: A Country Study. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-7-21).
- ↑ (Ingelesez) 2010 Human Rights Report: Saudi Arabia. U.S. State Department (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
- ↑ (Ingelesez) International Religious Freedom Report 2010: Saudi Arabia. U.S. State Department (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
- ↑ arab.net. Saudi Arabia: Administrative divisions. .
- ↑ Saudi Arabien: Regionen. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2018-8-6).
- ↑ a b c Saudi Arabia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-8-9).
- ↑ About ArRiyadh. High Commission for the Development of Ar-Riyadh (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ a b c d e f Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Eastern Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ a b c d Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Makkah Al-Mokarramah Region, 2014 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ a b stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Hail Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ a b Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Al-Madinah Al-Monawarah Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Al-Riyad Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Al-Qaseem Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Najran Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ Population Distribution (Saudi and Non Saudi) in Governorates of Tabouk Region, 2013 A.D.. stats.gov.sa (Noiz kontsultatua: 2017-6-14).
- ↑ «Arabia Saudita - entretenimiento, las artes, el deporte y la gastronomía» Country-facts.com.
- ↑ Arabia Saudí (KSA) - Información del país. FIFA.
- ↑ Clasificación Mundial FIFA/Coca-Cola. FIFA.
- ↑ Hammond, Andrew. «Camellos y danzas del sable celebran patrimonio saudita» Webislam.com.
- ↑ «Niñas de Arabia Saudí podrán hacer deporte en las escuelas privadas» Eltiempo.com.
- ↑ Arabia Saudí enviará a dos mujeres deportistas a los Juegos de Londres. ABC.
- ↑ «Sidney 2000 - HISTORIA» Todo-olimpiadas.com.
- ↑ «Medal count» London2012.com.
- ↑ a b «Yazeed Al-Rajhi, el héroe local, avisa: "Hemos venido sólo a ganar"» Marca.com 2020-01-05.
- ↑ Voice, The Champions. (2019-11-23). «Reema Juffali, primera mujer saudí con licencia competitiva de automovilismo, debuta en casa» The Champions Voice.
- ↑ «Arabia Saudita tendrá su Gran Premio de Fórmula 1 a partir de 2021» AUTOMUNDO 2020-11-05.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Saudi Tour: Nueva vuelta en el desierto de la mano de ASO» Zikloland 2019-10-29 (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
Kanpo estekak
aldatu- Saudi Arabia kanala, argia
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanbodia • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Thailandia • Vietnam | ||
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |