Kirgizistan (kirgizeraz: КыргызстанKyrgyzstan; errusieraz: Кыргызстан) edo Kirgizia[1] (errusieraz: Киргизия), izen ofiziala Kirgizistango Errepublika (kirgizeraz: Кыргыз РеспубликасыKyrgyz Respublikasy; errusieraz: Кыргызская Республикаtranslit.: Kyrgyzskaya Respublika), Erdialdeko Asiako estatu burujabea da, itsasbazterrik gabekoa. Mugakide ditu Kazakhstan iparraldean, Uzbekistan hego-mendebaldean, Tajikistan hegoaldean eta Txina hego-ekialdean. 199.951 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 6,6 milioi biztanle zituen 2021ean.[2] Hiriburua Bixkek da.

Kirgizistango Errepublika
Кыргыз Республикасы
(Kyrgyz Respublikasy)
Кыргызская республика
(Kyrgyzskaya respublika)
Ereserkia: State Anthem of the Kyrgyz Republic (en) Itzuli

Kirgizistango bandera

Emblem of Kyrgyzstan (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaBixkek
42°52′0″N 74°34′0″E
Azalera199.951 km²
Ura %3,6
Punturik altuenaJengish Chokusu
Punturik sakonenaKara Darya (en) Itzuli (132 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTxinako Herri Errepublika, Kazakhstan, Tajikistan eta Uzbekistan
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa
Kirgizistango presidenteaSadyr Zhaparov
LegebiltzarraSupreme Council (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria6.694.200
Dentsitatea33,48 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa3,2 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak104.763 (2015)
Bizi-itxaropena70,95122 (2016)
Giniren koefizientea29 (2020)
Giza garapen indizea0,692 (2021)
Ekonomia
BPG nominala10.930.644.920 $ (2022)
BPG per capita1.606,7 $ (2022)
BPG erosketa botere paritarioa35.397.528.300 nazioarteko dolar (2021)
BPG per capita EAPn5.287,8 nazioarteko dolar (2021)
BPGaren hazkuntza erreala3,8 % (2016)
Erreserbak2.177.013.757 $ (2017)
Inflazioa−0,5 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1991
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+996
ISO 3166-1 alpha-2KG
ISO 3166-1 alpha-3KGZ
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko
Internet domeinua.kg
gov.kg…

Geografia

aldatu

Kirgizistan erdialdeko Asiako estatu itsasgabea da, iparraldean Kazakhstan, mendebaldean Uzbekistan, hegoaldean Tajikistan eta ekialdean Txina dituena. Ipar latitudeko 39° eta 44° artean dago, eta ekialdeko longitudeko 69° eta 81° artean. Herrialdeko ibai guztiak sakonune endorreikotara isurtzen dira, itsasora iritsi gabe.

Erliebea

aldatu

Oso herrialde menditsua da, Tian Shan eta Pamir mendigune lakarrek herrialdearen % 65 hartzen baitute. Ekialdean Alai Tian Shan mendilerroak Txinako Xinjiang eskualdetik bereizten du. Ipar-medebaldean Ferganako mendilerroa dago, eta Alai mendiak hego-ekialdean; bien artean Ferganako harana zabaltzen da, Kirgizistan, Uzbekistan eta Tajikistanen artean banaturik dagoena. Batez besteko garaiera 2.750 metrokoa da; Jengish Chokusu (7.439 metro), Lenin (7.134 metro) eta Khan Tengri (7.010 metro) dira gailurrik gorenak, eta punturik beherena Ferganako haranean dago, Oxetik gertu: 394 metro.[3]

Hidrografia

aldatu

Arro hidrografiko nagusia Sir Dariarena da. Ibai horrek Tian Shan mendilerroaren mendebaldean du iturburua, Txinako mugatik hurbil. Txu ibaia, berriz, iparraldeko mendialdean jaiotzen da, eta hegoaldeko basamortuetan desagertzen. 2.000 aintzira baino gehiago daude, gehienak mendiguneetan; handienak Issyk-Kul (6.236 kilometro koadro), Sonkol (270 kilometro koadro) eta Txatyr-Kol (181 kilometro koadro) dira.[3]

Itsasoaren urruntsasuna eta erliebe menditsua dira Kirgizistango kliman eragiten duten faktore nagusiak. Oro har, klima kontinentala da, nahiko eguzkitsua. Urtarrileko batez besteko tenperaturarik epelenak (-4 °C) Ferganako haranean eta Issyk-Kul aintziraren aldean izaten dira; hotzenak, berriz, mendiguneetan (-30 °C). Uztaileko batez besteko tenperaturarik beroenak (27 °C) Ferganako haranean neurtzen dira, eta hotzenak mendi gailurretan. Prezipitaziorik handienak Ferganako mendilerroan jasotzen dira (metro koadroko 2000 litro urtean), eta txikienak Issyk-Kulen mendebaldeko bazterrean (100 litro baino gutxiago).[3]

Historia

aldatu

Kirgizen lehenengo berriak K. a. II. mendeko txinatar kroniketan agertzen dira. Herri nomada zen, eta leinutan banatuta zegoen, baina XVI. mende inguruan mendebalderantz jo zuten, eta etnia askoren arteko liskar-iturri zen lurralde batean kokatu ziren. XVII. mendearen amaieran, mongolek konkistatu zuten lurralde hura, eta XIX. mendean erdialdeko Asiako Kokland estatuaren (gaur egun Uzbekistanen) agintepean gelditu ziren leinu haiek.

1876an, Errusiako Inperioaren babespeko herri bihurtu zen, eta, azkenik, errusiarrek eta ukrainarrek inbaditu zuten. 1916an, kirgizak errusiarren kontra altxatu ziren; zapalkuntza handia bideratu zuen tsarrak haien kontra, eta Txinara ihes egin behar izan zuten kirgiz askok eta askok. Boltxebikeei aurre egin zieten, halaber, baina 1921ean Turkestango Sobietar Errepublika Sozialista Autonomoan sartu zuten, gaur Tajikistan, Kazakhstan, Turkmenistan eta Uzbekistan osatzen dituzten beste zenbait lurralderekin batera.

Kirgizistan errepublika autonomo bihurtu zen 1926an, eta 1936an Sobietar Batasunaren barneko errepublika. Kirgizistan, Tajikistan eta Uzbekistanen arteko mugak, ordea, banaketa etnikoa kontuan hartu gabe ezarri ziren. Sobietar Batasuna gainbehera etorri zenean, etnien arteko indarkeria piztu zen 1990ean. Gerra sortu zen uzbekoen eta kirgizen artean, lurren banaketa zela-eta. Ehunka petsona hil zituzten borroka haietan, eta sobietar agintariek Uzbekistan eta Kirgizistan arteko mugak itxi behar izan zituzten azkenean, bi errepubliken artean erabateko gerra saihestearren.

1991n, independentzia aldarrikatu zuen Kirgizistanek,[4] izenaren idazkera aldatu zuen, eta erreformak jarri ziren abian gobernuan eta ekonomian; Askar Akaiev aukeratu zuten presidente (bera zen hautagai bakarra), eta berriro hautatu zuten 1995ean.[5] 1996an konstituzioan aldaketa batzuk egiteko erreferenduma egin zuen, besteak beste bere aginpidea zabaltzeko helburuaz, eta onartu egin ziren, baina oposizioaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen.

1998an, bere gobernuaren ahultasunaz jabeturik, Akaievek behin-behineko gobernu bat antolatu zuen, eta 1999ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Amangeldi Muralievek hartu zuen gobernu berriaren gaineko ardura. Akaieven agintaldian egoera egonkor samarra izan zen, eta demokrazia eta liberalismoa ezartzeko ahaleginak egin ziren, baina egoera ekonomikoa oso larria eta zaila zen; bizi maila oso apala zen, eta horrek eragozpenak sortu zituen erreforma ekonomikoak ezartzeko, nahiz eta estatuaren enpresak pribatizatzeko neurri zorrotzak hartu ziren eta atzerriko inbertsioak erakartzeko saioak egin, dirua egonkortu egin zen eta ekonomia hazten ari zen. Ekonomia egoera zailaz gainera, aipatzekoak dira etnien arteko liskarren arazoak eta demokrazia eta askatasun politikoak sendotzeko zailtasunak. 1997az gero, drogak ekoizteko laborategiak agertzen ari ziren.

2000. urtean egin ziren legebiltzarrerako eta lehendakaritzarako hauteskundeak ez zituzten hauteskunde garbi eta asketzat hartu nazioarteko begiraleek. 2002ko martxoan, oposizioko politikari baten atxiloketagatik protestan ari ziren sei lagun hil zituen poliziak, eta horrek protesta handiak eragin zituen herrialde osoan. Akaiev presidenteak konstituzioa erreformatu zuen 2003an, baina oposizioak ez zuen aintzat hartu erreforma hori. 2005eko hauteskundeak ere ez ziren begiraleen ustez askeak izan; manifestazio eta protesta handiak izan ziren kaleetan presidentearen dimisioa eskatuz; manifestariek haren egoitza hartu, eta Akaievek herrialdetik kanpo ihes egin behar izan zuen.[6] Tulipen Iraultza izena eman zitzaion altxamendu horri.

 
Bakiev presidentearen aurkako protestak Bixkeken, 2010eko apirilean.

Oposizioko alderdiek elkar harturik Kurmanbek Bakiev izendatu zuten presidente eta lehen ministro. 2005ean bertan, Bakievek hauteskundeak irabazi zituen.[7] 2006an, oposizioko taldeek kargu hartu zioten lehendakari berriari konstituzioari egin beharreko aldaketak abian jartzen ez zituelako. Gorabehera askoren ondoren, konstituzio berria 2007ko urrian onartu zen, baina salaketa larriak egin zituen oposizioak erreferendum horren garbitasuna zela eta. 2010eko apirilean, zenbait istiluren ondoren, Bakievek lehendakaritza utzi behar izan zuen, eta Roza Otunbaieva hautatu zuten presidente.[8] Ekainean, kirgizen eta uzbekoen arteko liskar odoltsuak gertatu ziren herrialdearen hegoaldean.[9] Otunbaievaren agintaldian, konstituzioa aldatu, eta errepublika presidentzialista zena errepublika parlamentario bilakatu zen. 2011-2017 bitartean, Almazbek Atambaiev izan zen errepublikako presidentea.

Sooronbai Zheenbekovek irabazi zituen 2017ko presidentetzarako bozak. 2020ko urriko parlamenturako hauteskundeetan, presidentearen aldeko alderdi errusiazaleak botoen erdiak eskuratu zituen; oposizioak, ordea, emaitzak bertan behera uzteko eskatu zuen. Bi asteko protesten ondotik, Zheenbekovek dimisioa eman zuen, "odola isur" ez zedin.[10] 2021eko urtarrilean egindako hauteskundeetan, Sadyr Zhaparov hautatu zuten presidente; oposizioak ez zituen emaitzak onartu.[11] 2021eko apirilean, dozenaka lagun hil ziren Tajikistanen eta Kirgizistanen arteko mugan piztutako borroketan.[12]

Gobernua eta administrazioa

aldatu

Politika

aldatu
 
Kontseilu Gorenaren egoitza, Bixkek.

2010eko konstituzioak errepublika presidentzialista albo batera utzi, eta parlamentu bidezkoa ezarri zuen. 2021eko apirilean, ordea, sistema presidentzialistara itzultzea onartu zen erreferendum bidez. Presidenteak gehienez bost urteko bi agintaldi bete ditzake karguan. Berak du gobernuaren osaketa eta egitura erabakitzeko eskumena, eta estatu mailako batzordeen buruzagitzak hautatzen ditu, betiere parlamentuaren oniritziarekin. Parlamentua edo Kontseilu Gorena (kirgizeraz: Жогорку КеңешJogorku Kengesh; errusieraz: Верховный Совет, Verkhovny Sovet) 90 diputatuz osaturik dago.[13]

Banaketa administratiboa

aldatu

Herrialdea zazpi eskualde edo oblastetan banaturik dago; horrez gain, Bixkek eta Ox hiriak administratiboki independenteak dira.

 
Ala Artxa harana, Txui eskualdea.
 
Alai mendiak, Ox eskualdea.
 
Eskualdea Hiriburua Eremua[14]
(km2)
Biztanleria
(2021)[14]
Dentsitatea
(biztanleak/km2)
1 Talas Talas 11.446 270.994 23,7
2 Bixkek hiria Bixkek 127 1.074.075 8.457
3 Txui Biskek 20.189 974.984 48,3
4 Issyk-Kul Karakol 43.144 501.933 11,6
5 Jalal-Abad Jalal-Abad 33.648 1.260.617 37,5
6 Naryn Naryn 45.202 292.140 6,5
7 Batken Batken 17.000 548.247 32,2
8 Ox hiria Ox 50 322.164 6.443
9 Ox Ox 29.139 1.391.649 47,8
Kirgizistan Biskek 199.945 6.636.803 33,2

Demografia

aldatu

Biztanleria

aldatu
 
Oxeko azoka.

Herrialdeak 6,6 milioi biztanle zituen 2021ean.[2] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 30,4; 15-24 urte bitartekoak, % 15,7; 25-54 urte bitartekoak, % 40; 55-64 urte bitartekoak, % 8,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 5,8. Bizi itxaropena 72,1 urtekoa da: 68 urtekoa gizonezkoena eta 76,4 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak).[15]

Banaketa etnikoa

aldatu

Laurogei etnia inguruk osatzen dute Kirgizistango populazioa. Kirgizak % 73,5 dira, uzbekoak % 14,7, errusiarrak % 5,5 eta dunganak % 1,1.[15] Uzbeko gehienak Kirgizistango hegoaldean bizi dira, Ferganako haranean, eta kirgizak baino gehiago dira bertako gune batzuetan. Eskualde horretan hainbatetan lehertu dira bi etnien arteko liskarrak. 1990ean 300 bat lagun hil ziren Ox hirian, eta 2010ean ere borroka latzak izan ziren.[16]

Hizkuntzak

aldatu

Kirgizera eta errusiera dira hizkuntza ofizialak. Kirgizera turkiar hizkuntza da, kazakheraren oso antzekoa eta uigurrera eta uzbekeraren gertukoa. Errusieraz egiten den bezala, kirgizera ere alfabeto zirilikoa erabiliz idazten da, Txinan bizi diren kirgizek arabiar alfabetoa erabiltzen duten arren.[17] Biztanleen % 71ren mintzaira da. Ofiziala ez den arren, uzbekera da bigarren hizkuntzarik mintzatuena (% 14,4).[15]

Erlijioa

aldatu

Musulmanak dira % 90, sunitak gehienak, eta kristauak % 7 (2017ko zenbatespena).[15]

Hiri nagusiak

aldatu

Ekonomia

aldatu
 
Sail ureztatuak Txu haranean.

Kirgizistan herrialde txikia da, eta oso menditsua (lurraldearen erdia baino gehiago dago 2.500 metroko altueratik gora). Jarduera nagusietako bat abeltzaintza da; nekazaritza haranetan bakarrik egin daiteke (fruituak eta laboreak) baina, hala ere, garrantzi handiko jarduera da. Okela, artilea eta kotoia dira esportaziorako gai nagusiak. Nekazaritza-abeltzaintzak hartzen dute barne produktu gordinaren % 14,6 (2017), eta jarduera horietan dihardute langileen % 48ek (2005).[15]

Lurpeko aberastasun ugari ditu, eta meatzaritzan oinarritua da industria; besteak beste, urrea, merkurioa, uranioa eta gas naturala ditu. Sobietar Batasuneko kide izan zen garaian indar handia hartu zuen industriak; barne produktu gordinaren % 31,2 eta langileen % 12,5 hartzen ditu.[15] Issyk-Kul aintzira da turismo gune nagusia; bertako ur garbiek eta udako tenperatura epelek, turista kirgizistandarrez gain, kazakhstandar eta errusiarrak erakartzen dituzte.[17]

Sobietar Batasun ohiko herrialdeen artean, Kirgizistan da merkatu-ekonomiara egokitzeko neurri aurreratuenak dituena. Ekonomia egonkortzeko neurriak hartu ziren lehenik, eta inflazioa 1994ko % 88tik % 15 ingurura jaitsi zen 1997rako. Estatuak bere esku zituen enpresa asko saldu zituen. Ekoizpenean beherakada nabarmena izan zen 1991n, baina 1995 ingururako berrindartzen hasi zen. 1996-1997. urteetako bilakaeran atzerriko inbertsioak izan ziren eragile aipagarrienak.

Erreferentziak

aldatu
  1. 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-29).
  2. a b c Kyrgyzstan. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-1-25).
  3. a b c Olcott, Martha Brill. Kazakstan, Kyrgyzstan, Tajikistan, Turkmenistan, and Uzbekistan: country studies. Federal Research Division, Library of Congress. 119–125. orrialdeak, loc.gov (Noiz kontsultatua: 2022-1-25).
  4. Uzbekistan eta Kirgizistanekin hamar dira errepublika independentistak. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko irailak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  5. Akaievek berriro hauta dezaten lortu du lehendakaritzarako hauteskundeetan. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko abenduak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  6. Akaiev Kirgizistango presidenteak dimisioa eman du. Berria, 2005eko apirilak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  7. Bakiev nagusitu da Kirgizistango lehendakaritzarako bozetan. Berria, 2005eko uztailak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  8. Otunbaievak presidentetza hartu du Kirgizistanen. Berria, 2010eko uztailak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  9. Sokarros, Allande. Giro gatazkatsuan aukeratuko dute gobernua Kirgizistanen. Berria, 2010eko urriak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  10. Ortega Zubiate, Maria. Kirgizistango presidenteak dimisioa eman du «odola isur» ez dadin. Berria, 2020ko urriak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-1).
  11. Elizegi Egilegor, Arantxa. Zhaparov, espetxetik presidentetzara jauzi bakarrean. Berria, 2021eko urtarrilak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-1).
  12. Dozenaka hildako Kirgizistanen, borroketan. Berria, 2021eko maiatzak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-1).
  13. Kirgizistanen, konstituzioari buruzko galdeketa. Berria, 2021eko apirilak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-2).
  14. a b Kyrgyzstan. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-1-30).
  15. a b c d e f Kyrgyzstan. The World Factbook (Noiz kontsultatua: 2022-2-2).
  16. Zubiaurre, Ixiar. Kirgizistango gatazka. Diktadoreak, sobietarren oinordeko. Berria, 2010eko ekainak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-2).
  17. a b Galarraga, Haize. Kirgizistan. Mendi eta zaldien lurraldea. Berria, 2010eko apirilak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-2).

Kanpo estekak

aldatu
  • (Ingelesez) Kyrgyzstan, The World Factbook. Central Intelligence Agency.