Gazteen Entziklopedia

euskarazko entziklopedia 8 liburukitan (1991)

Gazteen Entziklopedia euskaraz sortutako lehen entziklopedia grafikoa izan zen. Lehenengo zenbakia 1992an argitaratu zuen EUSENOR Fundazioak, eta guztira 8 liburuki zituen.[1]

Gazteen Entziklopedia
Jatorria
Argitaratze-data1992
IzenburuaGazteen entziklopedia
ArgitaletxeaEUSENOR
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Andoni Sagarna eta Joseba Intxausti (Argia, 1993-12-12)[2]

Edukiak eta irudiak erabiltzeko estiloa

aldatu

Guztira 750 artikulu argitaratu zituzten, artikulu bakoitzak orrialde oso bat hartzen zuen eta material grafiko ugarirekin batera azaltzen zen. Bestalde, azken liburukiak bukaeran 6.000 kontzepturen definizio labur-laburra zekarren, kontzeptu horietako bakoitza zein liburukitan eta zein artikulu nagusitan agertzen zen zehazteko.

Irudi ugari izateaz gain, testuak eta irudiak elkar osatzen dute konbinazio emankor bat lortuz. Orrialde bakoitza sarrera bati dagokio, orrialde guztiek antzeko egitura dute eta sarreraren arabera alfabetikoki ordenaturik daude. Orrialdearen barnealdean oinarrizko testua duen zutabe bat dago. Bertan sarrerari dagokion informazio ugari ematen da era ulerterrazean. Testu honen argigarri dira orrialdean zutabe horretatik kanpo dauden beste elementuak: marrazkiak, argazkiak, mapak, eskemak, erreferentzia gurutzatuak beste artikulu batzuetara eta sintesi gisako laburpena. Gainbegirada batez idea sinple eta argia jaso daiteke gaiaz.[3]

Honela banatuta zeuden artikuluak zortzi liburukitan zehar:

  • Gazteen entziklopedia : 1 abelazkuntza - barbaroak
  • Gazteen entziklopedia : 2, barizeak - ekinodermoak
  • Gazteen entziklopedia : 3, ekitazioa - Geneva
  • Gazteen entziklopedia : 4, geologi aroak - intsektuak
  • Gazteen entziklopedia : 5, intsektuak - Libia
  • Gazteen entziklopedia : 6, liburua - Nobel
  • Gazteen entziklopedia : 7, nobela - Suez
  • Gazteen entziklopedia : 8, sugeak - zura, eta 6.000 kontzepturen aurkibidea definizio laburrekin.

Oinarri iturburua

aldatu
 
Sven Lidman-en Combi Visuell, (5 liburuki, 1968) eta Combi Lexikon, (2 liburuki, 1973).

Sven Lidman editore suediarraren zuzendaritzapean 1968an sortutako Combi Visuell entziklopedia eta 1989an espainieraz sortutako Enciclopedia Combi Visual bertsioa izan ziren obra honen oinarria.[4] Hainbat hizkuntzatan argitaratuta zegoen entziklopedia grafiko hori, espainieraz ere bai. Hortik abiatu ziren artikulu asko sortzeko, eta horri Euskal Herriari buruz hainbat artikulu berri gehitu zizkioten EUSENORrekoek.

Taldea

aldatu

Lanaren zuzendaria eta euskal orrietako testuen egilea Andoni Sagarna izan zen, itzultzaileak Andoni Sarriegi eta Jon Urrujulegi. Argazki berriak Elhuyarrekoak eta Eusko Jaurlaritzakoak ziren.

Aurrekariak eta ondorengoak euskarazko entziklopedietan

aldatu

Euskara batuaren aroan sartuta, hasieran euskarazko entziklopedia moduko batzuk izan ziren, Itzulpen gisa egindakoak eta kasu batzuetan gaiaren arabera antolatuak, adibidez Mundua Jakingai eta P8 izenekoak.[5]

Baina 20 urte geroago 1990reko hamarkadan proiektu sendo batzuk sortu ziren euskarazko entziklopediak sortzeko erronkari erantzuteko. Hezkuntza sisteman behar-beharrekoak ziren erreferentziazko obrak 1990eko hamarkadan hasi ziren argitaratzen. Lehenengo urratsa 1991ean hasi zen, Lur Hiztegi Entziklopedikoarena izan zen. Geroago Gazteen Entziklopediaren lehenengo zenbakia 1992an argitaratu zuen EUSENOR Fundazioak, eta guztira 8 liburuki izango zituen.[1] Biak helburu orokorrekoak izanik, Lur jatorriz euskaraz idatzita zegoen eta artikulu askoz gehiago eskaini zituen, baina Gazteenak azalpenak erraztearren erabiltzen zituen hainbeste osagai grafiko eskaini gabe.

1993an Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu zuen Elhuyar Fundazioak.[6][7] Elhuyarrekoa izan zen osorik argitaratu zen lehen hiztegi entziklopedikoa, artean Lur eta Eusenor entziklopediak liburuki guztiak argitaratu gabe zebiltzan eta.

Geroxeago etorriko ziren hiztegi entziklopediko horien online-eskaintzak[8][9][10] eta 2001ean sortuko zuten Euskal Wikipediaren lehen bertsio nimiñoa.

2009an Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu zuen Elhuyar Fundazioak. Hainbat arlo eta erakundetako 200 aditu euskaldunekin lankidetzan oinarritua. Harrezkero edukiak modu irekian osatu eta eguneratu izan dira.[11]

Auñamendi Eusko Entzikloplediak, Euskal Herriaren tradizioa, oraina eta etorkizunaren arteko lotura jaso zituen hainbat artikulutan,Eusko Ikaskuntzak Euskomedia fundazioaren bidez 2010ean Interneten argitaratua, Izan ere, Internet bidez dohainik kontsulta daiteke. 2020an 155.000 artikulu zituen gaztelaniaz (%96,3) eta 6.061 (%3,7) euskaraz,[9] gehienak Bernardo Estornes Lasaren Enciclopedia general ilustrada del País Vasco ospetsukoak.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Gazteen entziklopedia. Eusenor LG 1993 ISBN 84-604-5166-6. PMC 863196369. (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  2. Petrikorena, J. J.. (1993-12-12). ««Euskararen azpiegituraren eraikuntzan elkartu beharra dago»» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  3. Sagarna, Andoni. (1992). «Eusenor-en berehalako argitalpenak» www.jakin.eus: 85-91. (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  4. (Ingelesez) «Sven Lidman» prabook.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  5. «Lur Hiztegi Entziklopedikoa - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  6. Hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar Kultur Elkartea 1993 ISBN 84-87114-89-X. PMC 434073059. (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  7. Irazabalbeitia, Iñaki. (1992). «Hiztegi entziklopedikoa» www.jakin.eus (Jakin.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).
  8. «Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedikoa sarean daude» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  9. a b Bizientzia. (2010-07-19). «biZIentzia 1-2: Elhuyarren Hiztegi Entziklopedikoa on line» biZIentzia 1-2 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  10. «Entziklopediak. Hiztegia.net» www.hiztegia.net (ARTEZ) (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  11. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-13).

Ikus gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu