Enric Morera i Català
Enric Xavier Morera i Catalá (Oliva, Valentzia, 1964ko apirilaren 3) valentziar politikari bat da. Zuzenbidean lizentziatua, merkataritza, ostalaritza, komunikazio eta landa-turismo arloko enpresaria da. Valentziako Bloke Nazionalistako idazkari nagusia da 2003tik eta Compromis koalizioko bozeramailea 2012tik, Mónica Oltrarekin batera. 2007an Valentziako Gorteetan legebiltzarkide gisa hautatua izan zen.
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981ean sartu zen politikan, Valentziar Herrialdeko Alderdi Nazionalistan militante egin zenean. 1983an Unitat del Poble Valenciá (UPV) alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. 1985etik 1987ra Joves d'UPV gazte-sekzioko idazkari nagusia izan zen. 1990etik 1994ra Europar Parlamentuko Batzorde Juridikoko funtzionario izan zen. 1996an UPVko Zuzendaritzan sartu zen eta UPV-Bloc Nacionalista hauteskunde-koalizioaren bultzatzaileetako bat izan zen, zeinetatik beranduago Bloc Nacionalista Valenciá eratuko zen. Alderdi berri horretan Kongresu Eratzailea egin arte kudeaketa-idazkari izan zen.
1999an Valentziako alkatetzarako hautagai izan zen BLOC alderdiaren eskutik. Gainera, CiUk gidatutako Europar Parlamenturako hauteskunde-koalizioaren zerrendako kide ere izan zen. BLOC alderdiaren bigarren kongresuan, 2003an ospatu zena, alderdi horretako idazkari nagusi izendatu zuten. 2004ko apirilean Europar Parlamentura sartu zen CiUko Carles Gasóliba eurodiputatua ordezkatzeko. Urte horretako Espainiako hauteskunde orokorretan BLOCeko zerrendaburua izan zen, baina ez zuen jarlekurik lortu.
2006ko urtarrilean BLOCeko idazkari nagusi gisa berrautatu zuten, botoen %85ari esker, aldeko boto kopuru hori izan zen idazkari nagusi batek UPV edo BLOC alderdietan inoiz lortu zuen altuena.
2007ko Valentziako Gorteetarako hauteskundeetan Compromis pel Pais Valenciá hautagaitzaren zerrendako bigarrena izan zen, hala, Gorteetan diputatu gisa sartzea lortu zuen. 2011ko hauteskundeetan Valentziako Generalitateko presidentetzarako hautagaia izan zen Coalició Compromisen eskutik (zeina Bloc Nacionalista Valenciá, Iniciativa del Poble Valenciá eta Els Verds – Esquerra Ecologista del Pais Valenciá alderdiek osatu zuten), eta hauteskunde haietan koalizioak inoizko emaitzarik onenetakoa lortu zuen, botoen %7,37arekin eta 6 jarlekurekin.
Coalició Compromiseko zuzendaritza nazionaleko bozeramaile izendatu zuten, Mónica Oltrarekin batera, 2012ko uztailean. Haindik hilabete batzuetara, 2012ko urrian, BLOC alderdiko idazkari nagusi gisa berrautatua izan zen botoen %87arekin, alderdi horren seigarren kongresu nazionalean.
2013ko urtarrilerako, Valentziako Gorteetan hitza gehien hartu zuten diputatuen artetik bigarrena zen, guztira 248 hitzaldirekin. Bere aurretik soilik bere alderdikide Mireia Mollá zuen, 254 hitzaldirekin. 2015eko hauteskunde autonomikoetan, Compromiseko zerrendan Valentziako hautesbarrutiko bigarren gisa aurkeztu zen, zerrendaburua Mónica Oltra zelarik. Urte hartako uztailean Valentziako Gorteetako presidente izendatu zuten. 2018ko martxoan, PSPV eta BLOCen finantzaketaren kasua azaldu zenean, bere alderdiaren gardentasuna babestu zuen.