Edukira joan

Jon Mirande

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau euskal idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Miranda».
Jon Mirande

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJean Pierre Cadet Mirande
JaiotzaParisko 13. barrutia1925eko azaroaren 10a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParisko 20. barrutia1972ko abenduaren 28a (47 urte) (47 urte)
Hobiratze lekuaCimetière parisien de Thiais (en) Itzuli
Heriotza moduasuizidioa
Hezkuntza
HeziketaLycée Arago (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
gaztelania
ingelesa
euskara
Kornubiera
bretainiera
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, itzultzailea, poeta eta idazlea
Izengoitia(k)Jon Chaho

Literaturaren Zubitegia: 225 Musicbrainz: 28c6dc32-88ef-4ab8-b93d-6bcb7a5f4252 Edit the value on Wikidata

Jon Mirande Aiphasorho[1] (1925eko azaroaren 10a, Paris1972ko abenduaren 28a, Paris) euskal idazlea izan zen, euskal literaturako XX. mendeko olerkari nabarmenenetakoa.

Parisera lanera joandako zuberotarren semea zen: ama Marie Aipharsoro zuen, Sohüta Xarokoa, eta aita, Jean Mirande, Garindainekoa. 1923an jaiotako arreba bat zuen.

Batxilergoa ikasi eta gero, 1944an Frantziako Finantza Ministerioan hasi zen itzultzaile lanetan, eta ogibide bera bizitza osoan mantendu eta gorrotatu zuen. Ez zuen inoiz lanpostuan gora igotzeko asmorik azaldu eta bere aisia literaturari eta bidaiatzeari eskaintzen zion.

Gurasoek Parisera iritsi zirenean apenas zekiten frantsesez; Mirandek ordea, ez zuen euskara ama-hizkuntza moduan ikasi. Hogei urterekin hartu zuen euskara ikasteko erabakia, eta harrezkeroztik gurasoekin beti zubereraz mintzatu zen; euskalki gehienak landu zituen eta batuaren defendatzailea izan zen sortu baino lehenagotik. Haren lehen idazlana 1948koa da, Gernika aldizkarian agertu zen. Urte berean, Piarres Lafittek Eskualtzaleen Biltzarrerako deitu zuen, baina geroago bien arteko harremanak mikaztu egin ziren, ideologia desberdintasunak zirela medio.

1956an Arantzazuko santutegian Euskaltzaindiak antolatu zuen Espainiako Gerra Zibilaren ondoko lehen batzarrean esku hartu zuen.

1962an euskaltzain oso izendatzeko proposamena egin zuten Aingeru Irigarai, Federiko Krutwig, Koldo Mitxelena eta Luis Villasantek, baina Piarres Lafittek kontrako iritzia zuenez, ez zen aurrera atera; Mirandek berak egin zion uko.

Hogei bat hizkuntza zekizkien, eta haietako anitzetan literatura-lanak argitaratu zituen. Zelta hizkuntzetan espezialista izaki, bretainieraren akademiako kide izatera iritsi zen.

Jon Mirande eta Txomin Peillen bretoierazaleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz baino lehen ikasi zuen bretoieraz Jon Mirandek Parisen. Euskaldunak lagun egin baino lehen, bretainiarrak egin zituen adiskide. Txomin Peillenekin konpartitu zuen zaletasun hori. Izatez, Jon Mirandek hizkuntza zeltiko guziak ezagutzen zituen. 1950ean kornubieraren akademian sartu zen, eta Heineren eta Hölderlinen olerkiak eman zituen akademiaren An lef Kernewek aldizkarian.[2]

Bretoieraren akademian hartu zuten kanpotar bakarra izan zen. Gerla denboran ikasi zuen bretoieraz. Berantago, Sorbonako sumeriar hizkuntzen irakasle Riec Jestinek, Jon Mirandek eta Txomin Peillenek Ar Stourmer aldizkari abertzale sozialista atera zuten bi urtez, eta Jon Mirandek hantxe eman zituen bretoierazko artikulu hoberenak, eta kantuak eta olerkiak ere bai. Haren olerkitxo erotikoak bretoieraz idatzi bakarrak izan ziren. Bertzalde, hebreeratik eta nederlanderatik ere ekarri zuen bretoierara lanik. Hil gabean, aleman eta nederlanderazko poemak idazten ari zen, bretoieraz.[2]

Nabaria da Friedrich Nietzsche, Oswald Spengler eta Arthur Schopenhauerren eragina haren pentsamenduan.

Eskuin zein ezkerreko abertzaletasunak gogor kritikatu zituen, biek ala biek moral judu-kristauaren iturrietatik edaten zutela uste baitzuen. Haren ustez, euskaldunaren jatorrizko izpiritua askea eta indartsua da, bortitza. Oswald Spenglerrek Mendebaldearen Gainbehera saioan adierazi zuen bidetik, Miranderen iritziz, euskaldun jendeak izpiritua zeharo ahulduta dauka moral judu-kristauaren eta demokraziaren erruz, eta antzinako izpiritu bortitza berreskuratu beharra dauka, bizirik iraungo badu. Soilik horrela lortuko omen dute euskaldunek Euskal Herriaren benetako independentzia; demokraziaren bidez ez omen da askatasunik lortuko. Hala, euskal paganismoaren iduriteria erdi-asmatu bat darabil bere poema askotan, mitologia zelta eta nordikoan inspiratuta. Marxismoa ere bere erasoen jomuga zen, bere irudikoz kristautasunaren beste aldaera bat besterik ez baitzen. Ideia nazional-sozialistak bereganatu zituen eta ez zuen inoiz bere arrazismoa ezkutatu.

Abertzale erradikala zen, baina haren ideiak zirela eta, abertzaleen artean ere baztertua izan zen. Paris urrun hartatik, Euskal Herriko nazionalismo klerikala zein marxista gaitzesten zituen. Eskuineko euskaltzaleek ezin zuten eraman bere testuetako erotismo gordina; ezkerrekoek, berriz, ideia tradizionalei eta ohiturazko nazionalismoari eginiko kritikak begi onez ikusten bazituzten ere, printzipio nazi-faxista eta antikomunista haiek guztiz baztertzen zituzten.

Hala ere, Mirandek hainbat euskalarirekin hartu-eman adiskidetsuak izan zituen, Andima Ibiñagabeitia, Txomin Peillen, Piarres Lafitte, Koldo Mitxelena eta Jon Etxaiderekin, besterak beste, eta euskarazko aldizkarietan bere kultura aberatsagatik eta sormenagatik estimu handitan hartu zuten. Andima Ibiñagabeitiak Parisen Miranderi eta Txomin Peilleni euskara eskolak eman zizkienean, hirurak adiskide min egin ziren. Ibiñagabeitiak Venezuelara bizitzera joan behar izan zuenean ere, Miranderekiko gutun harremana ez zen inoiz eten, eta idazlanak elkarri kritikatzen eta zuzentzen zizkioten, argitara eman aurretik. Gabriel Aresti arduratu zen Haur besoetakoa eleberriari hitzaurrea egiteaz, nahiz eta bere pentsamoldea Miranderenaren guztiz antagonikoa izan. Azkenik, bere burua toki gehienetatik baztertua ikustean, euskaraz idazteari utzi zion eta bere amaren heriotzak depresiora eraman zuen. Aita zendu eta gutxira, bere departamentuan hilik aurkitu zuten, pilula pote huts bat eta whiski botila bat ondoan zituela. Pariseko Thiais hilerrian ehortzi zen.

Joxe Azurmendik zenbait lanetan Miranderen pentsakera sakonki aztertu du, aurreiritzirik gabe ("Mirande eta kristautasuna", "Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan" eta "Miranderen pentsamendua").

Iritzi kritikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen, laikotasunaren hiriburuan sortu, hazi, hezi eta bizi izanak ukatu ezinezko eragina du Miranderen lanetan. Nabaria da Europa eta Mendebaldeko pentsalari eta olerkarien ezagupena eta haietako askoren eragina.

Erlijio katolikoak Greziako espirituaren eta paganismoaren gainbehera ekarri zuen. Mirandek, Greziako mitologia eta paganismoarekiko miresmena aitortzen du, eta kristau-zibilizazioaren eta arrazionalismoaren aurkako jarrera tinkoa hartzen. Euskal gizarte hartan indarrean ziren moralitatearen zutabe nagusiak astindu zituen era satirikoan eta ironiaz. Mendebaldeko zibilizazioak kondenatu eta luzaroan estalita eduki dituen indarrak berpiztu nahi ditu Mirandek. Europa iparraldeko mitologia zaharreko jainko eta jeinuen inbokazioa ere: “Wotan”, “Odin”, “Eidol”... baita akelarre, sorgin eta gainontzeko sinbolo paganoen miresmena ere, Europa iparraldeko ganduetatik berreskuratuko lamia zeltarrekin batera. Kristautasunak baztertu eta askotan sutara bota zituen mitologia eta sineskera zahar horietan aurkitu uste du Mirandek paradisu galdua.

Miranderen iruditeria poetikoan, ametsa, ura, arima, kantu edo musika, urruntasuna, paganismoa, heriotza... kontzeptuak eta ametsarekin batera nostalgia edo mina (herri-min, elhur-min, gau-min...). Min hori iraganeko Gazteen Lurraren edo bere gaztaroaren mina edo gizarteak galarazi digun berezko izate askea galdu izanaren mina zen.

Formari dagokionez, era askotako neurri eta baliabideak erabiltzen ditu, eta idaztankera laburgarriak kontzeptismora hurbiltzen du. Bertsolaritzaren neurri tradizionalen zalea da. Estiloari dagokionez. berria denez, haren obrak ulertzea zaila da, batez ere zerabilen hizkuntza oraindik arautu eta finkatu gabeagatik. Euskararen batasuna oraindik adostu gabea baitzen, bere kasa koiné berezi bat asmatu zuen, euskalki guztietako ezaugarriak nahasiz. Federiko Krutwig eta Luis Villasantek bultzaturiko lapurtera klasikoaren bidea hartu zuen hasieran, eta gipuzkerarena gero.

Poesia landu zuen batez ere. Erotismoa (onanismoa eta lesbianismoa), heriotza, paganismoa eta abertzaletasuna ziren erabiltzen zituen gaiak.

Berak sortutako ipuinez gain, zenbait ipuin itzuli zituen halaber: Edgar Allan Poe eta Franz Kafkarenak, kasu. Poesian, Charles Baudelaireren Les Fleurs du mal (Zithal Liliak) poesia bilduma eta Edgar Allan Poeren The Raven (Bela) poema luzea euskaratu zituen.

Igela, euskaldun heterodoxoen errebista aldizkaria argitaratu zuen aldi batean Txomin Peillenekin batean, eta bertan poesia, kritikak, herri literatura eta beste gaien inguruko artikuluak jaso zituen. Bertan jorratu zituen gara hartan euskaldunen artean debekatuta zeuden gaiak. Haren lan poetikoan, hiru gai nagusi bereiz daitezke: paganismoa, sexua eta bortizkeria. Poema askotan bere jarrera nihilista nabari da.

Nobela bakarra idatzi zuen: Haur besoetakoa, haren obra ezagun eta aldi beran polemikoena, eta bera bizi zelarik liburu moduan argitara emandako lan bakarra ere horixe izan zen, gainerakoak aldizkarietan edo bera hil ondoren argitaratu baitziren. Pedofilia, intzestua eta suizidioa bezalako gaiak landu zituen, ohitura tradizionalen eta moral judeo-kristauaren kontrako testu bortitza bihurtuta. 1954an idatzi zuen, eta 1971ra arte itxaron behar izan zuen argitaratzeko. Vladimir Nabokoven Lolitarekin alderatu da, baina badakigu Mirandek ezin izan zuela eleberri hori irakurri.

Generoka sailkatuta:

  • Miranderen lan kritikoak 1985, Pamiela
  • Jon Miranderen gutunak 1948-1972 1995, Susa
  • Gauaz parke batean 1984, Elkar
  • Orhoituz 1976, Kriselu
  • Ene jainko-eidol zaharra, lur! 1984, Elkar
  • Poemak 1950-1966 1984, Erein
  • Ilhun-argiak 1992, EHU-UPV
  • XX. mendeko poesia kaierak - Jon Mirande 2002, Susa

Miranderekin lotutako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zuberoan sarritan gertatu bezala, Mirande gaskoi jatorria duen deitura da. Okzitaniera arautuan Miranda.
  2. a b Elustondo, Miel A.. «De viris illustribus: Jon Mirande bretainiarra» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
  3. Kandido Uranga antzezlanaz[Betiko hautsitako esteka] Berrian.
  4. «[0f1c9 - Mirande, by Elena Setién, Grande Days & Xabier Erkizia»] Forbidden Colours Diskoetxea (Noiz kontsultatua: 2021-02-12).
  5. Elizalde Estenaga, Amaia. (2018-11-29). Jon Miranderen haur besoetakoa (1970) modernitate ukatua.. (Noiz kontsultatua: 2021-10-28).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]