Miru beltz
Miru beltz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Milvus |
Espeziea | Milvus migrans (Boddaert, 1783)
|
Azpibanaketa | |
5, ikusi testua
| |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 56 g 828 g |
Zabalera | 1,52 m |
Kumaldiaren tamaina | 2,4 |
Arrautza | |
Miru beltza (Milvus migrans) accipitridae familiako hegazti harraparia da[1].
Miru hau Eurasia osoko eta Australasiako eskualde epel eta tropikaletan bizi da, eskualde epeletan bizi direnak migratzaileak izanik. Europan gutxi badira ere, hegoaldeko Asian asko daude.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko hegazti harraparia da miru beltza. Hego luze eta zorrotzei esker hegan erraztasun handiz egiten du eta maniobratzeko gaitasun handia dauka. Zentzu horretan miru gorriaren oso antzekoa da, baina miru beltzak ez du isatsean horren sargune nabarmenik. Hori da bien arteko ezberdintasun agerikoena, baina baita hegoen alde bentraleko panel zuriak ere (miru beltzean askoz ere apalagoak dira miru gorrian baino). Miru beltzak kolore marroi iluna dauka (alde dortsala are ilunagoa da), baina alde bentralean kolore gorrixka ere igarri ahal zaio. Buruko eta lepoko lumadia argiagoa da [2].
Alderantzizko dimorfismo sexuala dutela esan ohi da. Hots, emea arra baino handiagoa da, baina ez oso nabarmenki: hego zabalera emeetan 180 cm eta arretan 160 cm; pisua emeetan 914 g eta arretan 796 g.
Kantua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irrintzi baten antzeko kantu azkarra egiten du, pi-iiiii modukoa.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miru beltza Europan, Asian, Afrikan nahiz Australian aurki daiteke [3]. Zona guztiotan zehar Miru beltzak 5-7 subespezie desberdinetan banatzen da [4]. Gurean dakusaguna M. migrans migrans subespeziea da.
Garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako populazioek negua Afrikan igarotzen dute, Sahara hegoaldean batez ere, eta bertara abuztuan zehar alde egiten dute [5]. Ostera, negua Iberiar Penintsulako hegoaldean igarotzen dute ale bakan batzuek. Afrikatik martxoaren erdialdean etortzen da berriro ere gurean uda igarotzeko [6].
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iritsi bezain laster miru beltzak basoak miatzen hasten dira haien habia non eraiki erabakitzeko asmoz. Horretarako, orokorrean, zuhaitz dentsitate ez oso handiko basoak hobesten dituzte, eta abeltzaintza estentsiboko zonaldeak gertu daudeneko inguruetan ikus daitezke batez ere [7]. Halaber, antropizazioa ondo jasaten duen espeziea da miru beltza, elikagaiak lortzeko baliagarri bazaio behintzat (Bustamante eta Seoane, 2004), baina Nafarroan giza eragina oso nabaria den ingurunea ekiditen du [8].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miru beltzarentzat zabortegiak elikagai-iturri oso garrantzitsuak dira, baina ezin esan liteke espezie bereziki sarraskijalea denik. Izan ere, hegaldi luzeak egiten ditu bere ehiza edo arrantza guneetan zehar bestelako hegazti, ugaztun, eta arrainen bila batez ere. Anfibioak, narrastiak eta intsektuak ere jaten ditu [9].
Doñanan egindako ikerketa batek agerian utzi bezala, elikagaien hautua eskuragarritasunarekin hertsiki lotua dago. Horregatik miru beltza espezie oportunista dela esaten da. Adibidez, miru beltzak Doñanan mixomatosia gaitza duten untxiak ehizatzen ditu errazen, baina bestela ehiztari makala dela dio ikerlari askok [10].
Ugalketa eta ontogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohikoa da miru beltza taldetan bilduta ikustea, baita txitak hazten ari direnean ere. Halere, loturak bikoteak osatzean eraikitzen dira, eta ez hainbeste talde beraren barnean [11]. Emeak apirilaren erdialdetik bukaera artean 2-3 arrautza erruten ditu, zuriak orbain morroiekin. Arrautzok 32 egunez inkubatzen dira eta lan hori emeak egiten du batez ere [6].
Txitak jaiotzerakoan lumadi zuria dute, baina laster iluntzen zaie. Hauek habian 40-50 egun egoten dira eta epe horretan emeak zaintzen ditu batez ere. Ordea, txitek 25-30 egun dauzkatenean emeak arrari bazka bila laguntzen dio [6]. Izan ere, txitek gurasoenganako independentzia 15-36 egun dauzkatenean lortzen hasten dira, eta laster gurasoenganako lotura hausten dute [11]. Haustura hau nabariagoa da Afrikarako bidaia hasi behar dutenean.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtez urte inguru berdinera itzultzen ohi da miru beltza, baina fideltasun hori sendoagoa da arretan emeetan baino [11]. Miru beltzak edozein habia zahar baliatzen du. Haietara trapu zaharrak, paperak, plastikoak, azienden gorotzak… eramaten ditu eta, horregatik, nahiko zikinak dira (Elosegui, 1985). Espezieen arteko elkarrekintzak
Katajinetek (Genetta genetta) eta katamotzek (Lynx sp.) miru beltzaren ugalketaren porrotan eragin zuzena dute, eta Nafarroan hontz handiaren harrapakinen artean dagoela ikusi da [12].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bost Azpiespezie ditu:
- Milvus migrans migrans (Boddaert, 1783): europar miru beltza.
- Milvus migrans lineatus (J. E. Gray, 1831): belarri beltzadun mirua.
- Milvus migrans govinda (Sykes, 1832): indiar miru beltz txikia.
- Milvus migrans affinis (Gould, 1838): sarde itxurazko miru beltza.
- Milvus migrans formosanus (Kuroda, 1920): Taiwandar miru beltza.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Forsman, Dick. (2003). «Identification of Black-eared Kite» Birding World 16 (4): 156-60..
- ↑ Mullarney et. al, 2001
- ↑ Glutz et. al 1971; Cramp eta Simmons, 1980; Del Hoyo et. al, 1994
- ↑ Del Hoyo et. al, 1994
- ↑ Cramp eta Simmons, 1979; Bernis, 1980
- ↑ a b c Elosegi, 1985
- ↑ Carrascal, 2006
- ↑ Dean, 1996
- ↑ Dean, 1996; Fernandez-Cruz, 1974
- ↑ Viñuela eta Veiga, 1992; Villafuerte eta Viñuela, 1999
- ↑ a b c Palomino, 2009
- ↑ Sergio et. al, 2005; Donazar, 1989
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).