Edukira joan

Hezueri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Hezueri
Deskribapena
Motaartritisa, gaixotasun genetikoa, crystal arthropathy (en) Itzuli, nahasmendu metabolikoa
eritasuna
EspezialitateaErreumatologia
Barne medikuntza
Sintoma(k)artralgia, hidrartrosia, Eritema
hantura
Adinaadult onset (en) Itzuli
Asoziazio genetikoa
Honen izena daramaTanta eta harrapatzea
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakalopurinol, Ibuprofeno, probenecid (en) Itzuli, indomethacin (en) Itzuli, sulindac (en) Itzuli, Naproxeno, sulfinpyrazone (en) Itzuli, Azido azetilsaliziliko, febuxostat (en) Itzuli, diklofenako, koltxizina, pegloticase (en) Itzuli eta dieta
Identifikatzaileak
GNS-10-MKM10 eta M10.9
GNS-9-MK274, 274.0, 274.00 eta 274.9
OMIM300323
DiseasesDB29031
MedlinePlus000422
eMedicine000422
MeSHD006073
Disease Ontology IDDOID:13189

Hezueria edo tanta-hezueria[1] azido urikoa, gatz kristalizatu moduan, artikulazio batean prezipitatzen denean sortutako gaixotasuna da, nahiz eta gorputzeko beste atal batzuetan ere prezipitazioa posible izan (tendoi, belarri eta abarretan). Kristal horiek, uratoak, giltzaduretan pilatzeak mina eta hantura dakar.[2] Proteina gehiegi ez hartzea, purinatan aberatsak diren elikagaiak saihestea, eta alkoholaren kontsumoa murriztea dira hezueria sahiesteko aholku dietetikoak.

Azido urikozko kristalak hezueria duen gaixo baten likido sinobialean.

Hezueria atakearen arrazoia hiperurizemia da, alegia, azido urikoak odolean maila normaletik gora zirkulatzea. Substantzia horrek giltzaduretan pilatzen diren kristalak sortzen ditu, artikulazioetan mina eta hantura eraginez.[3]

Azido urikoa modu naturalean sortzen da gure gorputzean, purina izeneko zenbait proteinen metabolismoaren ondorioz. Baina gure gorputzean purina gehiegi baldin badaude, azido uriko gehiegi kontzentratzen da. Odoleko azido urikoaren zifrak 7 mg/dl-tik gora badaude gizonezkoetan, edo 6 mg/dl-tik gora emakumeetan, hezueria jasateko arriskua areagotu egiten da, batez ere neurri horiek luzaroan irauten badute.[3]

  • Hezueri primarioa. Arruntena da. Azido urikoaren metabolismoaren alterazioa izaten da, bai normala baino gehiago ekoizten delako, bai gorputzetik azido urikoa kanporatzeko zailtasunak daudelako. Alterazio hori hereditarioa izan ohi da kasurik gehienetan.[3]
  • Hezueri sekundarioa, bestelako gaixotasunen batek sortutakoa (hezueri metabolikoa, giltzurrunekoa...), edota zenbait botika (diuretikoak, antitumoralak, etab.) ahoratu ondoren agertzen dena, edota alkoholismo-ostekoa.[2]

Arrisku faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezueriaren agerpena erraztu dezaketen egoera edo baldintza batzuk daude:[3]

  • Adinean aurrera joatea. Zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango dira azido urikoaren neurri altua izan eta hezueria atakeak jasateko. Edozein adinatako pertsonak izan daitezkeen arren, intzidentzia ikaragarri gehitzen da 40 urtetik aurrera.
  • Sexu maskulinoa. Gizonezkoek gaitz hau jasateko duten arriskua emakumeena baino lau aldiz handiagoa da. Zahartzaroan, ordea, balio horiek orekatu egin ohi dira, emakumeak, menopausiaren ostean, galdu egiten baitu estrogenoen eragin babeslea.
  • Gehiegizko pisua. Normala baino gehiago pisatzeak gehitu egiten du odoleko azido urikoaren kontzentrazioa, bi arrazoi direla medio: produkzioak gora egiten du, batetik, eta kanporatzea zaildua dago, bestetik.
  • Alkohol kontsumoa. Edari alkoholikoak ere kalterako izaten dira, gorputzak azido urikoa gernuaren bitartez kanporatzeko duen ahalmena gutxitu egiten baitute.
  • Jan neurria. Badira purinetan aberatsak diren jakiak —esaterako, haragi gorriak, erraiak, arrainak, arrain urdina esaten zaiona bereziki, eta mariskoa—, bide batez azido urikoaren maila igoarazi egiten dutenak. Horregatik, gure eguneroko dietatik jaki horiek kentzeak gaitza sendatzeko balio ez duen arren, elikagai horien kontsumoa murrizteak hezueriari aurrea hartzen lagun dezake.

Deskribapen klinikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odolean azido urikoaren neurria igotzeak ez dakar berez inolako sintomarik. Horregatik, sarritan hezueria atake bat agertzean izango du pertsonak gaitzaren berri. Eta kontuan hartu behar da, gainera, azido urikoa altu duten pertsona guztiek ere ez dutela era horretako atakerik izango.[3]

Hau da guztietan usuena eta garrantzitsuena. Azido urikoak kristalak sortzen ditu, giltzaduretan orratzak balira bezala sartzen direnak. Kristalak pilatzeko lekurik usuena oineko behatz potoloa izaten da, baina beste giltzadura batzuetara ere zabal daiteke. Minaz gainera hantura, azalaren gorritzea eta tenperaturaren igoera gertatuko dira erasandako artikulazioan.[3] Eboluzioa sendatze-alderakoa izaten da, erabat, ordu edo egun batzuetan; oso arraroa da asteak irautea. Pertsona batzuek eraso bakarra edukiko dute bizitza osoan. Beste batzuek, ordea, krisiak maiz izaten dituzte; gero eta gogorragoak gainera.[2]

Artropatia kronikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere sintomak artrosiarenak bezalakoak dira, eraso akutuekin txandakaturik. Tratatzen ez diren gaixoen % 25ean agertzen da, gutxi gorabehera.[2]

Tofoak hatzean eta belarrian.

Larruazal azpian kokatutako tumorazio edo kozkor gogorrak dira, tamainaz aldakorrak. Belarriko kartilagoan, eta egitura periartikularretan, belarriaren atzetik, tofo horiek eraso akutuak agertzen hasi eta urte batzuren buruan nabarmentzen dira, pazienteen erdietan ia. Tofoek, minaz aparte, artikulazioak deformatu eta mugimenduak mugatu egiten dituzte.[2]

Giltzurruneko erasana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenerako, giltzurrunak ere erasaten dira, litiasi moduan (azido urikozko harriak sortuz) edo nefropatia moduan (azido urikozko kristalak giltzurruneko egituretan infiltratzen dira). Konplikazio hau gaixoen erdietan izaten da.[2]

Jokatzeko modua gaitzaren larritasunaren araberakoa izango da, baina automedikazioa erabat baztertua dago kasu guztietan. Beraz, edozein susmoren aurrean, medikuarengana jo behar da, botikak hartzen edo erremedio bitxiak saiatzen hasi gabe.[3]

Hezueria atake baten aurrean, medikuak antiinflamatorio ez-esteroideak (AIEE) errezetatuko ditu, kopuru handian. Eta urdaileko arazoak baztertzeko, botika horiekin batera babesle gastriko bat hartzea gomendatzen da. Atsedena hartu behar da, erasandako lekuaren mugimendu edo presio oro saihestuz, mina gehitu egin baitezakete. Horretarako, onena etzanda egotea da, eta behar izanez gero, giltzadura ohol batekin immobilizatzea. Hantura gutxitzeko, giltzadurari goian eustea gomendatzen da. Eta gauez, oheko arropa altxatzeko haga edo makilatxo bat jarri ohe barruan, maindireak mindutako giltzadura ukitu ez dezan.[3]

Behin hezueria atakea kontrolatu ondoren, helburua izango da odolean azido urikoaren neurri normalak lortzea. Horretarako, gorputzean azido urikoaren produkzioa murrizten duten botikak daude, eta baita bere ezabatze edo iraizpena errazten dutenak ere. Baina medikuak errezetatuko ditu beti horrelakoak, eta sekula ere ez atakea den bitartean, gaixoaren egoera larriagotzera irits baitaiteke.[3]

Prebentzio neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hezueria (1799), James Gillrayren irudia.

Ondorengo neurriok gorputzeko azido urikoaren neurriak kontrolatzen, eta bide batez, hezueria atake bat izateko arriskua gutxitzen ere laguntzen dute:[3]

  • Ura edatea. Azido urikoaren kristalak disolbatzen eta giltzurrunetan barrena kanporatzen laguntzen du neurri horrek. Kasu honetan mineralizazio mailarik ahuleneko ura gomendatzen da, giltzurrunetako funtzioa bizkortu eta likidoen kanporatzea estimulatzen duelako.
  • Pisua galtzea. Pisu idealean egon ezkero, gaitz hau jasateko arriskua nabarmen gutxitzen da. Kontuan eduki behar da, hala ere, dieta gogorregiek hezueria atake bat eragin dezaketela. Hobe da, beraz, pisua, pixkanaka, modu gradualean galtzea.

• Dieta osasungarria egitea. Aski da ohitura dietetiko kaltegarriak bazterrera uztea. Azido urikoaren neurri altuak izateko arriskua duen pertsona baten jan neurriak hala izan behar du: neurritsua proteinetan —haragia, arraina, esnekiak, arrautzak…—, urria gantzetan —haragi gorriak, hestebeteak, opil industrialak…—, eta altua karbohidratoetan —ogia, pasta, arroza…—. Kafearen eta alkoholaren kontsumoa ere saihestea komeni da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «gota» Zehazki (Noiz kontsultatua: 2023-03-06).
  2. a b c d e f Agirre, Jabier. Hezueria. Elhuyar aldizkaria, 63. zenbakia, 1992ko irailak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  3. a b c d e f g h i j Agirre, Jabier. Hezueria edo azido urikoaren gehiegikeria. Berria egunkaria, 2011ko azaroak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]