Edukira joan

Lagomorpha

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lagomorpha
Eozeno-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
AzpierreinuaBilateria
FilumaChordata
KlaseaMammalia
SuperordenaEuarchontoglires
Ordena Lagomorpha
Familiak
Banaketa mapa

Lagomorpha (greziarretik, lagos = erbi; morpha = itxura) ugaztun plazentarioen ordena bat dira, untxi, erbi eta pikak barne hartzen dituena. Gaur egun 109 lagomorfo espezie existitzen dira: 34 pika espezie, 42 untxi espezie eta 33 erbi espezie.

Taxonomia eta historia ebolutiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leporidoen eta okotonidoen fosilak eta ingurumen-aldaketa globala

Lagomorfoen historia ebolutiboa oraindik ez da ongi ezagutzen. Orain dela gutxi arte lagomorfoen arbasoa Eurymylus zela adosten zen, Asia ekialdean bizi izan zena, Paleozeno berantiarrean edo Eozeno goiztiarrean.[1] Froga fosilen azterketa berriagoek ordea, lagomorfoak Anagaloidea ordenetik etorri ahal izan zirela iradokitzen dute, hau ere "mimotonidoak" bezala ezagutzen direnak, eta Eurymylus, berriz, karraskariekin harreman estuagoa izango zuen, zuzeneko arbasoa ez izan arren.[2] Leporidoak (untxi eta erbiak) Eozenoan agertu ziren eta Ipar hemisferioan zehar azkar hedatu ziren. Pikak aldiz, geroxeago agertu zirenk Oligozenoan Asiako ekialdean.[3]

Lagomorfoak askotarikoagoak ziren iraganean, 75 genero inguru eta 230 espezie baino gehiago aurkitu baitdira erregistro fosilean.

Azkeneko aurkikuntzek ordea, indiar jatorria iradokitzen dute, India Paleozeno garaian uharte-kontinente bat zenean bakarturik eboluzionatu zutelarik.[4]

Ondorego grafikoan lagomorfoen filogenia irudikatzen da beste ugaztu ordenakin duten lotura erakutsiz.

Glires

Arctostylopida

Anagaloidea

Gliriformes

Lagomorpha

Rodentia

Euarchonta

Scandentia

Primatomorpha

Dermoptera

Primates

Plesiadapiformes

"

Lagomorfoak beste ugaztunen antzera endotermoak dira, eta ilea, lau gorputz-adar (hau da, tetrapodoak) eta ugatzak dituzte. Beste ugaztun txikiek ez bezala, garezurraren prozesu postorbital nahiko fusionatua dute.[5]

Lagomorfoen eta beste ugaztunen arteko desberdintasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alaskako erbiaren eskeletoa

XX. mendearen hasierara arte karraskaritzat hartuak izan ziren, baina alde handiak daude bi ordena horiek bereizteko. Lagomorfoek bi ebakortz pare dituzte goikaldean, karraskariek duten pare bakarraren aldean. Bigarren ebakortz parea, aurrekoen atzean kokatzen dira eta askoz ere txikiagoak dira. Karraskarietan bezala, ebakortzak etengabe hazten dira eta, beraz, zuntzezko jakiak etengabe mastekatu behar izaten dituzte hortzak luzeegi haz ez daitezen. Hala ere, karraskarietan ez bezala, lagomorfoen ebakortzak esmalte-geruza batek estaltzen ditu bi aldeetatik.[6] Bestetik, lagomorfoak ia guztiz belarjaleak dira, eta karrakari asko aldiz, haragia zein landare-materia jaten dute.

Lagormofo familien arteko desberdintasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lagomorpha ordenak gaur egun bizi diren bi familia biltzen ditu: Leporidae (untxi eta erbiak) eta Ochotonidae (pikak).

Untxiak eta erbiak saltoka mugitzen dira, atzeko hanka sendoekin bultzatuz eta aurrekoekin lurreratzean eragina leunduz. Pikek ez dituzte leporidoek dituzten zenbati moldaketa anatomiko, hala nola buruaren kokapen tentea eta atzeko gorputz-adar sendo eta luzeak. Era berean, pikek sudur-eremu laburra dute eta ez dute foramen supraorbitalik. Leporidoek ordea foramen supraorbitala eta sudur-eremu nabarmenak dituzte[7].

Pika belar-luzea (Ochotona macrotis)

Pikak Ipar Amerikako mendebaldeko eta Asia erdialdeko eskualde menditsuetako ugaztun txikiak dira. Gehienak 15 cm ingurukoak dira, ile gris-marroixka dute, belarri txiki biribilak eta ia buztanik gabekoak. Haien lau hankak ia berdinak dira luzeran. Espezie batzuk sastraka artean bizi dira, harkaitz hautsien arteko arrakaletan beren etxeak eginez, eta beste batzuek, berriz, gordelekuak eraikitzen dituzte lurrean. Arroken artean bizi diren espezieak normalean bizi-iraupen luzea dute, bakartiak izaten dira, eta urtean kumaldi bat edo bi izaten dituzte populazio egonkorrak mantenduz. Lurpean bizi diren espezieak, aldiz, bizi-iraupen laburrekoak dira, taldekoiak, eta urtean zehar kumaldi handi ugari izaten dituzte. Espezie hauek gorabehera handiak izan ohi dituzte populazio-tamainan. Pikaren haurdunaldiak hilabete ingurukoah dira, eta kumeak gurasoen zaintza behar dute[8]. Bi taldeen portaera soziala ere desberdina da: arroketan bizi direnek modu oldarkorrean babesten dute beren banakako lurraldea, eta ehorzleak, berriz, familia-taldeetan bizi dira, ahotsez elkarrekin komunikatzen dira eta lurraldea elkarrekin defendatzen dute.

Pikak egunean zehar daude aktibo, landare-materialez elikatzen dira, eta hibernatzen ez dutenez, belar lehorrak biltzen dituzte gordelekura eramateko eta neguan erabiltzeko.

Sasi erbia (Lepus saxatilis)

Erbiak, Leporidae familiako Lepus generoko kideak dira. Tamaina ertaineko ugaztunak dira, Europa, Asia, Afrika eta Ipar Amerikan bizi direnak. 40 eta 70 cm bitarteko tamaina izaten dute luzeran, atzeko hanka luze indartsuak dituzte, eta belarriak 20 cm artekoak luzeran. Nahiz eta normalean gris-marroi kolorea izan, espezie batzuk zuritu egiten dira neguan. Animalia bakartiak dira, eta kumeak lurrean egindako zuloetan izaten dituzte, landaretza artean, hauek erabat aktibo eta ilerarekin jaiotzen direlarik. Arrak elkarren artean borrokatzen dira emekin ugaltzea lortzeko. Ugaztun haragijale handiek eta hegazti harrapariek ehizatzen dituzte.[9]

Basa untxia (Oryctolagus cuniculus)

Untxiak, Leporidae familiako kideak dira Lepus generotik kanpo. Erbiak baino askoz txikiagoak izaten dira. Jatorriz Europakoak, Afrikako zona batzuetakoak, Asia erdialdeko eta hegoaldekoak, eta Ipar eta Hego Amerikakoak dira. Belardi eta eskualde idorretan bizi dira. 20 eta 50 cm arteko tamaina dute, atzeko hanka luze eta indartsuekin, eta buztan txikia. Orokorrean gris-marroi kolorekoak dira, baina badago beltza den espezie bat eta marradunak diren beste bi. Untxi etxekotuak kolore gehiago dituzte, jasandako gurutzamenduen ondorioz. Untxi jaioberriek erbiek baino garapen txikiagoa dute eta gurasoen zaintza behar dute. Espezie gehienak lurpeko gordelekuetan bizi eta tadekoiak dira. Untxiek zeregin garrantzitsua dute lehorreko kate-trofikoan, landare eta belar ugari jaten baitituzte, eta espezie haragijale askoren oinarrizko dietaren parte baitira.

Lagomorfoak mundu osoan hedatuta daude eta kontinente guztietan bizi dira, Antartikan izan ezik. Hala ere, ez daude Hego Amerikako hegoaldeko zonetan, India mendebaldean, Indonesian edo Madagaskarren, ezta uharte askotan ere. Nahiz eta Australiakoak ez izan, gizakiek bertara eraman zituzten, eta arrakastaz kolonizatu dituzte lurralde asko, espezie inbaditzaile baten eraraa bertako espezieei eragozpenak eraginez.

Euskal Herriko espezieak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian hiru espezie aurkitu ditzakegu egoera basatian, hirurak Leporidae familiakoak.[10]

  • Erbi arrunta - Lepus europaeus Pallas, 1778: Euskal Herriko iparraldean banatzen da eta bertako espezierik handiena da. Bizkarra marroi kolorekoa du, eta sabela berriz zurixka. Belarri luzeak ditu, puntak beltz kolorekoak. Landa eremuetan bizi da.
Erbi arrunta (Lepus europaeus)
  • Iberiar erbia - Lepus granatensis Rosenhauer, 1856: Iberiar penintsulan bakarrik bizi den espezie da. Euskal Herrian Nafarroa eta Araba egoandean banatzen da. Erbi arruntaren antzekoa da, baina tamaina txikiagokoa.
Iberiar erbia (Lepus granatensis)
  • Untxia - Oryctolagus cuniculus Linnaeus, 1758: Bizkarra gris-marroixka kolorekoa du eta sabel zurixka. Erbiak baino tamaina txikiagoa du, eta belarriak ere txikiagoak ditu, punta beltzarik gabe. Euskal Herrian bere banaketak etena da. Sastrakadiak gogoko ditu.
  • Ordena Lagomorpha Brandt, 1885
    • Familia Leporidae Fischer de Waldheim, 1817
      • Azpifamilia Leporinae Trouessart, 1880
        • Generoa Bunolagus
        • Generoa Caprolagus Blyth 1845
        • Generoa Lepus Linnaeus 1758
        • Generoa Nesolagus Forsyth Major 1899
        • Generoa Oryctolagus Lilljeborg 1874
        • Generoa Pentalagus Lyon 1904
        • Generoa Poelagus
        • Generoa Pronolagus Lyon 1904
        • Generoa Romerolagus Merriam 1896
        • Generoa Sylvilagus Gray 1867
    • Familia Ochotonidae Thomas, 1897
      • Generoa Ochotona Link, 1795
    • Familia Prolagidae
      • Generoa †Prolagus Pomel, 1853

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. The illustrated encyclopedia of dinosaurs and prehistoric animals. Marshall Pub 1999 ISBN 1-84028-152-9. PMC 44131898. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  2. Rose, Kenneth David. (2006). The beginning of the age of mammals. Johns Hopkins University Press ISBN 978-0-8018-9221-9. PMC 646769601. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  3. Savage, Robert J. G.. (1986). Mammal evolution : an illustrated guide. Facts on File Publications ISBN 0-8160-1194-X. PMC 12949777. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  4. Rose, K.D.; Deleon, V.B.; Mmissian, P.; Rana, R.S.; Sahni, A.; Singh, L.; Smith, T. (2008). "Early Eocene lagomorph (Mammalia) from western India and the early diversification of Lagomorpha". Proceedings of the Royal Society B. 275 (1639): 1203–1208. doi:10.1098/rspb.2007.1661. PMC 2602686. PMID 18285282.
  5. (Ingelesez) Wible, John R.. (2007-12). «On the Cranial Osteology of the Lagomorpha» Bulletin of Carnegie Museum of Natural History 39: 213–234.  doi:10.2992/0145-9058(2007)39[213:OTCOOT]2.0.CO;2. ISSN 0145-9058. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  6. (Ingelesez) «Lagomorph | mammal | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  7. «IUCN - Lagomorph specialist group» web.archive.org 2015-08-03 (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  8. (Ingelesez) «American Pika» National Wildlife Federation (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  9. (Ingelesez) «Hare | mammal | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  10. (Gaztelaniaz) GUIA DE MAMIFEROS DE EUSKAL HERRIA | Sua Argitaletxea. (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  11. «Higher Taxonomy» www.mammaldiversity.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]