Edukira joan

Arcadia (Sannazaro)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arcadia (Sannazaro)
Jatorria
Egilea(k)Jacopo Sannazaro
Argitaratze-data1504
Jatorrizko herrialdeaItalia
Ezaugarriak
Genero artistikoaArtzain eleberria
Hizkuntzaitaliera
Arkadiako artzaina, Cesare Saccaggiren margolana (1927).

Arcadia Jacopo Sannazaro idazleak italieraz, hau da, hizkuntza arruntaz, 1502 eta 1504 artean idatzi zuen liburua da. Idazlearen obra nagusia da, zalantzarik gabe; horrekin europar artzain-eleberriaren oinarriak ezarri zituen. Nahiz eta eleberri izan, berez, hamabi eglogaz osatutako lana da; aurretik, bakoitzean, prosazko pasarte narratibo zabala ageri da.

Napolin argitaratu zen, 1504an. Argitalpenak Aldo Manucioren inprimategian burutu zen. Inprimategi horretan, 1495 eta 1514 urteen artean ateratako lan horiek tipoen edertasuna eta kalitate handiko papera zituzten ezaugarri nagusiak; argitalpen horietan Manuciok bere izena daraman tipografia erabili zuen.

Sincero (poeta bera dena) gaztearen bizitza kontatzen du liburuak. Gazteak, maitasun-etsipen baten ondorioz, Napoli utzi eta Arcadia izeneko Peloponesoko eskualdera alde egiten du. Han nolabaiteko bakea eta izpiritu-lasaitasuna aurkituko du, eskualdeko artzain-poeten bizitza soila gustatuz. Baina amets izugarri batek Napolira itzultzera bultzatzen du, eta han ezagutuko du bere maitearen heriotza.

Funtsean, lana bost multzotan bana daiteke:

  • Lehenengoa "Prologoa" da.
  • Bigarrenak I-VI prosa barne hartzen du (eta dagozkien eglogak, hiru dira zaharrenak). Marko orokorra, pertsonaien aurkezpena eta lehen maitasun diatribak eskaintzen ditu.
  • Hirugarrenak prosa VII bakarrik jasotzen du, Sinceroren istorioa kontatzen duena eta lehenengo eta bigarren zatien arteko giltza gisa jokatzen duena.
  • Laugarrenak gainerako VIII-XII prosa eta eglogak biltzen ditu, non istorioa amaitzen den, ametsarekin eta Napolira itzulerarekin.
  • Azkena "Alla sampogna" izenburuko agurra da.

Normalean, poesia erabiltzen zen artzaintza-gaiak azaltzeko, egokia zen landa-motiboetarako. Zehazki, egloga zen K. a. IV. mendeko mundu helenistikotik datorren azpigenero liriko egokiena helburu horrekin. Sannazarok konposizio liriko ugari (12 egloga) narrazio zabalago batean (eleberria) txertatzen ditu. Egloga bakoitzaren aurretik prosazko pasarte narratibo zabala dator. Sannazaroko Arcadiak balio izan zuen egloga berreskuratzeko eta mendebaldeko mundu osora zabaltzeko.

Obra apur bat zatikatua da, klasikoen irudi gehiegi ditu, baina paisaien deskribapen ederrak ditu. Gainera, benetan adierazten du bake eta lasaitasunerako poetaren desira sakona; humanista guztiek mundu platoniko urrun eta idealizatu, ia utopikoa zen mundu horren nahia zuten.

Gustu humanistikoko lanik adierazgarrienetako bat da. Sannazarok mundu poetiko faltsu eta eder bat sortu zuen. Obra honekin, Aro Modernoaren hasieraren Arkadiari buruzko pertzepzioa ezarri zuen, xarma idilikoko mundu galdu gisa, tristuraz gogoratua. Generoa italiar literaturan zein beste hizkuntzetan landu zen, bereziki Espainian eta Ingalaterran. Prosa poetikoaren eredu eta arketipotzat hartu zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]