Konstantinos Mitsotakis
Konstantinos Mitsotakis (Kanea, Kreta, 1918ko urriaren 18 – Atenas, 2017ko maiatzaren 29a) greziar politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1990-1993 bitartean.
Bizitza
Legelari- eta politikari-familia batean hazitakoa izan zen. Zuzenbideko, Politika Zientzietako eta Ekonomiako ikasketak egin zituen Atenasko Unibertsitatean. Bigarren Mundu Gerran, Kreta alemanen mendean zegoela, greziar erresistentziaren indarrak batzen lagundu zuen. 1946an, diputatu hautatu zuten; 1951n, Ekonomiako ministrorde; eta geroago, Sofoklis Venizelos-en gobernuan, Garraio eta Herri Lanetako ministro. 1958an, Alderdi Liberalak hauteskundeetan izan zuen porrotaren ondorioz, Mitsotakis hautatu zuten alderdiko buru, Sofoklis Venizelosen ordez. Garai hartan, Alderdi Liberalaren gainbeherak eraginda, beste alderdi bat sortu zen, Center Union (Zentro Batasuna), Georgios Papandreu, Konstantinos Mitsotakis eta Alexandros Baltasisen gidaritzapean. 1964ko hauteskundeetan, Zentro Batasuna izan zen garaile, eta Mitsotakis Finantzetako ministro izendatu zuten. Hala ere, Mitsotakisek Giorgios Papandreuren eskuineko esku izateari utzi zion, honen seme Andreas, Estatu Batuetan 21 urtez egon ondoren, Greziara itzuli zenean. 1965ean, Mitsotakisek Zentro Batasuna utzi zuen Parlamentuko kide batzuekin batera. Gertaera horrek kolokan jarri zuen Greziako politika, eta egonkortasun-falta horrek koronelen diktadura militarra ekarri zuen gero.
Koronelen kolpearen ondoren, Mitsotakis Turkiara joan zen ihes, eta Europara gero. Militarrek haren familia hartu zuten itzultzera behartzeko, baina hura Parisen geratu zen, sei urtez. 1973an itzuli zen, Gerra Legea kendu orduko; erregimen militarra erori baino pixka bat lehenago, kartzelan sartu zuten, zortzi hilabetez. 1977an, legebiltzarkide hautatu zuten, eta Alderdi Liberal Berria (New Liberal) sortu zuen. Urtebete geroago, Konstantinos Karamanlisen Demokrazia Berriarekin bat egin zuen. Rallis-en gobernuan Kanpo Arazoetako ministro izan zen. 1984an, Demokrazia Berriaren (New Democracy) presidentetza eskuratu zuen, Greziako Alderdi Kontserbadore nagusi bihurtuta. 1985eko hauteskundeetan gutxigatik ez zuen gehiengoa lortu, eta koalizioko gobernua eratu zen, kontserbadoreen eta komunisten artekoa. 1990ean, gehiengo absolutua lortu zuen Eraberritze Demokratikoko alderdiaren laguntzaz, baina 1993an galdu zuen, Alderdi Sozialistaren mesedetan.
2004an, Mitsotakisek Parlamentutik erretiratzeko nahia adierazi zuen, lehen aldiz hautatu zutenetik 56 igaro ondoren. Haren seme Kyriakos Mitsotakis Parlamentuko kide da, eta baita haren alaba Dora Bakoyannis ere, biak ere New Democracy alderditik.
Mitsotakis, politikatik kanpo, antigoaleko objektuen bilduma egitearen zale amorratua zen. Objektu horien bilduma ederra Greziako gobernuari eman zion dohaintzan. 2007ko urtarrilean, Mitsotakisek by-pass bikoitza ezartzeko ebakuntza izan zuen Atenasko Onassio ospitalean.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.