Porfirina
Porfirina porfinaren egituraren kanpoaldean dauden 8 hidrogeno-atomoen ordez zenbait erradikal jartzean (metilikoak, etilikoak, binilikoak, propionikoak, azetikoak...) eratzen diren konposatu nitrogenatu organikoak izendatzeko erabiltzen den izen generikoa da. Izaera anfoteroa konposatu kristalinoak dira. Porfirinen propietate kimikoen artean, metalekin elkartzeko gaitasuna dago; egituraren erdialdeko hidrogeno bat edo biren ordez metalak (Fe, Mg, Cu, Zn, Co) jarriz metaloporfirinak eratzen dira. Hauetako batzuek garrantzi handia dute biologian; hemina, adibidez, burdina duen porfirina da, ugaztunen arnasketa prozesuetan parte hartzen duena; klorofila, berriz, magnesioporfirina da eta fotosintesian hartzen du parte. Porfirinaren beste gai eratorri garrantzitsu batzuk zelularen metabolismoan parte hartzen duten zitokromoak eta koloratzaileen taldeko ftalozianina dira. Porfirinak sintesi bidez ere lortu dira, amoniako, metano eta ur-lurrunaren nahaste batetik korronte elektrikoa igaroaraziz. Biokimikarien ustez, horrela eratuak bide dira bizitzaren sorreran oinarrizko eragile izan ziren klorofila eta beste porfirina batzuen lehen molekulak.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.