Manchester

Manchester Handia guneko hiri nagusia, Ingalaterra, Erresuma Batua
Artikulu hau Ingalaterrako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Manchester (argipena)».

Manchester Ingalaterrako ipar-mendebaldeko hiri bat da, North West England eskualdean. 2018ko erroldaren arabera 547.627 biztanle ditu eta Ingalaterrako hiririk handienetan zazpigarrena da. Metropoli eremuak 3'2 milioi biztanletako populazioa du.

Manchester
Manchester
hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Erresuma Batua
Herrialdea Ingalaterra
Ingalaterrako eskualdeaIpar-mendebaldeko Ingalaterra
Ingalaterrako konderri zeremonialaManchester Handia
Metropolitan boroughManchester
Izen ofizialaManchester
Jatorrizko izenaManchester
Posta kodeaM
Geografia
Koordenatuak53°28′N 2°14′W / 53.47°N 2.23°W / 53.47; -2.23
Map
Azalera115,6 km²
Altuera38 m
MugakideakBolton
Demografia
Biztanleria547.627 (2018)
2.127 (2017)
Dentsitatea4.737 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1301 (egutegi gregorianoa)
Telefono aurrizkia0161
Ordu eremuaUTC±00:00
Hiri senidetuakLos Angeles, Palembang, Chemnitz, Kanpur, Kordoba, Rehovot, Amsterdam, San Petersburgo, Wuhan, Faisalabad, Aydın, Taldykorgan eta Amsterdam
Hizkuntza ofizialaingeles
cms.manchester.gov.uk

Manchester Industria Iraultzaren erdiguneetako bat izan zen XIX. mendean eta kotoi ekoizpenagatik Cottonopolis ezizena hartu zuen. Gaur egun ere ekonomia jarduera handia du eta Manchesterretik hurbil, Liverpoolgo portua dago, Europako garrantzitsuenetako bat. UNESCOren Gizateriaren ondare izateko hautagaietako bat da Manchesterreko Alde Zaharra, bertako kanal eta errotengatik.

Etimologia

aldatu

Manchester izenak erromatarren garaiko Mamucium izeneko gotorlekuan du jatorria. Izen zeltiar baten latinizazioa dela pentsatzen da. Agian Mamm hitzak "bularra" esanahia du, ondoko mendilerroak ugatzen itxura baitu. Gaur egun, gaeleraz ere esanahi bera du. Antziningelesezko ceaster hitza latinezko castrum ("gotorlekua") hitzaren aldaera bide da[1].

Historia

aldatu

Antzinaroa eta erromatarren garaia

aldatu

Brigantiarrak ziren nagusi Ingalaterra iparraldeko eremuetan zeltiar garaian. Beraien gotorleku nagusietako bat Irwell ibaiaren ertzean zegoen, gaur egun Manchesterreko katedrala kokatzen den toki berean[2].

K.o. I. mendean erromatarrek Britania konkistatu zuten. Gnaeus Julius Agricola general erromatarrak Mamucium izeneko gotorlekua eraikitzeko agindua eman zuen 79. urtean. Briganteen erasoen aurrean, Deva Victrix (Chester) eta Eboracum (York) hiriak babestea zuen helburu[2]. Ordutik aurrera Manchester beti egon da populaturik[3]. Erromatarrek III. mendea arte iraun zuten Mamuciumen. Herria bera bertan behera utzi zutela pentsatzen da, baina IV. mendea arte soldadu talde bat izan zen gotorlekua zaintzen[4]. Ondoren saxoiak iristi ziren eta Manchesterren erdigunea Irwell eta Irk ibaiek bat egiten duten ingurura aldatuz joan zen[5].

Erdi Aroa

aldatu

XI. mendean, normandiarrek konkistatu zuten Ingalaterra iparraldea, Iparraldeko sarraskia deitzen den kanpaina multzoari esker. 1086ko Domesday liburuan esaten denez Manchester Salfordeko hiriaren menpeko lurretan zegoen eta Roger Poitoukoa haren teniente zen[6].

1184an, Manchesterreko gaztelua aipatzen da eta 1215ean Greslé familiak agintzen zuen bertan. Ondoren gaztelua jauregi bihurtu zuten. 1282an Manchesterrek merkatua egiteko eskubidea lortu zuen[7] eta XIV. mendean ehule flandriarrak iritsi ziren bertara eta ehungintza industria abiatu zuten. Manchester berehala bihurtu zen artile eta liho merkataritzako erdiguneetako bat eta horrek oparotasuna ekarri zion hiriari. 1421ean Thomas de la Warrek kolegiata bat eraiki zuen, gerora manchesterreko katedrala izango zena, eta 1540rako Lancashire konderriko hiri populatuena eta ongien erakita zegoena zen, John Leland poetaren esanetan[5].

Industria Iraultza

aldatu

1600tik aurrera, Manchesterren kotoia sartu zen eta 1750erako artileak baino gehiago ekoizten zen[5]. 1736an Irwell eta Mersey ibaiak nabigagarri bihurtu ziren eta Merseyko kairako bidea ireki zen. 1761ean Bridgewater ubidea ireki zen Worsleyko ikatz meategietatik Manchester erdigunera. Britainia Handiko lehendabiziko ubide artifiziala izan zen. Kotoi merkatuaren lehiakortasunak eta eraginkorttasunak ikatzaren eta kotoia gordinaren garraioaren kostua erdira jaitsi zuten[8]. Burtsa 1729an ireki zen eta baita biltegi eta merkatalgune ugari ere. 1780an Richard Arkwrightek lehen kotoi errota ireki zuen[8]. Zientzilariak ere bildu ziren hirira eta John Dalton fisikariak eredu atomikoa Manchesterren aurkeztu zuen 1800. hamarkadaren hasieran.

Baldintza horiek guztiek egin zuten Manchester Industria Iraultzaren erdiguneetako bat izatea, eta munduko kotoi merkatu handiena bihurtu zen. Cottonopolis ezizena eman zitzaion[9]. Gaur egun oraindik manchester esaten zaie Australian, Zeelanda Berrian eta Hegoafrikan izara, zapi eta mantelei[10]. Populazioak gorakada izugarria izan zuen, Eskoziatik, Galestik, Irlandatik eta Ingalaterrako beste tokietatik langile ugari etorri baitziren hiriko lantegietan lan egitera[11] eta 1835ean munduko hiri industrial handiena zen Manchester[9]. Auzo berriak inongo antolaketarik gabe eraiki ziren eta kutsadura ere nabarmen igo zen Manchesterren.

Populazio berria elikatu eta gaiez hornitu beharra zegoenez, hiriak azpiegitura sarea eraikitzeari ekin zion. 1830ean, hirien arteko munduko lehenengo trenbidea eraiki zen Liverpool eta Manchesterren artean, eta ubide berriak eraiki ziren barnealdeko hirietara, Mancherter Itsasontzi Ubidea adibidez: 1888 eta 1894 artean eraiki zen eta 58 km zituen, Salford eta Manchesterren artean.

Langileen egoera kaskarrek hainbat matxinada eragin zituzten, ezagunena 1819ko abuztuaren 16an amaitu zen Peterloo sarraskian. Marxismoari eta ezkerreko politikei loturiko elkarteak ere sortu ziren, Alderdi Laborista eta Mugimendu sufragista barne[12], eta 1845ean Friedrich Engelsek Die Lage der arbeitenden Klasse in England ("Ingalaterrako langileen egoera") lana idatzi zuen aurreko urteetan Manchesterren egon ondoren[13]. Karl Marx ere Manchesterren izan zen eta Chethamgo liburutegian elkartu zen Engelsekin[14]. 1868ko ekainaren 2 eta 6 artean Trades Union Congress (Sindikatuen Biltzarra) egin zen bertan.

Bestelako ideologiak ere sortu ziren ingurumaria honetan. Manchesterreko Eskolak merkatu askea eta laissez faire bultzatu zituen eta gizartean sortu ziren klase berriek erlijio sektak ere erakarri zituzten. Hezkuntza eta berrikuntza sistema berriak ere sortu ziren, garaiko esaera batek laburbiltzen du egoera: "Manchesterrek gaur egiten duena, munduak bihar egingo du"[15]. Manchesterren urrezko aroa XIX. mendearen bigarren erdia izan zen eta ordukoak dira gaur egun ikusten ditugun eraikin aipagarrienak, Manchesterreko udaletxea esate baterako. Ordurako kotoiaren ekoizpena gainbehera zihoan, Bolton eta Oldham hiriek gainditu egin zuten, baina Manchester eskualdeko finantza hiri bihurtua zen.

XX. mendea

aldatu
 
Oxford Road, Manchester 1910, Pierre Adolphe Valettek margotua.

1913an Ingalaterra iparraldean munduko kotoi guztiaren % 65 prozesatzen zen[12], baina Lehen Mundu Gerrak esportazio merkatuak blokeatu zituen eta munduko beste tokietan kotoi ekoizpen garrantzitsuak sortzen hasi ziren. 1930. hamarkadako depresioak eragin handia izan zuen Manchesterren eta Industria zaharra ehungintza eredu berriek ordezkatu zuten.

Bigarren Mundu Gerraren harira Manchesterreko lantegiak armadarako bonba eta munizioak efgiten hasi ziren eta 1940ko abenduaren 22an armada alemaniarrak hiria bonbardatu zuen. 474 tona bonba jaurti zituzten, 37.000 suteak sortzeko bonba inguru. Manchester erdigunea suntsituta geratu zen, 30.000 etxe eta 165 biltegi eta hainbat bulego eta merkataritzako eraikin erre ziren, bai eta Manchesterreko katedrala ere[16]. Hogei urte behar izan ziren katedrala berreraikitzeko[17].

1963an Manchesterreko kaia Erresuma Batuko hirugarren handiena zen baina industria krisialdi berri batean sartu zen, besteak beste Margaret Thatcherren gobernuak hartutako erabaki batzuen ondorioz, eta 1982an kaia itxi egin zen. 1961 eta 1963 artean Manchesterren 150.000 lanpostu galdu zirela estimatzen da[12]. 1980. hamarkadan egoera konpontzen hasi ziren eta Olinpiar Jokoak antolatzeko bi saiakera ere egin zituen hiriak[18].

1996ko ekainaren 15ean Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarrak atentatu bortitza egin zuen hirian: kalte ekonomiko ugari ekarri zituan, hildakorik egon ez arren[19].

XXI. mendea

aldatu

2002an, hirian Commonwealth Jokoak antolatu zirenez, azpiegituren berrikuntza handia egin zen[18]: 1960. hamarkadan eraikitako auzoak eraitsi eta, altzairu eta beira erabiliz, eraikin modernoen auzo berriak altxatu ziren. Beetham Tower (169 m), Londrestik kanpoko Erresuma Batuko etxeorratz altuena, eraiki zen eta superkasino bat ere ezarri nahi izan zen baina egitasmoa bertan behera geratu zen[20].

Historian, Ingalaterrako bigarren hiri handiena Birmingham izan da, baina Manchesterrek titulu hori eskuratzeko saiakerak egin izan ditu[21].

2017ko maiatzaren 22an Ariana Grande abeslariaren kontzertu batean atentatu terrorista bat izan zen: bonba leherketak 23 ikusle hil zituen. Estatu Islamikoak aldarrikatu zuen[22].

Geografia eta klima

aldatu

Geografia

aldatu

Manchester Londrestik 260 km iparraldera kokaturik dago haran ahur batean. Iparraldean eta ekialdean Penino mendiak ditu eta hegoaldean Chesireko lautada. Ipar-ekialdean Liverpool hiria du eta ipar-mendebaldean Sheffield, biak ala biak 56 kilometrotara.

Hiriaren erdigunean Irwell ibaiaren ekialdeko ertzean kokatzen da, Irk eta Medlock ibaiek harekin bat egiten duten puntutik gertu. Manchester hegoaldean Mersey ibaiak zeharkatzen du. Hiriaren eremua oso laua da eta itsas mailatik 35-42 metroko altueran dago[12].

Manchester gerriko berde batek inguratzen du. Bertan eraikitzea oso mugatuta dago: eremu berde ugari ditu, hiriaren ingurumena zaintzeko helburuarekin, izan ere hiriaren erdigunean berdeguneak urriak baitira.

      Datu klimatikoak (Manchester)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 6.4 6.6 8.9 11.6 17.3 21.2 23.6 21.5 17.0 13.7 9.1 7.1 13.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.3 1.2 2.5 4.3 7.3 10.2 12.0 11.9 10.0 7.5 3.6 2.0 6.2
Euria (mm) 69 50 61 51 31 27 25 29 44 67 78 78 610
Euri egunak (≥ 1 mm) 18.2 13.1 15.6 14.4 10.1 5.4 5.6 5.0 10.0 12.5 17.0 17.4 144.3
Iturria: Worldweather.org Prises entre 1971 et 2000 à la station météorologique de l'aéroport de Manchester.

Gobernua

aldatu
 
Manchesterreko udaletxea.

Thomas Grelleyk eman zion hiri karta 1301ean baina epaiketa baten ondoren borough estatusa galdu zuen eta epaitegi feudal batek agindu zuen Manchesterren 1846 artean. Lord of the manor zen agintari nagusia[23]. Lancashire konderriaren barnean zegoen. XIX. mendean, ordea, hiria asko handitu zen: 1846an Borough Kontseilu bat eratu zen eta 1853an hiri estatusa eskuratu zuen. 1885ean inguruko hainbat herri barneratu ziren Manchesterren, Bradford, Harpurhey, Rusholme eta Moss Side eta Withingtoneko zati batzuk. 1889an Borough konderria bihurtu zen eta Lancashiretik banandu zen[23]. Hurrengo hamarkadetan inguruko herri gehiago barneratu ziren Manchesterren.

1974an Manchesterreko metropoli eremua eratu zen ofizialki, Greater Manchester deitu zena.

Manchester hiria hiriko kontseiluak gobernatzen du eta Manchester Handia hauteskundeetan aukeraturiko alkate batek. Haren helburua estrategia ekonomikoaz eta garraioaz arduratzea da, besteak beste.

Demografia

aldatu

Viktoriar Aroan populazioak garapen izugarria izan zuen. 1865ean Manchesterrek 354.930 biztanle zituen eta 1931ko erroldan, 766.311. Ondoren, suburbioak desegiten hasi ziren eta populazioak behera egin zuen. Egun 547.627 biztanle ditu (2018).

Jatorri etnikoa

aldatu

2011ko erroldaren arabera % 59,3 britainiar zuriak dira, % 2'4 irlandar jatorrikoak eta % 4'9 Europako gainontzeko herrialdeetatik bertaratutakoak. Manchesterreko eremu metropolitarrean 250.00 italiar bizi dira.

% 17,1 asiarrak dira, batez ere pakistandarrak (% 8,5), txinatarrak (% 2,7) eta indiarrak (% 2,3). Afrikar jatorria dute % 8,6k, Karibe aldekoak % 4,7 dira eta % 1'9 arabiar herrialdeetatikoak dira.

Erlijioa

aldatu

2011ko erroldaren arabera erdia kristauak dira (% 48,7), laurdena ateoak (% 25,3). Musulmanak % 15.8 dira eta hinduak % 1,1.

Ekonomia

aldatu

Manchesterreko metropoli eremuak duan BEGa 34,8 milioi liberatakoa da. 2002 eta 2012 artean ekonomiak gorakada handia izan zuen, herrialdeko batazbestekoa baino % 2,3 altuagoa. Erresuma Batuko hirugarren zentro ekonomikoa da.

Manchester ordea kontraste handiko hiria da. Herrialdeko auzo aberatsenak bertan daude baina herrialdeko pobreenetakoak ere bai. 2012-2013 denboraldian % 11,9ko langabezia tasa zuen, herrialdeko handienetako bat[24]. Horren aurrean, Londrestik kanpora multi-milionario gehien dauden hiria da[25].

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Manchesterreko katedrala.

Manchesterreko eraikin historikoen artean Katedrala dago. 1421ean hasi ziren eraikitzen eta 1882an amaitu. bigarren Mundu gerrako bonbaketek kaltetu ondoren, berreraiki egin behar izan zen. Kotoi errota ugari ere kontserbatzen dira oraindik, batzuk bizileku izateko moldatuak. Chetham's liburutegia ere eraikin historiko aipagarria da.

Dena dela Viktoriar Aroko eraikinak dira Manchesterreko aipagarrienak, orduan izan baitzuen "urrezko aroa" hiriak. Manchesterreko udaletxea, Albert enparantza eta Manchesterreko Viktoria tren geltokia dira aipatzeko eraikin batzuk.

1960. eta 1970. hamarkadetan, hainbat etxeorratz eraiki ziren. 2000. hamarkadan handiagoak eraiki ziren, Deansgate Square South Tower (201 m) eta Beetham Tower (158 m).

Kultura

aldatu
 
Manchesterreko Arte Galeria.
 
Whitworth Hall, Manchesterreko Unibertsitatearen egoitza.
 
Manchester hiriko derbia.

Ikuskizunak

aldatu

Ikuskizun ugari izaten dira Manchesterren eta hainbat areto aipagarri ditu, esate baterako Opera Etxea, Palace antzokia eta Royal Exchange antzokia, kotoi burtsa zaharrean kokaturik dagoena eta Erresuma Batuko itzulinguruko antzoki handiena dena. Beste areto batzuk Cantact antzokia, Dancehouse eta HOME dira.

2007tik Manchester International Festival biurteko jaialdia ospatzen da.

Museoak

aldatu

Manchesterreko museo garrantzitsuenetan hiriaren garai erromatarra eta industria iraultza ikus daiteke. Mamucium gotorleku erromatarraren berreraikitako egiturak ikusgai daude Castlefield inguruan. Zientzia eta Industria museoa Liverpoolerako tren geltokian dago kokatuta.

Beste museo batzuk: Manchesterreko Museoa, Egiptologian oinarritzen dena, Manchesterreko Arte Galeria eta Garraioaren museoa dira.

Literatura

aldatu

UNESCOk Literaturaren Hiria izendatua du "literatura erradikalaren historia" aintzat hartuta. Elizabeth Gaskellek Mary Barton idatzi zuen, Charles Dickensek Garai latzak, Charlotte Brontë Manchesterren hasi zen Jane Eyre idazten eta historiaren atalean Engelsen liburua ere aipatu dugu.

Hezkuntza

aldatu

Hiru unibertsitate nagusi daude hirian, Manchesterreko Unibertsitatea, Manchesterreko Unibertsitate Metropolitarra (eskola politekniko gisa sortu zena) eta Iparraldeko Erret Musika Eskola.

Kirolak

aldatu

Manchester United (The Red Devils) eta Manchester City (The Citizens) hiriko futbol talde nagusiak dira. Bi taldeen artean 28 aldiz irabazi dute Premier Leaguea. Azken urteetan City nagusitu da 2012tik aurrera 6 Liga irabazi baititu. Europan ere talde handiak dira, batez ere United, Txapeldunen Liga hiru aldiz eta Kontinente artekoa bi aldiz irabazi baitu.

Musika

aldatu

1980ko hamarkadatik, besteak beste The Smiths, Oasis, Joy Division, The Stone Roses, Inspiral Carpets eta The Chemical Brothers taldeak nabarmendu dira nazioartean.

Manchestertar ezagunak

aldatu

Erreferenztiak

aldatu
  1. Mills, A. D.. (2003). A dictionary of British place-names. Oxford University Press ISBN 978-0-19-173944-6. PMC 54381298. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  2. a b Cooper, Glynis. (2005). Salford : an illustrated history. Breedon Books Pub ISBN 1-85983-455-8. PMC 60320772. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  3. Rogers, Nicholas. (2002). Halloween : from pagan ritual to party night. Oxford University Press ISBN 0-19-514691-3. PMC 70738470. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  4. Gregory, R. A.. (2007). Roman Manchester : the University of Manchester's excavations within the Vicus 2001-5. Oxbow Books ISBN 978-1-84217-271-1. PMC 137313492. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  5. a b c Kidd, Alan J.. (2006). Manchester : a history. (4th ed. argitaraldia) Carnegie Pub ISBN 1-85936-128-5. PMC 122503495. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  6. «Manchester | Domesday Book» opendomesday.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  7. «Lancashire | British History Online» www.british-history.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  8. a b Hartwell, Clare. (2001). Manchester. Penguin ISBN 0-14-071131-7. PMC 47232929. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  9. a b Hall, Peter. (1998). Cities in civilization : culture, innovation, and urban order. Weidenfeld & Nicolson ISBN 0-297-84219-6. PMC 40581057. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  10. (Ingelesez) «Dictionary.com Is The World’s Favorite Online Dictionary» Dictionary.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  11. (Ingelesez) BBC. «Manchester: migrant city» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  12. a b c d Kidd, Alan J.. (2006). Manchester : a history. (4th ed. argitaraldia) Carnegie Pub ISBN 1-85936-128-5. PMC 122503495. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  13. «Biography on Engels» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  14. Nicholls, Robert. (2004). Curiosities of Greater Manchester. Sutton ISBN 0-7509-3661-4. PMC 56461427. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  15. The Oxford dictionary of proverbs. (4th ed. argitaraldia) Oxford University Press 2003 ISBN 0-19-860524-2. PMC 52696399. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  16. Hardy, Clive. (2005). Manchester at war. First Edition Limited ISBN 1-84547-096-6. PMC 181830961. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  17. «Timeline - Manchester Cathedral» web.archive.org 2016-04-16 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  18. a b Hartwell, Clare. (2001). Manchester. Penguin ISBN 0-14-071131-7. PMC 47232929. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  19. «Recap: The IRA bomb in Manchester... what happened on June 15, 1996 - Manchester Evening News» web.archive.org 2016-08-17 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  20. «Empty promises and spin - Manchester Evening News» web.archive.org 2013-01-30 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  21. Bontje, Marco Arjan. (2016). Inventive city-regions : path dependence and creative knowledge strategies. Routledge ISBN 978-1-315-58972-5. PMC 952729705. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  22. «22 pertsona hil eta 64 zauritu dira Manchesterren atentatu suizida batean» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  23. a b «Places names - M to N» web.archive.org 2011-02-11 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  24. «nomis - official labour market statistics» web.archive.org 2011-07-17 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
  25. «Boom city Manchester has more super-rich than anywhere outside London - Manchester Evening News» web.archive.org 2013-12-31 (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).

Kanpo estekak

aldatu