Kaloria
Kaloria (cal)[1] fisikan bero-kantitatea neurtzeko onartutako unitatea da.
Kaloria | |
---|---|
Neurtzen du | energia |
SI sistemarako konbertsioa | 4,184 J |
Ikurra | cal, кал eta kal. |
Presio atmosferiko normalean ur gramo baten tenperatura 14,5 °C-tik 15,5 °C-ra gehitzeko behar den bero-kantitatea da. Bere baliokide mekanikoa 4,1868 joule dira. Dietetikan maiuskulaz erabiltzen da kilokaloria (kcal[2] edo Cal 1.000 kaloria dira) izendatzeko.
Jatorria
aldatuNicolas Clément irakasleak 1824an definitu zuen lehen aldiz kaloria-kilogramo gisa, eta horrela sartu zen frantses eta ingeles hiztegietan 1842 eta 1867 arteko aldian.
Kaloria hori kalorikoaren teoriaren ondorioz sortu zen: beroaren transmisioa fluido jakin bat (kalorikoa) gorputz batetik bestera igarotzean gertatzen zela suposatzen zen. Kaloriko kopuru hori kaloriatan neurtuko litzateke. Kalorikoaren teoria baztertuta, eta beroa energiaren adierazpen bat dela onartuta, kaloria unitateen sistema metrikoaren energia-unitate gisa definitu zen (eta aurrerago unitateen sistema teknikoarena).
Kaloria "txikia" (kaloria modernoa) Pierre Antoine Favrek (kimikaria) eta Johann T. Silbermannek (fisikaria) sortu zuten 1852an. 1879an, Marcellin Berthelotek gramo-kaloria (kaloria modernoa) eta kilogramo-kaloria (kilokaloria modernoa) bereizi zituen. Berthelotek ere sartu zuen kilogramo-kaloria letra larriz idazteko konbentzioa, Kaloria bezala.
Elikadurarako kilogramo-kaloriaren (kcal) erabilera Wilbur Olin Atwater Wesleyango Unibertsitateko irakasleak sortu zuen, 1887an[3].
Kaloria modernoa (cal) 1896an aitortu zen lehen aldiz cm-g-s (cgs) sistemako unitate gisa, egun dagoen cgs izeneko energia unitatearekin batera, erg delakoa (Clausiusek 1864an iradoki zuen lehen aldiz ergio izenarekin, eta ofizialki 1882an onartu zen).
1928an ere kexa handiak izan ziren kaloriaren bi definizio nagusietatik eratorritako balizko nahasmenduari buruz eta horiek bereizteko maiuskulaz baliatzearen ideia egokia ote zen[4]. Kaloriaren erabilera 1948ko Pisu eta Neurrien bederatzigarren Konferentzia Orokorrak ofizialki baztertu zuen[5].
Gaur egun, kaloria ez da sartzen Nazioarteko Unitate Sisteman.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Laburtzapenen hiztegia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 120 or..
- ↑ Laburtzapenen hiztegia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 139 or..
- ↑ (Ingelesez) Hargrove, James L. (2007-12). «Does the history of food energy units suggest a solution to "Calorie confusion"?» Nutrition Journal 6 (1) doi: . ISSN 1475-2891. (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
- ↑ (Ingelesez) Marks, Percy L.. (1928-01). «The Two Calories» Nature 121 (3037): 58–58. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
- ↑ «resolution 3 - BIPM» www.bipm.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).