Indiako historia
Indiako historian aurkitu diren lehen giza aztarnak glaziazio arteko azken aldikoak dira.
Historiaurrea
aldatuNeolitotik Indoko zibilizaziora
aldatuNeolito aroko Indo ibaiaren ekialdeko lehen kulturak K.a. 7.000 urte inguruan hasi ziren (zeramika aurreko Neolito aroa); etxeak adobazkoak ziren eta elikadura ehizan oinarritzen zen batez ere, ordurako garagar mota bat lantzen zen arren. Kalkolito aroan nekazaritzak asko aurreratu zuen eta zeramikagintzak maila handia lortu zuen. Kalkolito garaiko gizataldeen bilakaeratik sortu zen, antzinako brontze aroan (K.a. 3.000-2.500), Indoko zibilizazioa.
Indo ibaiko zibilizazioa
aldatuIndo ibaiaren jalki gaiezko ordokian sortu eta garatu zen, Mesopotamiako eta Egiptoko zibilizazioak izan ziren garai berean. Hiri zibilizazioa izan zen. Mohenjodaro zen gune nagusia; 50.000 biztanle inguru zituen hiriak, kaleak iparraldetik hegoalderantz eta ekialdetik mendebalera antolatuak zituen, eta bazuen ur hornidura sistema. Garai hartako idazki batzuk gorde dira, baina ezin izan dira interpretatu. K.a. 1800 urte inguruan hirigune handiak desagertu ziren, eta herri txikiagoak sortu.
Veden garaia
aldatuVeden garaiaren hasiera
aldatuK.a. 1400 inguruan sartu ziren Hindukuskeko mendateetatik ariar herriak edo vedak, hizkuntzaz indoeuroparrak, eta Aralgo itsasoaren ingurutik zetozenak. Haien kulturatik Veda testuak gordetzen dira; azal-ilunak eta sudur-motzak ziren Indiako jatorrizko biztanleekin izandako borrokak kontatzen dira testu horietan. Ariarrek erraz sartu ziren gerra-gurdiak zaldiz tiratuak erabiltzen zituztelako; bertakoek, berriz, idiak zituzten. Indiar vedak erdi-nomadak ziren, eta erregeen agintepeko leinuetan biltzen ziren. Aziendak eta larre sailak zituzten aberastasunen oinarri. Gizartea noblezia militarraren eta leinuko pertsona libreen artean banatua zegoen.
Veden azken aldia (K.a. 1000-500)
aldatuAriarrak Ganges eta Yamuna ibaien goiko ibilgura iritsi ziren. Garai hartakoak dira sanskritoz idatziriko epopeia handiak, Mahabharata, Bhagavadgita eta Ramayana; arkeologia lekukotzarik ez dagoenez gero, izkribu horiek garai hura ezagutzeko oinarrizko iturriak dira. Veda herriek artzain bizimodua utzi zuten, eta lurra lantzen hasi ziren; garai haren bukaera alderako bazen nolabaiteko zibilizazio homogeneo bat Gangesen arroan.
Veda herrien kultura aldatu egin zen, eta brahamanismoa sortu zen; brahamanismoak hinduismorantz eta kasta sistemarantz jo zuen. K.a VI. mendean jainismoa eta budismoa agertu ziren ipar-ekialdean; budismoak veda tradizioa eta kasta sistema baztertu zituen. Hori dela eta, esan behar da gaur egun Budaren bizitza K.a IV. mendean edo geroago kokatzen dela; horren arabera, ariar inbasioak tradiziozko kronologian baino bi mende geroago gertatu bide ziren.
"Bigarren urbanizazioa"
aldatuPersiarren eta mazedoniarren konkistak
aldatuK.a. 518. urtean Dario I. persiar erregeak Indiako ipar-ekialdea konkistatu zuen, eta 20. satrapa herri gisa erantsi zion bere inperioari. K.a. 331n Alexandro Handiak persiar inperioa konkistatu zuen; Indoraino iritsi zen, baina armada kontra jarri zitzaiola eta, ezin izan zuen Indiako konkistan aurrera egin, eta Susa aldera erretiratu zen.
Maurya inperioa
aldatuK.a. VI. mendeaz gero Magadhako erreinua hasi zen ingurukoak menderatzen; bi menderen buruan Gangesko lurralde guztiak menderatuak zituen, Punjabetik hasita Bengalaraino. 321ean herriko gizon batek, Candragupta Mauryak, beretu zuen indarrez erregetza; hark hegoalderantz zabaldu zuen erreinua eta Alexandrok Indian zituen probintziak hartu zituen.
Haren seme Bindusarak Dekkan konkistatu zuen, eta ilobak, Asoka izenekoak, Hindustango penintsula ia osorik konkistatu zuen K.a 260an. Hala, aurreneko aldiz geratu zen India osoa aginpide bakar baten mende, berez zergapeko estatuz osatutako federazio bat zen arren.
Bi oinarri zituen federazio hark: burokrazia alde batetik, aginpide zentralari leial ziren pertsonez osatutako piramide baten modura funtzionatzen zuena, eta 700.000 gizoneko armada bestetik. Nekazari bakoitzak uztaren laurden bat eman behar zuen zerga modura. Aginpidea zentrala izateak eta dirua erabiltzeak merkataritza bultzatu zuten. Asoka budista egin zen, eta horren ondorioz budismoa India osora hedatu zen.
Urrezko Aroa
aldatuInbasio handiak
aldatuAsoka erregea hil ondoren (K.a. 232) Inperioaren batasuna desegin zen eta probintziak burujabe egin ziren. K.a. III. mendearen bukaera aldean herri nomadak sartu ziren ipar-mendebaletik, Txinako Quinen inperioaren hedapenak bultzatuta. Kusandar leinuak, Yuezhien klan barruko batek, inperio zabal bat sortu zuen I. mendean, Aral itsasotik Oman itsasoraino eta Indian Benaresaino hedatzen zena.
Hiriburua Purusapura (Peshawar) zen, eta Kaniskaren erreinaldian (II. mendea) iritsi zuen gailurra. Kusandarrek Baktrianatik zetorren kultura helenistikoaren eragina zuten, eta haien garaian loratu zen arte greko-budista eta hedatu zen budismoa Asiako erdialderantz eta Txina aldera.
Indiako hegoaldearen garapena
aldatuIndiako hegoaldeko muturra beste herrialdeen eraginetik baztertua zegoen; hara ez ziren heldu ariar herriak. K.a IV. mendea artea Neolito aroan bizi izan ziren lurralde haietako biztanleak. K.a. III. mendean burdina eta dirua erabiltzen hasi ziren, eta merkataritzak ere indar handia hartu zuen. Era horretan hiru erreinu txiki sortu ziren, beren eragina Zeilan aldera hedatu zutenak.
Gupta dinastia
aldatu320. urtean Chandragupta I.ak inperio bat eratu zuen kusandarren inperioa desegin ondoren sortutako erreinu txikiak bere aginpidera bildurik. Chandragupta II.aren erreinaldian (375-415) inperio berriaren eragina Indiako iparralde osora zabaldu zen, Narmadaraino. Dinastia berriaren babespean, azken forma iritsi zuen hinduismoak; budismoa, hala ere, ez zen desagertu, oso zabaldua baitzegoen Asiako erdialdean eta Txinan, baina hinduismoak asko kutsatu zuen. Gizartea, artean, kastetan zegoen egituratua.
Garai hartan loraldi handia izan zuten sanskritoz idatzitako literaturak, arteak, matematikak, izadiaren jakintzak, astronomiak eta metalurgiak, erregeek bultzatu eta babestu baitzituzten. Kumaraguptaren erreinaldian (455-470) huno zuriak Indian sartzen saiatu ziren; atzera bota zituzten, baina 500. urte aldera Indiaren iparraldea beretu zuten eta erreinuak fundatu zituzten Indiako sartaldean. Gupta Inperioa erreinu txiki askotan zatitu zen, harik eta Harsak (606-647), Punjabeko erreinu txiki bateko agintari zenak, India berriz batzea lortu zuen arte. Harsa hiltzean berriz zatitu zen erreinua.
Islamiarren konkistak
aldatuX. mendean, turkiarrak, islamera bihurtu berriak, eta Irango emir sasaniden mendeko zirenak, Indian sartu ziren ipar-ekialdeko mendi mendateetatik barrena. 17 erasoaldi egin zituzten Indiako ekonomia- eta erlijiogune nagusi kontra: Multan, Mathura, Kanauj eta Somnath; guztiz deseginak utzi zituzten erreinuak. Baina beren barne zatiketak zirela eta, turkiarrek ez zuten lurralde haien batasun iraunkorra egiterik lortu, eta 150 urtez ez zuten beste erasoaldirik egin.
Delhiko sultan herria
aldatuXII. mendean, Muhammad de Ghurrek (1163-1206), Afganistango leinu baten buruzagiak, Prtvhi Raja menderatu zuen Taraingo borrokan (1192), eta Indian sartu zen, Bengalako golkoraino. Muhammadek, ordea, India utzi zuen bere inperioa Asia erdialdean sendotzeko asmoz, eta Aibak izeneko jeneral bat utzi zuen erregeordetzat; Muhammad hiltzean, Delhiko sultan herria fundatu zuen hark bere aldetik.
Aibaken ondorengoak, Iltutmishek (1211-1236), Gengis Khanen mongolei aurre egin behar izan zien; mongolak 1221az gero zeuden Indon, eta sarritan eraso zioten sultan herriari. 1287tik aurrera Khalji dinastiak beretu zuen sultan herria; 1306an dinastia honek atzera eragin zien mongolei, Dekkana beretu zuen, eta zergapean jarri zuen Indiako hegoaldea osoa. 1320tik aurrera aginpidea eta lur eremuak galduz joan zen sultan herria. 1398an Tamerlan mongolak, ordurako Asiako zati handi baten jabe, Indo ibaia gurutzatu eta Delhi hiria bipildu zuen. Iparraldeko India berriz ere estatu txikietan zatitua geratu zen.
Vijayanagarko erreinua
aldatuDelhiko sultan herriaren etengabeko zatiketak hartara bultzatuta aristokrazia hindu zaharrak gobernatutako erreinuen sorrera bultzatu zuen; era horretan 1336an Vijayanagarko erreinua sortu zen, penintsulako erdialdeko erreinu zaharrak itsaso batetik bestera biltzen zituena. Erreinuaren aberastasuna kostaldeko lur lauetako nekazaritzan eta Indiako Ozeanoko ekialdeko eta mendebaleko kostaldeen arteko merkataritzan oinarritzen zen. Erreinu hindua 1565an desagertu zen, iparraldeko musulmandarren sultan herrien elkarte batek hinduak guduan garaitu zituenean, artileria erabili baitzuten haiek Vijayanagaren elefanteen kontra.
Mogolen inperioa
aldatuMogol Handia esapidea (o grao Mogor), portugaldarrek erabili zuten lehen aldiz dinastia honen jatorri mogola izendatzeko; baina Baberrek, dinastiaren sortzaileak, persiarren eragin handia zuen, bere memoriak turkiar hizkuntzaz idatzi bazituen ere; haren ondorengoek persieraz idatzi zuten.
Enperadoreak berak sah edo padsah izendatzen zuen bere burua, eta ez mogol handia, titulu hori sartaldekoek bakarrik erabiltzen baitzuten. 1526an Baber Afganistango erreinutik abiatu zen eta berehala menderatu zituen Delhi eta Agra. Gero Rajput leinuen elkarte bati aurre egin zien eta baita garaitu ere artileriari esker. 1530ean hil zen Baber; haren seme Humayaun izan zen Baberren ondorengoa.
Biharko enperadoreak Indiako iparraldetik egotzi bazuen ere, persiarren laguntzari esker eskuratu ahal izan zituen berriro galdutako lurrak. Akbarren erreinaldian (1556-1605), iritsi zuen gailurra mogolen inperioak: Akbarek Indiako iparralde osoa azpiratu zuen, Gujaratetik Bengala arte, erlijio tolerantzia ezarri zuen bere mendeko guztiak batzearren eta administrazioa eraberritu zuen.
Inperioa aginpide zentralaren mendeko probintzia, barruti eta azpi-barrutietan banatua geratu zen. Akbarek Fatehpur Sikri hiria izendatu zuen inperioko hiriburu, baina utzi egin zuen ur hornidura arazoak zirela eta. Akbarren hurrenak, Jahangirrek (1605-1627), jesuitak onartu zituen misio lanetan, eta egoitza bereziak eman zizkion Sortaldeko Indietako Konpainia Ingelesari; oso gogorra izan zen ordea sikhen sekta berriarekin.
Sah Jahan (1628-1658), Jahangiren semea eta laugarren mogol handia, Indiako eraikitzaile handiena izan zen. Haren erreinaldian eraiki ziren Gotorleku Gorria, Mezkita Handia eta Taj Mahal. Aurangzeben (1628-1707) erreinaldi luzean hasi zen inperio mogolaren gainbehera. Horren arrazoi nagusiak bi izan ziren: azken erregeek hindu erlijioaren kontra jokatu izana, eta elkarrengandik oso urruti zeuden herrialdeak aginpide zentral baten pean baturik edukitzeko zailtasuna, burujabe izan nahi zuten gobernarien esku zeudela gainera.
Aurangzeb hil zenean istilu etengabeak izan ziren erregetza zela eta. Bien bitartean frantsesak eta ingelesak Bengalan Indiaren jabetza lortzeko borrokatzen ziren. Ingelesak egin ziren jabe; 1814 arte gobernari hinduen agintea onartu zuten, baina 1858an Bahadur Sah, azken mogol handia, kargutik kendu zuten eta India ingeles monarkiaren mende geratu zen 1947 arte.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren
aldatu1947an itundu zen Indiaren britainiarrekiko independentzia, baina hiduen eta musulmanen arteko areriotasunak ingelesak antzinako inperioa bi estatutan banatzera behartu zituen: Indiako Errepublika eta Pakistan. Banaketa horrek sarraski izugarriak eragin zituen bi taldeetan, eta biztanleen lekualdaketak handiak izan ziren; bi estatuen arteko gatazka sortu zen Kaxmirreko mugak zirela-eta (1947, 1957 eta 1965).
Gandhiren hilketaren ondoren (1948), Indiak, Britainia Handiaren eredu bereko konstituzio parlamentario bat onarturik, Nehru pandita izendatu zuen estatuburu, eta hark eraman zuen herria, industria astun indartsu bat sortuz, estatu modernoen bidera. Nehruren nazioarteko politikak, neutraltasunean oinarriturik, leku garrantzitsua eman zion Indiari hirugarren munduko herrialdeen artean.
Nehru hil ondoren (1964), Lal Bahadur Shastrik (1966) hartu zuen kargua, eta haren ondoren, Indira Gandhi, Nehruren alaba, izan zen Lehen Ministro. Arazo larriak izan zituen ordea: “jauntxo handien” eta iraultzaileen oposizioa, eta demografiak eragindako arazo ekonomikoak.
Atzerrian, 1971n, Pakistanekin beste gerra bat piztu zelarik (1965ekoaren ondoren), Bangladeshen sorrera bultzatu zuen Indiak (Pakistan ekialdeko ohia). 1974an, lehen bonba atomikoa leherrarazi zuen Indiak. 1975ean, Sikkim eskualdearen anexioa egin zuen (Errepublikako hogeita bigarren estatua).
1975-1977 urteetan, arazo ekonomikoak eta protesta politiko gogorrak zirela-eta, larrialdiko egoera ezarri zuen Indira Gandhik, eta oposizioko militarrak atxilotu zituen. Oposizioko koalizio bat garaile izan zelarik 1977ko hauteskundeetan, Morarji Desairi utzi behar izan zion agintea. Baina estatuburu berriak ez zuen lortu ekonomiaren egoera zuzentzea, eta 1980ko hauteskundeetan Indira Gandhi izan zen, berriz ere, garaile.
Bigarren agintaldi honetan ekonomia hobeto joan zen, baina etnia eta erlijio desberdintasunek arazo handiak sortu zituzten, 1984an bereziki (sikhen altxamendua, Amritsarko Urrezko Tenpluaren erasoa, eta Indira Ghandiren beraren hilketa bi sikhen esku). Haren semea izan zen ondorengoa, 1984ko hauteskundeen ondoren.
1986an, Arunachal Pradesh eta 1987an, Mizoram eta Goa eskualdeak Indiako estatu bihurtu ziren. Nazioartean, Indiak Sri Lankako gobernuari lagundu zion separatista tamilen kontra (1987-1989). 1989an, ustelkeria salaketak eta bere alderdiak hauteskundeetan izan zuen porrota zirela-eta, R. Gandhik dimisioa eman zuen.
1989ko abendua eta 1991ko ekaina artean, Janata alderdiko bi gobernualdi izan ziren, baina ez batak ez besteak ez zioten irtenbiderik eman Punjabeko sikhen terrorismoari, ez Kaxmirreko musulmanen separatismoari. R. Gandhiren hilketaren ondoren (1991ko maiatza), Narasimha Rao, Kongresuko Alderdiko buruzagia, saiatu zen herrialdea Mendebalderantz zabaltzen eta ekonomia liberalizatzen.
Fundamentalismo hinduistaren gorakada –Bharatiya Janata edo Indiar Herriaren Alderdiaren (BJP) hauteskundeetako arrakasta da horren adierazgarri–, hinduisten eta musulmanen arteko istiluen sorburua izan zen (Ayodhyako meskitaren suntsipena, 1992ko abenduan). Indarkeria hori bi eratako gatazketan gauzatu zen: Indiako Errepublikaren egonkortasuna auzitan jartzen zutenak (Kaxmir, Punjab eta ipar-elkialdeko zazpi estatuetan zeuden istiluak: Arunachal Pradesh, Assam, Manipur, Meghalaya, Mizoram, Nagaland eta Tripura), eta Errepublikaren egitura politiko eta sozialari zegozkionak: muturreko hinduistek estatu laikoa kondenatzen dute, higikunde autonomistek lurraldearen zatiketa eragin dezakete, etab.
1996an, berriz ere legebiltzarreko hauteskundeetan BJP garaile izan arren, ezkerrezko eta zentro-ezkerreko alderdien Fronte Bateratuko buruzagia, Deve Gowda, izendatu zuten Lehen Ministro, baina Legebiltzarrean ez baitzuen gehiengorik, 1997an dimisioa eman zuen eta Kanpo Arazoetako ministroak hartu zuen haren lekua, Inder Kumar Gujralek.
Urte berean, aurreneko aldiz kastak bizirik dauden herrialde batean, ukiezin bat hautatu zuten presidente, Kocheril Raman Narayanan; ondoren, ordea, Lehen Ministroak dimisioa eman zuen eta Legebiltzarra desegin zen. 1998an hauteskundeak egin ziren, garaia baino lehenago, eta haietan lur jota geratu zen agintean zegoen ezkerreko Fronte Batua, PJPko hindu nazionalistek eta Sonia Ghandiren Kongresuko Alderdiak gora egin zuten artean.
Lehen Ministroak, Atal Behari Vajpayeek, pragmatismoaren bidetik, erreforma ekonomikoko plangintza bat jarri zuen abian; oztopoak izugarriak ziren ordea: produzkio aparatuaren ahultasun estrukturala, estatuaren funtzionamendua bera –gastu publikoa, funtzionario kopuru handiari, eta dirulaguntzen eta zorraren interesen zamari lotua, izugarria baita–, eta atzerritar inbertsoreen ikara, atzera egin baitute gobernuaren desadostasunak ugaltzen eta saio nuklearrak ez direla eteten ikusirik.
1999ko urtearen hasieran, misiolari bat eta bere bi semeak hil zituztelarik, eta ondoren Biharko estatuko 35 pertsona, erantzun gogorra izan zen nazioartean, eta ultranazionalisten protestak areagotu ziren, Lehen Ministroari egozten baitzioten irmotasun falta. Agintean hamairu hilabete eskas beteta erori zen gobernua. Hiru urte baino gutxiagoan, bosgarren aldiz geratu zen India gobernurik gabe. Oposizioak ezin zuelarik beste koalizio gobernu bat osatu, Kocheril Raman Narayanan presidenteak Legebiltzarra deuseztatu zuen, eta hauteskunde orokorrak iragarri zituen.
2014
aldatuIrailaren 23an, AEBak, Errusiak eta Europa ondoren India gehitu zen espazioaren kontrola bereganatzeko lehiara. Indiaren zunda 2013ko azaroaren 5ean abiatu zen espaizora, eta 300 egunean 670 milioi kilometro egin zituen, egun horretako goizaldean Marteko orbitara heldu zen arte[1]. Irailaren 26an, New Yorkeko Auzitegi Federalak deklaratzera deitu zuen Narendra Modi Indiako lehen ministroa, haren aurkako salaketa bat jaso ondoren. 2002an Gujarat estatuan musulmanen aurkako hilketak sustatzea egotzi zioten. Irailaren 29an, Barack Obamarekin biltzekoa zen Modi, Etxe Zurian[2].
Azaroan, tronpen lotura ebaketa egin ondoren 13 emakume hil ziren Indian. Arratoi-pozoia egon zitekeen emakumeen heriotzaren atzean[3].
Abenduaren 25ean jakin zenez, India ipar-ekialdeko borroka etnikoetan gutxienez 78 pertsona hil ziren. Gobernua bodo gerrillarien aurka borrokan hasi zen, Assam estatuko gutxiengoen aurkako ekintzetan parte hartu zutelakoan[4].
2015
aldatuUrtarrilaren 1ean, neskato bat bahitu eta bortxatzea leporatu zieten bi poliziari Indian. Neska etxetik ateratakoan, bi agenteek atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten bortxatzeko helburuarekin. Bi poliziek alde egin zuten[5]. Ustelkeria eta ekonomia ziren bere erronka nagusiak. Doikuntza fiskaletatik txiroenak laguntzeko aginduarekin eta ustelkeriaren aurka “nazio mailako akordio” bat egiteko proposamena egin zuen[6].
Urtarrilaren 3an, bi gizon antzeman zituzten Indian, turista japoniar bat bortxatzeagatik. Taldean ibiltzen ziren eta gida moduan jarduten zuten Japoniako turistei iruzurra eta estortsioa egiteko[7].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Indiak zunda bat jarri du lehen aldiz Marteren orbitan», Berria, 2014-09-24
- ↑ Deklaratzera deitu dute Indiako lehen ministroa, AEBetan, Berria, 2014-09-27
- ↑ «Arratoi-pozoia egon daiteke Indiako emakumeen heriotzaren atzean»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-15
- ↑ Adrian Garcia, «India ipar-ekialdeko liskar etnikoetan gutxienez 78 lagun hil dituzte», Berria, 2014-12-26
- ↑ «Neskako bat bahitu eta bortxatzea egotzi diete bi poliziari Indian», EiTB, 2015-01-02
- ↑ «Ustelkeria eta ekonomia, Dilma Rousseffen erronka nagusiak», EiTB, 2015-01-02
- ↑ «Bi gizon atxilotu dituzte Indian, turista japoniar bat bortxatzeagatik», EiTB, 2015-01-03