Heydar Aliev
Heydar Alirza oghlu Aliev (azerbaijaneraz: Heydər Əlirza oğlu Əliyev; errusieraz: Гейда́р Али́евич Али́ев Geydar Aliyevich Aliyev; Nakhitxevaneko SESA, Azerbaijango SES, Sobietar Batasuna, 1923ko maiatzaren 10a - Cleveland, Ohio, Ameriketako Estatu Batuak, 2003ko abenduaren 12a) politikaria izan zen. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) lehen ministro-orde ohia izan zen.
Kremlina iritsi baino lehen (1982), Azerbaijango Estatuko Segurtasun Batzordera (KGB) eta polizia erakundeetara lotuta egon zen haren karrera politikoa. 1964an, Tsvigun jeneralaren agindupean, Azerbaijango KGBko lehendakariorde izendatu zuten, eta Segurtasun Batzordeko Lehendakari 1967an. Karguan izan zen bi urteetan krimen antolatuaren aurka arrakastaz borrokatu izanaren ospea izan zuen.
1969an Azerbaijango Alderdi Komunistaren Idazkari nagusi izendatu zuten. 1982an Kirilenkoren lekua hartu zuen Politburon, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako zuzendaritzan. 1982ko azaroan SESBeko lehendakariorde izendatu zuten, eta sobietar gobernuaren kontseilari gero. 1987ko urrian, osasun arazoak zituela eta, Politburoko kargutik kendu zuten, eta bi urte geroago, 1989ko apirilean, Politburoko beste bi kide ohirekin batera, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Batzorde Zentraleko karguen dimisioa eman zuen. 1993an, Azerbaijanek independentzia eskuratua zuela, herrialde hartako lehendakari hautatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen 2003ra arte.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heydar Aliev |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.