Gulliverren bidaiak
Gulliverren bidaiak (1726), (Gulliver's Travels edo Travels Into Several Remote Nations Of The World, In Four Parts. By Lemuel Gulliver, First A Surgeon, And Then A Captain Of Several Ships), Jonathan Swift idazle irlandarraren eleberria da. Gizakiaren satira bat da, baita bidai liburuen parodia ere.
Gulliverren bidaiak | |
---|---|
Gulliverren bidaiak liburuaren lehen argitalpena | |
Datuak | |
Idazlea | Jonathan Swift (1726) |
Argitaratze-data | Londres, 1726 |
Generoa | Satira, fantasia |
Jatorrizko izenburua | Travels into Several Remote Nations of the World, in Four Parts. By Lemuel Gulliver, First a Surgeon, and then a Captain of Several Ships |
Argitaletxea | Benjamin Motte (en) |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Euskaraz | |
Izenburua | Gulliverren bidaiak |
Itzultzailea | Iñaki Mendiguren |
Argitaratze-data | 1990 |
Bilduma | Literatura unibertsala |
Orrialdeak | 328 |
ISBN | 8486399270 |
Euskarazko bertsioak
aldatuLiburu hau behin baino gehiagotan euskarara itzuli da. Irakur dezakegu, marrazki eta irudiez hornitutako bertsioren bat[1] Edo Elkar argitaletxearen eskutik, 'Urrezko klasikoak' bilduman, (2012), Iñaki Mendiguren Bereziartuk itzulitako bertsio oso bat.[2]ISBN 978-8490270370.
Argumentua
aldatuEleberria hurrengo lau zatitan banatuta dago:
I. zatia: Lilliputerako bidaia
aldatu1699ko maiatzaren 4 — 1702ko apirilaren 13
Liburua hitzaurre labur batekin hasten da: hor, Lemuel Gulliverrek, garaiko liburuen estiloarekin, bidaiak egin baino lehenagoko bere bizitzaren laburpena egiten du. Bidaiatzea asko gustatzen zitzaion sendagilea zen.
Lehen bidaia horretan, Gulliverren itsasontzia hondoratu eta gero, lehorrean agertu zen. Konortea berreskuratzean, gizakia baino hamabi aldiz txikiagoa zen jendearen preso ikusi zuen bere burua. Lilliput zen herria eta Blefuscu herriaren arerioa zen. Etsaitasunaren arrazoia arrautza egosiak nola kraskatu zen: liliputarrak alde estutik kraskatzearen aldekoak ziren (muturestuzaleak), eta blefuscutarrak, alde zabaletik (muturzabalzaleak).
Ondo portatuko zela hitza eman eta gero, etxebizitza bat eman zioten eta erregearen begiko bilakatu zen.
Liburuak Gulliverrek Lilliputeko gortean emandako aholkuekin jarraitzen du. Orokorki, ulertu da Swiftek trufa egin ziola George I errege ingelesaren gorteari. Gulliverrek lagundu zituen lilliputarrak blefuscutarrei irabazten gerra batean. Hala ere, uko egin zion Blefuscu Lilliputeko probintza bihurtzeari eta saldukeria egiteagatik salatu zuten. Lagun baten laguntzaz, Blefuscura joan zen, non txalupa abandonatu bat konpondu eta itsasoratu baitzen. Itsasontzi batek erreskatatu zuen itsasotik eta etxera eraman zuen.
Liliputarren eta blefuscutarren etsaitasunak Frantzia eta Ingalaterraren artekoa irudikatzen zuen. Halaber, etsaitasunaren zergatiek katolikoen eta protestanteen arteko eztabaida antzuak irudikatzen zituzten.
II. zatia: Brobdingnagerako bidaia
aldatu1702ko ekainaren 20 — 1706ko ekainaren 3
Gulliver Adventure itsasontzi zaharrean bidaiatzen ari zen. Ekaitz batek bere bidetik desbideratu zuen ontzia eta uharte batera (Brobdingnag) joan behar izan zuten uraren bila. Bidaiakideek Gulliver abandonatu zuten uhartean eta nekazari batek aurkitu zuen. Brobdingnageko jendea gizakia baino hamabi aldiz handiagoa zen. Nekazariak bere etxea eraman zuen eta bere alabaren ardurapean utzi zuen.
Nekazariak bitxikeria bezala tratatzen zuen eta diruaren truke erakusten zuen. Bere ospea handitu egin zen eta erreginaren belarrietara heldu zen. Erreginak Gulliver erosi zuen eta jauregira eraman zuen, nekazariaren alabaren ardurapean. Jauregian Gulliverrek abentura batzuk bizi zituen: liztor baten kontrako borrokatu zuen, tximino batek teilatura eraman zuen, eta abar. Halaber, Erregearekin eztabaidatzen zuen Europako egoerari buruz.
Itsasertzerako bidaia batean, arrano batek harrapatu zuen bera bizi zen kutxatxoa eta itsasora bota zuen. Arrantzale batzuek erreskatatu eta Ingalaterrara eraman zuten.
III. zatia: Laputa, Balnibarbi, Glubbdubdrib, Luggnagg eta Japoniarako bidaia
aldatu1706ko abuztuaren 5 — 1710eko apirilaren 16
Gulliverren itsasontzia piratek erasotu eta gero, abandonatua izan zen uharte txiki batetik hurbil. Zorionez, uharte hegalari batek, Laputa izenekoa, erreskatatu zuen. Laputa musika eta matematiken zale sutsuen erresuma zen, baina ez zekiten nola gauzatu jakunduria hori. Aparatua deitzen zuten gailua da ordenagailu baten itxura duen zerbaiten lehen aipamena literaturan. Halaber, Laputak harriak botatzen zituen lurrazaleko hiri matxinoen (Lindalino) gainean, eta hauxe da aireko bonbardaketa gerra metodo bezala agertzen den lehen aldia.
Gero, Gulliver Balnibarbira joan zen merkatari herbeheretar bat itxarotera, berarekin Japoniara eta handik Ingalaterrara joateko. Balnibarbi Laputako kontinentea zen. Han egon zen bitartean, herrialdea bisitatu zuen eta hondamendia besterik ez zuen ikusi emaitza praktikorik gabeko zientziatik etorrita. Orokorrean, Royal Societyren eta bere esperimentuen satiratzat hartu izan da hau. Halaber, Laputak Balnibarbi menderatzen zuen era Ingalaterrak Irlanda menderatzen zuen eraren kritika argia zen.
Glubbdubdribera joan zen geroago, non nekromantziazaleak bizi ziren eta pertsonaia historikoen mamuekin eztabaidatu ahal izan zuen historiari buruz.
Luggnaggera ere joan zen eta struldbrug jendearekin topo egin zuen, hilezkorrak zirenak. Azkenean, Gulliver Japoniara eta handik etxera itzuli zen, inoiz ez alde egiteko asmo sendoarekin.
IV. zatia: Houyhnhnmen herrialderako bidaia
aldatu1710eko irailaren 7 – 1715eko abenduaren 5
Nahiz eta etxean geratzeko asmoa izan, berriro itsasoratu zen. Bere ontzia pirata herbeheretar eta japoniarrek bahitu zuten, pirata bihurtzera behartzeko. Lehorrean abandonatu zuten eta han gizaki itsusi eta desitxuratu batzuk aurkitu zituen, biolentoak zirela uste zutenak. Geroago, zaldiekin topo egin zuen eta konturatu zen zaldiak zirela agintzen zutenak herrialde hartan. Zaldiak Houyhnhnm deitzen ziren euren hizkuntzan ("naturaren perfekzioa"); eta gizaki desitxuratuak, Yahoo. Houyhnhnmen gizartea baketsu eta ideala zen.
Gulliver zaldien taldekide bihurtu zen eta haien bizimodua miretsi eta kopiatu zuen, baita Yahoo jendea gorrotatu ere. Dena dela, Houyhnhnmen biltzar batean zera erabaki zuten: Gulliver, Yahoo adimentsua zena, arriskutsua zela zaldien zibilizaziorako eta, beraz, uhartetik kanporatu zuten.
Portugalgo ontzi batek erreskatatu zuen eta kapitaina jakintsu, adeitsu eta zintzoa zela ikusteak harritu zuen, berarentzat Yahoo bat besterik ez zelako. Nahiz eta etxera itzuli, ezin izan zen Yahooekin bizi. Zaldi bi erosi zituen eta zalditegitik atera gabe pasa zituen egunak, zaldiekin mintzatzen, bere emaztea eta familia saihesten, eta ingelesen gizartea gorrotatzen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Gulliverren bidaiak / [marrazkilaria, Mª Gracia Pastor ; itzultzailea, Miren Arratibel. ] Ttarttalo, 1999 ISBN 978-84-8091-575-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-21).
- ↑ Mendiguren Bereziartu, Iñaki. «Gulliverren bidaiak» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2024-10-21).