Esteban Garibai

euskal idazlea eta historialaria

Esteban Garibai Zamalloa (Arrasate, Gipuzkoa, 1533ko martxoaren 9a - Madril, 1599)[1] historialaria eta errege kronikaria izan zen. Lehendabiziko euskoiberistatzat du Julio Caro Barojak.[2] 1200ean Gipuzkoak eta Gaztelako Koroaren peko Nafarroaz kanpoko beste lurraldeek Gaztelarekin beren gogoz bat egin zutela babestu eta zabaldu zuen.

Esteban Garibai

Bizitza
JaiotzaArrasate, 1533 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMadril, 1599 (65/66 urte)
Hezkuntza
HeziketaSancti Spiritus Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria eta idazlea

Literaturaren Zubitegia: 540

Bizitza

aldatu

Oñatiko Unibertsitatean, Gasteizen eta Santo Domingo de la Calzadan egin zituen ikasketak. Gaztetan armadan izan zen, eta alferez titulua jaso zuen. Arrasateko alkate izan zen 1568-1569 bitarteko urteetan. Gipuzkoako egoerari buruz eginiko azterketen fruitu, Batzar Nagusien erreforma eta ontzigintzaren gainbehera aztertzen zituen hirurogei ataleko obra idatzi zuen urte haietan.

Diru estutasun batzuen ondoren, Filipe II.a Espainiakoak harrera egin zion Escorialen, eta erregeren liburuzain izendatu zuen 1575ean. 1585. urtean Madrila joan zen, eta historia eta genealogia lanak egin zituen han. Espainiako erregearen kronikari izendatu zuten 1592an. Garibaik ospe handia izan zuen bere garaian, baina ez zuten aintzat hartu XVII. mende erdialdetik aurrera, fantasiara erraz jotzen zuelakoan.

Idazle eta langile nekaezina zen, eta inork ez bezala ezagutzen zuen Euskal Herriko Erdi Aroaren bukaerako historia, nahiz, garaiak agintzen zuen bezala, Gaztelako erregeen alde egiten saiatu zen etengabe. Ez da Garibaik euskaraz eginiko testurik ezagutzen, baina esaera zaharren bilduma bi egin zituen, horietako bat Julio Urkixok Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian argitaratu zuena. Bere memorietan, gainera, Milia Lasturkoren eresia ere bildu zuen ahozko tradiziotik. Testu hauek guztiak Mendebaleko euskararen ekialdeko aldaeran dira, hots, orduko Arrasate ingurukoan.

Garibai hizkuntzalari, etimologista eta filologo gisa, Jose Ramon Zubiaurrek honela agertzen du:

« Garibai tubalismoaren eta euskokantabrismoaren jarraitzailea dugu. Hori dena frogatzeko toponimiaz baliatu zen gure arrasatearra, eta horretan datza bere merezimendua: toponimiari emandako garrantzian. […] Lehen nahiko normala zen etimologia txarrak asmatzea, eta Garibaik horrelakorik ere aurkezten digu bere obretan. Baina euskal etimologia onak proposatu zizkigula ere esan behar da behin eta berriz. […] Filologo baten lanik premiazkoena hizkuntza baten testuak jasotzea eta ondo transmititzea izan da betidanik, batez ere testu zaharrak. Garibai, Erdi Aroko euskal testuen lehenetariko biltzailea dugu »
Jose Ramon Zubiaurre, 1989, 50. orrialdea.

Idazlanak

aldatu

Gehien-gehienik gaztelaniaz idatzi zuen, baina euskararen funtsezko altxorretako bat ditugu hark bildutako eresia eta errefrauak. Era berean, Espainiako bere historia luzean euskarazko hitzen aipuak ere jaso dira, euskal gramatikari buruzko pintzelada batzuekin batera, eta balada zatiren bat edo beste leinu gerrekin zerikusia zuten gertaerak komentatzean.

Historialari gisa, Espainiako lehen historia unibertsala idatzi zuen, 40 liburukitan banatua, 32 urte zituela (Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España). Flandesen argitaratu zuen obra hura, 1571. urtean.

Erregearen zerbitzuan izan ondoren, dinastiarentzako genealogia lana apailatu zuen 1586anː Ilustraciones Genealógicas de los Catholicos Reyes de las Españas, y de los Christianissimos de Francia, y de los Emperadores de Constantinopla, hasta el Catholico Rey nuestro señor don Philipe el II, y sus sereníssimos hijos.

Errefrauak

aldatu
  • Los Refranes de Garibay: Garibaik esaera zaharren bi bilduma aipatzen ditu bere memorietan. Bata, Espainiako Historia Akademiak argitaratu zuen 1854an; bestea, Francisque Michelek argitaratu zuen, Proverbes Basques lanaren baitan (Benito Maestrek oparitu omen zion eskuizkribua Micheli). Eskuizkribuak Madrilgo Liburutegi Nazionalean zeuden, baina galduak dira.

Esteban Garibairen omenezko toponimia

aldatu
 
Arrasateko Garibai kalea.

Arrasaten badira haren izena duten hainbat leku, hala nola Garibai etxea, hari egindako monumentua eta Garibai etorbidea.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Esteban de Garibay y Zamalloa» Euskomedia (Noiz kontsultatua: 2017-02-14).
  2. Caro Baroja, Julio (1982) Sobre la lengua vasca y el vascoiberismo, Donostia, ISBN 84-7148-052-2.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu