Bakteriofagoak edo fagoak (labur esanda) bakterioak soilik kutsatzen dituzten birusak dira. 1915. urtean lehen aldiz aipatuak, egun ehunka fago ezagutzen dira. Ikerketa genetikoan funtsezko zeregina burutu dute, bakterioengan geneak klonatzeko oso erabiliak izan baitira.

Egitura

aldatu
 
Bakteriofago baten egitura

Bakteriofagoek egitura konplexua dute, gainontzeko birusekin alderatuta. Gehienetan bi zati bereizten dira: burua eta isatsa.

Bakterioefagoen burua ikosaedrikoa da, hots, prisma hexagonal baten itxura du. Buru horren barnean azido nukleikoa pilatzen da, oso bildua. Azido nukleikoa DNA izan ohi da.

Isatsa helikoidala da eta muturrean oinaldeko plaka du; plaka honetatik luzakin batzuk ateratzen dira, hankatxoen modura, bakterioei atxikitzeko balio dutenak.

Erreplikazioa

aldatu

Bakteriofagoek bi harreman mota izan dezakete bakterioekin:

  • harreman lisogenikoa: fagoaren DNA bakterioaren kromosoman integratzen da, profago moduan. Genoma birikoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da bakterioengan, une jakin batean berraktibatu arte. Hori gertatzen denean, profagoak bakterioaren genoma uzten du eta birus berriak sortzeari ekiten dio, bakterioaren lisisa eraginez.
  • harreman litikoa: fagoaren DNAk hasieratik bakterioaren genoma erabiltzen du birus berriak sortzeko. Hauek sortu ondoren bakterioaren suntsiketa edo lisisa gertatzen da, birus berriak kanpora ateratzen direlarik.

Bakteriofagoak eta bakterioen genetika

aldatu

Bakteriofagoek bakterioen arteko trukaketa genetikoa errazten dute transdukzioaren bitartez. Bakterio bat infektatzerakoan fagoak DNA zatiak harrapatzen ditu, beste bakterio batera pasatuko direnak bigarren hori infektatzen duenean.

Bestalde, ziklo lisogenikoa burutzerakoan zenbait fago lisogenikok ezaugarri genetiko berriak ematen dizkio bakterioari, eraldaketa lisogeniko deitutakoaren bitartez.

Azkenik, biologia molekularrean fagoak bektore gisa erabiltzen dira laborategian DNA zatiak bakterioengan sartzeko.

Erabilera terapeutikoa

aldatu

Bakterioak suntsitzen dituztenez, aspalditik proposatu zen bakteriofagoen erabilera tresna terapeutiko gisa. Bakterio askok antibiotikoekiko erresistentzia handia garatu dute, eta fagoen bidezko terapiak ate berria ireki du infekzioen tratamenduan, infekzio kronikoen kasuetan batik bat. Hainbat herrialdetan (Errusian, batez ere) bakteriofagoen erabilera terapeutikoa aspalditik dago abian [1].

Erreferentziak

aldatu
  1. Arponen, Sari: Es la microbiota, idiota. Ed. Alienta (2020), 288-289 orr. ISBN: 978-84-1344-068-2

Kanpo estekak

aldatu